Prentsa Oharren banner

Huerta La Esmeralda, Siteco eta Zayer, Itun Berdea sarien irabazleak

Gasteizko Udalak 2020an bertan behera utzitako edizioko irabazleak ere saritu ditu, hau da, Ideolab, Nabla Wind Power eta Electra Vitoria-Orona

 

Gaur arratsaldean, ingurumen-arloko enpresa-erreferente berriak ezagutarazi ditu Gasteizek. Eta gaur gauean, Huerta La Esmeralda, Siteco eta Zayer enpresek jaso dituzte 2021eko Itun Berdea sariak, Europa jauregian, honako kategoria hauetan, hurrenez hurren: mikroenpresak (1-9 langile), enpresa txikiak (10-49 langile) eta enpresa ertain eta handiak (50 pertsona baino gehiago). Sari horien VII. edizioan 2020ko aitorpenak ere eman dira, pandemiaren ondorioz eman gabe geratu baitziren. Ideolab, Nabla Wind Power eta Electra Vitoria Orona izan ziren sarituak.

Alkate Gorka Urtaranek, lehenengo alkateorde eta Ekonomia Sustapenaren zinegotzi Maider Etxebarriak eta Enplegu eta Merkataritza zinegotzi Igor Salazarrek banatu dituzte sari horiek Itun Berdearen X. Topaketan. Ekonomia berde eta zirkularrarekin —hori funtsezkoa da klima-aldaketaren aurkako borrokaren erronkari aurre egiteko— konprometitutako enpresek gehien espero duten ekitaldietako bat da hori.

2020ko edizioari dagokionez, Ideolab enpresak paketatzearen arloan egindako ekarpenagatik saritu dute, Añanako gatzerako ontzi jasangarri bat diseinatu baitu. Nabla Wind Power enpresa, berriz, enpresa txikien kategorian saritu dute, haize-parkeen bizitza baliagarria luzatzeko proiektuagatik; Electra Gasteiz-Oronak, azkenik, bere igogailuen diseinuan ingurumen-ikuspegia txertatzeagatik jaso du saria.

2021eko edizioari dagokionez, Huerta La Esmeraldak mikroenpresentzako saria lortu du Gamarrako Ostalaritza Eskolako ekoizpen ekologikoagatik. Sitecok enpresa txikientzako 2021eko Itun Berdea saria lortu du, birmanufakturan oinarritutako lan egiteko modu berriagatik. Azken saria Zayer enpresak lortu du, ekodiseinuaren bidez makinen optimizazio termikorako planagatik.

Topaketan, halaber, sei akzesit eman dira (Andrómeda Top Sport, Vulcanizados Algor, Aratubo, La Jabonería Almendra, Taller de Pinchos y Tapas (La Cocina de Senén) eta Herdit) eta bi aipamen berezi (Euskal Herriko Unibertsitatearentzat eta Arabako Teknologia Parkearentzat)

Itun Berdea sarien azken edizioan, 2019koan, Goxaki, Luznor eta Exercicle (BH) enpresak izan ziren irabazleak.

 

 

Share

Prentsa-deialdiak (2021-11-19)

Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, azaroak 19

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

—————————————————-

Prentsaurrekoa. ‘Leihoak’ antzezlana aurkeztea

Parte hartzaileak. Teatro Paraíso taldeko zuzendari Pilar López; Rosa A. Garcia, egilea eta antzezlea; Jone Amezaga, antzezlea; eta Jesús Nieto, zuzendaritza

Eguna. Ostirala, azaroak 19

Ordua. 11:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

Share

Kirolaren eta jarduera fisikoaren arloan funtsezkoak diren 200 profesional eta eragile inguruk kirol-ekosistemaren etorkizunari buruz eztabaidatuko dute Europa jauregian

 

  • Euskadiko Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren VII. Biltzarrak besteak beste enpresa-, unibertsitate- eta federazio-arloetako erreferentziazko pertsonak izango ditu hizlari
  • Hitzaldi eta mahai-inguruez gain jarduera irekiak egingo dira, hala nola Inklusioaren eta Kirolaren Jaia

 

Kirol-(ECO)sistemaren ezinbesteko egokitzapena” lelopean, Euskadiko Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren VII. Biltzarrak Euskal Autonomia Erkidegoko kirolean eta jarduera fisikoan funtsezko diren 200 profesional eta eragile inguru bilduko ditu Europa jauregian. Hitzordua abenduaren 2an eta 3an izango da, iaz aurreikusitako biltzarra bertan behera uztera behartu baitzuen pandemiak. Hain zuzen ere, COVID-19a eta kirol-ekosistemak pandemiari erantzuteko abian jarri dituen egokitzapen-estrategiak izango dira eztabaidaren hiru ardatz nagusietako bat.

