Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-11-17)

Tokiko merkataritzarekin etxez etxe banatzeko proiektu pilotuaren aurkezpena

Parte hartzaileak. Maider Etxebarria, lehen alkateorde eta Ekonomia Sustapeneko zinegotzia; Garbiñe Ruiz, Elkarrekin taldeko zinegotzia; eta Diego Martínez de San Vicente, Gasteiz On elkarteko presidentea.
Eguna. Asteazkena, azaroak 17
Ordua. 10:00
Tokia. Udaletxeko prentsa-aretoa.

(*) Prentsaurrekoa baino hamar minutu lehenago, parte-hartzaileak Espainia Plazan egongo dira, komunikabide grafikoentzat.

————————————-

Prentsaurrekoa. Vitoria-Gasteizko III. Osasun Plana aurkeztea

Parte hartzaileak. Kirol eta Osasun zinegotzi Livia López; eta UPV/EHUko irakasle Unai Martin

Eguna. Asteazkena, azaroak 17

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

———————————————-

Prentsaurrekoa. “Swimming Pools” antzezlana aurkeztea

Parte hartzaileak. Camila Cecco eta Iara Solano, aktoreak; eta Sammy Metcalfe, musika eta testuen proiekzioa

Eguna. Asteazkena, azaroak 17

Ordua. 11:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

——————————————-

Dedicatum, Gasteizko hiriaren omenaldia pandemiari aurre egiteko gehien borrokatu duten kolektiboei

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran, eta udalbatzako ordezkariak

Eguna. Asteazkena, azaroak 17

Ordua. 19:00

Tokia. Europa Biltzar Jauregia, Maria de Maeztu aretoa

Share

Gasteiz Tolerantziaren aldeko Udalerrien Sarearen I. Topaketan

Bizikidetza eta Aniztasunaren zinegotzi Miren Fernández de Landak Tolerantziaren aldeko Udalerrien sarearen urteko lehen topaketan parte hartu du gaur. Bilera Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioaren egoitzan egin da, eta hitzaldiak eta 16 hiritako lantaldeak hartu ditu.

‘Tolerantziaren aldeko Udalerriak’ programa arduratzen da tokiko gobernuei erlijio-aniztasuna modu demokratiko, inklusibo eta pluralean kudeatzen laguntzeaz. Alde batetik, ikusarazi nahi du Udalek, erlijio-aniztasuna kudeatzean, Gutun batean jasota dauden oinarrizko printzipio eta helburuak aplikatzeko hartu duten konpromisoa; eta, bestetik, gutuna sinatu duten udalerriei, errealitate horren eguneroko kudeaketa hobetzeko beharrezko tresnak eta baliabideak ematen dizkie.

Pluralismo y Convivencia Fundazioaren ekimena da, Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioarekin lankidetzan, eta Deustuko Unibertsitateko Giza Eskubideen Institutuaren laguntzarekin.

 

 

 

Share

Gasteiz Hobetuz programako bozketarako leku bat jarriko du Partaidetza Zerbitzuak Loma Jeneralaren plazan

  • 4160 herritarrek hautatu dituzte dagoeneko egitea nahi luketen proiektuak, eta, aste bakarrean, aurreko edizioko botoen kopurua gainditu da.
  • Azaroaren 28ra arte egongo da zabalik bozkatzeko epea, eta Gasteizen erroldatutako 16 urtetik gorako edonork izango du aukera 128 proiektuen artean aukeratzeko.

 

Zabalik mantenduko du Gasteiz Hobetuz programak hiria hobetzeko ideien arteko aukeraketa egiteko epea, eta, gaurtik aurrera, bozkatzeko leku bat izango da kalean bertan. Loma Jeneralaren plazan jarritako zurezko etxolan, herritarrek proposatutako ideiak bozkatzeko gonbita egingo da bihartik aurrera, azaroaren 28ra arte.

Gasteiz Hobetuz programaren bitartez, hirirako hobekuntzak proposatzeko gonbita egiten zaie herritarrei. 2022ko eta 2023ko aurrekontuen kontura egingo dira hobekuntza horiek, hiru milioi euro erreserbatu baititu Udalak horretarako.

Hirugarren edizio hau orain arteko arrakastatsuena izan da, herritarren partaidetzari dagokionez, zentzu guztietan. Bozkatzeko epea hilaren 8an ireki zen, eta, aste bakarrean, 4160 pertsonek bozkatu dute dagoeneko. Programaren aurreko edizioan (2018-2019) guztira jasotako botoen kopurua gainditzen du zifra horrek. Izan ere, 3.368 boto jaso ziren orduan, denetara.

Gasteiz Hobetuz programaren edizio honek lehendik markatu du errekorrik, 315 ideia aurkeztu baitira, aurreko edizioan baino % 85 gehiago. Azkenik, 160 proposamenek igaro dute bideragarritasunaren iragazkia, baina 128 multzotan bildu dira. Udalaren webgunean kontsulta daitezke.

“Ondo erantzuten ari dira gasteiztarrak hiria hobetzeko ekimenari. Bozkatzeko leku hori jarriz kalean, are gehiago erraztu nahi dugu partaidetza, azaroaren 28ra bitartean. Herritar guztiak animatu nahi ditut beren lehentasunak adieraztera, aurkeztutako 128 proposamenen artetik hiru aukeratuz”, adierazi du Herritarren Partaidetzaren zinegotzi Borja Rodríguezek.

Bozketa-fasean, Gasteizen erroldatutako edonork balia dezake bere eskubidea, baldin eta 16 urtetik gorakoa bada, modu hauetakoren batean:

  • On line, Udalaren webgunearen bidez, herritarren udal-txartela edo ziurtagiri digitala baliatuz, identifikatzeko.
  • Aurrez aurre (hitzordurik gabe) herritarrei laguntzeko bulegoetan (gizarte-etxeetan, San Martingo bulego teknikoetan eta San Antonio kalean), Bizan Sareko zentroetan eta Loma Jeneralaren plazan jarritako etxolan.

Bozketaren emaitzatik proiektuak aukeratuko dira, aurrekontuan erreserbatutako 3 milioi eurora iritsi arte.

Proposamenen zabalkundea

Bideragarritasun-iragazkia pasatu duten pertsona askok bideoak bidali dituzte beren ekimena aurkeztu eta zabaltzeko (70 proposamen inguru). Udalaren webgunean eskuragarri daude bideo horiek ere. Loma Jeneralaren plazan jarritako etxolaz gain, informazioa-eskuorriak banatu dira proiektuei zabalkundea emateko, gizarte-etxeetan eta beste udal-espazio batzuetan —Bizan sarea, musika-eskolak, kiroldegiak eta abar—.

 

Aurreko edizioetako zifrak

Gasteiz Hobetuz programaren lehen edizioan (2017) 203 proposamen aurkeztu zituzten herritarrek. Horietatik 67 bideragarritzat jo ziren, eta bozketan sartu ziren. Azkenik, guztira 2243 pertsonak bozkatu zuren, hau da, 16 urtetik gorako biztanleen % 1ek.

Bigarren edizioan (2018-2019), 170 proposamen aurkeztu zituzten herritarrek. 72 jo ziren bideragarritzat eta 60 sartu ziren bozketan (multzo berean bildu ziren zenbait). Guztira, 3368 pertsonak bozkatu zuren, hau da, Gasteizen erroldatutako 16 urtetik gorako biztanleen % 1,61ek.

 

Share

11.000 lagunetik gora izan dira “World Press Photo” erakusketan

Erakusketa Gasteizera datorren 20. urtea izango da 2022a

 

Guztira 11.075 pertsona joan dira World Press Photo 2021 erakusketa ikustera; Gasteizko Montehermoso kulturuneko ur biltegian egon da ikusgai, hilabetez. Zehazki, urriaren 15etik azaroaren 14ra arte ikusi ahal izan dira irudi txundigarri horiek.