Hainbat arlotako adituek (unibertsitatea, enpresa, arlo digitala, federazioak eta administrazio publikoak), kirol-ekosistemaren egungo errealitatea eta etorkizuneko ikuspegiak aztertuko dituzte zenbait hitzaldi eta eztabaida-mahaitan. Kontzeptu hori gero eta entzunagoa da, eta kirolak giza-, gizarte- eta ekonomia-garapenaren motor gisa duen gaitasun guztia hartu nahi du kontuan.

Biltzarra bultzatzen duten erakunde nagusietako ordezkariek aurkeztu dute ekitaldia: Livia López, Kirol eta Osasun zinegotzia; Ana del Val, Kultura eta Kirol foru diputatua; Nekane Zeberio, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen zuzendaria; Axier Urresti, Vital Fundazioetako zuzendari exekutiboa, eta Iñaki Ugarteburu, Kirol Arlorako Iritzi Taldeko presidentea. “Gasteiz da horrelako kongresu baterako agertokirik onena, bertako instalazio-sarearen kalitateagatik eta tokiko kirol-ehunaren aberastasunagatik, horiek baitira kirol-ekosistemaren funtsezko bi faktore. Herritarrengandik hurbilen dagoen esparruan kirolerako planteatzen diren aukerak eta erronkak ezagutzeko oso hitzordu baliotsua hartuko dugu“, adierazi du Livia Lópezek.

Euskadiko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren VII. Biltzarra  abenduaren 2an (osteguna) hasiko da, kirol-ekosistemaren oinarriak aztertuz. OMEren aholkulari eta Granadako unibertsitateko irakasle Francisco B. Ortegak egingo du inaugurazio-hitzaldia, Jarduera fisikoari buruzko 2018-2030 aldirako munduko ekintza-planaren ildo nagusiak azaltzeko. Kirolaren eta osasunaren binomioan oinarritutako nazioarteko ekimen handienetako bat da plana.

Lehenengo blokea osatzeko, kirolaren finantzaketa publikoari buruzko ponentzia bat eta kirol-jardueraren hainbat esparrutako estrategia publikoei buruzko mahai-ingurua antolatu dira. Arratsaldean kongresuaren bigarren ardatzari ekingo zaio: kirol-ekosistemak pandemiarekin bizitzen nola ikasi duen erakutsi nahi da, zenbait adibide emanez.  Horretarako, EHUko Soziologia eta Gizarte Laneko irakasle Juan Aldazen hitzaldi bat izango da abiapuntu, zeinak 45 minututan laburbilduko baitu bi urteko pandemiak kirolean eta jarduera fisikoan izan duen eragina.

Jarraian, zenbait kasu arrakastatsuri buruz mintzatuko dira hiri aktiboen arloko kontsultore Juanma Murua ekonomialaria eta Volaviako CEO Joel Balagué –enpresa hori etxeko fitnessaren arloko Netflix dela jotzen da– ; lehenak kirol-ekosistemak ezinbestean egin behar izan duen berritzapena izango du hizpide, eta bigarrenak, urrutiko jarduera fisikoaren eraldaketa digitala. Hirugarrenik, Euskadiko Gimnastika Federazioko kide Judith Torralbak kirol federatuko online lehiaketako esperientzia berritzailea zertan izan den kontatuko du. Osteguneko jardunaldia amaitzeko, eztabaida-mahaia egingo da, fitnessaren sektoreko kirol-industriak pandemiara nola egokitu diren aztertzeko.

Abenduaren 3an (ostirala), biltzarreko hirugarren gai-multzoaren txanda etorriko da: etorkizuneko erronkak. España Activa Fundazioko Bizitza Aktibo eta Osasungarriaren Behatokiko zuzendari Alfonso Jiménezek emango du irekiera-hitzaldia, “Kirolaren ekosistemaren termometroa Espainian” izenburuaren pean. Ondoren, Espainiako Triatloi Federazioko lehiaketen zuzendari Jorge Garcíak errealitate berriaren aurrean ekitaldi handi bat nola antolatzen den azalduko du, adibide gisa Bizkaian egitekoa den Kirol Anitzeko 2022ko Europako Triatloi Txapelketa hartuta. Hirugarren hitzaldia Ana Vallejorena izango da. Kirol-erakundeen eraldaketaren arloko erreferentziazko profesionala da, eta garapen jasangarriaren helburuak kirolaren etorkizunean oso kontuan hartu beharreko tresna direla azalduko du.

Azken eztabaida-mahaian kirolaren tokiko kudeaketaren arloko hainbat profesionalek hartuko dute parte, eta kirol-zerbitzu eta -instalazioen iraunkortasun ekonomiko eta soziala jorratuko da bertan. Azkenik, EHUko Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedradun Juanjo Álvarezek emango du ixteko hitzaldia, kirolaren gobernantza-estiloaren aldaketari buruzkoa.