2021ean prentsa-argazkilaritzaren arloko munduko lehiaketarik garrantzitsuena irabazi duten 159 irudiak hartu ditu ur biltegiak. 28 herrialdetako 45 argazkilarik —horien artean 11 emakume— landutako beste horrenbeste istorio. Aurtengo edizioan 74.470 argazki aurkeztu dira, 130 herrialdetako 4.315 argazkilarik eginak.

“Erakusketara etorri diren gazteen kopuru handia azpimarratu nahiko nuke. Pandemiaren ondoren kulturak Gasteizen pultsua berreskuratzen hasi den adierazle ziurra da kopuru hori” adierazi du World Press Photoko koordinatzaile Paco Valderramak. “Hala ere, 2020ko egoera zailean, 6.660 bisitari izan zituen erakusketak” gaineratu du.

2022an World Press Photo erakusketak 20 urte beteko ditu jarraian Gasteizen.

Share

Vitoria-Gasteizek Itun Berdea Sariak banatuko ditu ostegunean, bere enpresen ingurumen-jardunbide egokiak aitortzeko

Topaketa Europa jauregian izango da eta Nicola Cerantola adituak ekonomia zirkularrari buruzko hitzaldia emango du bertan

 

Azaroaren 18an, ostegunean, Itun Berdearen X. Topaketa egingo da Gasteizko Europa jauregian. Bertan, baliabide natural gutxiago behar dituzten eta kliman eragin txikiagoa duten negozio-ereduetarako trantsizioan lan egiten duten Gasteizko enpresen ahalegina aitortuko da. 2021eko hiru “Itun Berdea” sariez gain, aurtengo ekitaldian 2020ko sarien banaketa ere egingo da, pandemiaren ondorioz bertan behera utzi behar izan baitzen.

Ohikoa denez, sariak hiru kategoriatan banatuko dira: mikroenpresa (1-9 langile), enpresa txikia (10-49 langile)eta enpresa ertain eta handia (50 langiletik gora). Zehazki, 22 enpresa lehiatuko dira 2020ko hiru sarietarako, eta beste horrenbeste 2021ekoetarako. Ehun pertsona baino gehiago hurbilduko dira Maria de Maeztu auditoriumean egingo den topaketara. 19:00etatik aurrera izango da, eta ekitaldian Gorka Urtaran alkatea eta Maider Etxebarria lehen alkateorde eta Ekonomia Sustapenerako zinegotzia ere izango dira.

Aurten, Nicola Cerantola adituak hitzaldia emango du. Cerantola, industria-ingeniaria, Ecologing aholkularitza-enpresaren sortzaile eta zuzendaria da, eta Nazio Batuen Erakunderako nazioarteko aditu produktuen, zerbitzuen eta negozio-ereduen diseinu zirkularraren alorrean. Ecocanvas metodologiaren sortzailea ere bada, eta Europako Green Deal bezalako tresnek enpresei eskaintzen dizkieten aukerei buruz hitz egingo du.

Itun Berdea sarien azken edizioan, 2019an, Goxaki, Luznor eta Exercicle (BH) enpresak izan ziren irabazleak.

Itun Berdearen X. Topaketaren programa (2021/11/18)

18:45. Bertaratutakoen harrera eta ongietorria.

19:00. Topaketaren inaugurazio ofiziala.

19:10. 2020ko ingurumen-jardunbide onenentzako “Itun Berdea” VI. sariak banatzea.

19:30. Nicola Cerantolaren hitzaldia: “Eredu birsortzaile baterantz: ekonomia zirkularreranzko aldaketa prestatzeko unea”.

20:00. 2021ko ingurumen-jardunbide onenentzako “Itun Berdea” VII. sariak banatzea.

20:15. Amaiera-ekitaldia.

Share