Biltzarreko gai-multzo bakoitzean interesa duten parte-hartzaileek komunikazioak eta esperientziak (jardunbide egokiak eta jardunbide arrakastatsuak) aurkeztu ahal izango dituzte. Programa sozial bat ere antolatu da, zeinean Inklusioaren eta Kirolaren Jaia nabarmentzen baita. Gaituz Sport-en koordinaziopean egingo da, abenduaren 3an, Santa Barbara plazan, 17:00etatik aurrera.

Euskadiko Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren VII. Biltzarrean izena emateko epea 2021eko azaroaren 28an amaituko da modalitate presentzialaren kasuan, eta azaroaren 30ean streaming modalitatean. Web-orri honetan eman daiteke izena:www.kiroleskola.net

INFO+: Euskadiko Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren VII. Biltzarra

 

Share

GIHen eta mugikortasun iraunkorraren politiken garapena partekatu du Gasteizek Bartzelonako Smart City Expo World biltzarrean

Ana Oregi alkateordea hainbat topaketatan parte hartzen ari da atzotik, etorkizuneko hiriei eta hiri-konponbide adimentsuei buruzko nazioarteko azoka honetan. 400 enpresa baino gehiago, 300 hizlari eta 100 herrialde baino gehiagotatik etorritako jendea bilduko ditu azoka horrek.

 

Aste honetan, etorkizuneko hiriei eta hiri-konponbide adimentsuei buruzko munduko hitzorduetako batean parte hartzen ari da Gasteiz, eta atzotik, hainbat eztabaida-forotan parte hartzen ari da Ana Oregi alkateordea, udalak garatutako politikak partekatzeko. Gaurko jardunaldian hirian garapen jasangarriko helburuen aplikazio eta garapenaren berri eman du Ana Oregik Tokiko Hiri eta Gobernu Batuen Mundu Kontseiluaren baitan antolatutako topaketa batean.

Eskualdeen Munduko Foroaren lehen bilera honen zioa kontinente guztietako eskualde-gobernuak tokiko eta nazioko gobernuekin, akademiarekin, gizarte zibilarekin, adituekin eta nazioarteko bazkideekin biltzea da, elkarrekin hiri eta lurraldeen ekosistema bat sortzeko, elkarrekin nola lan egin aztertzeko eta nazioarteko ahaleginak koordinatzeko, hartara etorkizun duina, erresilientea eta jasangarria eraikitzeko pertsonentzat eta planetarentzat.

Atzoko jardunaldian, Berrikuntzaren eta Teknologiaren Europako Institutuak (EIT) antolatutako saioan parte hartu zuen Ana Oregik. Bertan, hiri-mugikortasunaren etorkizuna eta etorkizuneko hiria definituko duten garraio-modalitateak izan ziren aztergai.

Ekimen hauek Smart City Expo World Congress biltzarreko nazioarteko azokaren baitakoak dira, aste honetan Bartzelonan 400 enpresa baino gehiago, 300 hizlari eta 100 herrialde baino gehiagotik etorritako jendea bilduko duen azokakoak.

 

Share

Urdinez argiztatuko ditu Gasteizko Udalak hiriko txoko eta eraikin sinbolikoenetako zenbait, Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatzeko

Urdinez argiztatuko ditu Udalak hiriko zenbait txoko eta eraikin sinboliko azaroaren 20an, Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna dela eta.

Hain zuzen ere, Udaletxearen fatxada, Arkupeko ibilbidea, Florida parkeko kioskoa eta Antso Jakitunaren kaleko eta Santa Barbara plazako pergolak argiztatuko dira, duela 42 urte Nazio Batuek Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena onetsi zutela ospatzeko, baita 30 urte lehenago landutako Haurren Eskubideen Adierazpen Unibertsala ere.

Ospakizun horrekin bat eginez, haur eta nerabeei tratu ona ematearen aldeko kanpaina abian jarriko du Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak.

“Haien eskubidea, gure konpromisoa” goiburua izango du, eta abenduaren erdialdera arte iraungo du, helburu duelarik gizarte osoa kontzientziatzea tratu ona ezinbestekoa dela haur eta nerabeak —biztanleriaren % 28 dira— zoriontsu izan daitezen, etorkizun hobea izan dezaten.

 

Hiru mezu

Hilabetez, hiru mezu zabalduko ditu kanpainak:

  • Zigorrek ez dute laguntzen. Zigor bortitz edo neurrigabeak ekidin behar dira, eta jokabide ezegokiei ondorio koherenteak aplikatu. Gurasoen erreakzio erasokorrek ez diete laguntzen seme-alabei emozioak kudeatzen.
  • Beren adinarekin koherente diren gauzak eskatu behar zaizkie haur eta nerabeei. Horregatik, inportantea da ulertzea nola hazten diren, zein jokabide dituzten.
  • Seme-alaben partaidetza sustatu behar da, familian erabakiak hartzeko orduan. Horretarako, inportantea da maitasun- eta komunikazio-harreman onak mantentzea.

Hedabideen bitartez helaraziko zaizkie mezu horiek herritarrei, eta kaleko informazio-panelen, Udalaren bideo-pantailen, sare sozialen eta gizarte-etxeetan eta eraikin publiko nahiz pribatuetan jarriko den informazio-materialaren bitartez.

 

Share

Gasteizek 200.000 euro inguru inbertituko ditu Sansomendi, San Martin eta Borinbizkarra auzoak bidegorriekin lotzeko

Udalak bizikleta bideak egingo ditu Oto hiribidean, Henry Morton Stanley eta Hans Christian Andersen kaleetan eta Euskal Herria bulebarrean  

Udal Gobernuaren eta Elkarrekin Vitoria-Gasteiz taldearen arteko 2021erako aurrekontu-hitzarmenaren emaitza da esku hartzea

 

 

Hirian bizikletentzako azpiegiturak gauzatzen jarraituko du Gasteizko Udalak. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak bidegorrien bidez lotuko ditu Sansomendi, San Martin eta Borinbizkarra auzoak, eta, horretarako, Oto hiribidean, Henry Morton Stanley eta Hans Christian Andersen kaleetan, eta Euskal Herria bulebarrean esku hartzeak egingo ditu. Kontratuaren aurrekontua 196.649,72 eurokoa da, BEZ barne, eta gauzatze-epea, 8 aste. Bizikleta sarea 1,5 km handituko da gutxi gorabehera.

Esku hartze hori Udal Gobernuaren eta Elkarrekin Vitoria-Gasteiz udal taldearen arteko aurrekontu-hitzarmenaren emaitza da. Hori dela eta, Tokiko Gobernu Batzarrak lanak burutzeko baldintza-agiriak onartuko ditu ostiralean.

Jarduketak aurreikusten du espazio publikoa berrantolatzea kale horietan, noranzko bakarreko eta biko bizikleta-erreiak izan ditzaten. Kasu batzuetan obra txikiak egin beharko dira.

Oto hiribidean, esku hartzea Sansomendi eta Francisco Leandro Viana kaleen artean egingo da, eta zirkulazio-errei bat kenduko da noranzko bakoitzean. Horri esker, bidegorri mota ezberdinak egin ahal izango dira, kalearen zatiaren arabera: noranzko biko errei bakarra, noranzko biko bi errei edo noranzko bakarreko bi errei. Gainera, bizikletentzako pasabideak margotuko dira galtzadan, segurtasunez gurutzatzeko.

Morton Stanley kalean, Ozeano Atlantikoaren eta Hans Cristian Andersen kaleen artean, ekialdeko lineako aparkalekua kenduko da. Mendebaldean, berriz, oinezkoentzako bi espazio galtzada bihurtuko dira, eta lorategi bat oinezkoentzako gune bilakatuko da. Horri guztiari esker, noranzko biko bidegorria jarri ahal izango da.

Hans Christian Andersen kalean, Ali Entitatea eta Oto hiribidearen artean, zirkulazio-errei bat kenduko da noranzko biko bidegorria egiteko.

Era berean, Euskal Herria bulebarra eta Oto hiribidea lotzeko bizikleta bidea egingo da, noranzko bakarreko errei bat jarrita galtzadan, ipar-hego norabidean.

Kontratuak hainbat lan aurreikusten ditu: seinale horizontalak aldatzea, berdeguneak finkatzea, eta zoladura kendu eta berria jartzea erabilera berrira egokitzeko.

“Jarduketa horiei guztiei esker, hiriko bizikleta-sarea zabaltzen jarrai dezakegu, eta orain arte existitzen ez ziren loturak sortuko ditugu. Mugikortasun eredu jasangarriagoa eta osasungarriagoa sustatzen jarraitzen dugu, Gasteizen bizikleta erabiltzearen aldeko apustua egiten dutenen bizitza errazagoa izan dadin”, azaldu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok. 

“Elkarrekin udal taldetik, Gasteizen bizikleta bidezko mugikortasuna sustatzen duten ekintzak bultzatzen jarraitzen dugu.  Esperientziak erakutsi digu, bidegorri-sare on bat dagoenean, herritarrek garraio jasangarri eta osasungarri hori aukeratzen dutela mugitzeko. Horregatik, urrats sendoak ematen jarraitu behar dugu, eta bizikletaren aldeko apustua egiten, gure Green Capitalaren ezaugarria baita”, nabarmendu du Oscar Fernándezek.

 

 

 

Share