Prentsa Oharren banner

[Argazkiekin eguneratua] Gasteizek mundu mailako lidergoa partekatzen du Glasgowko eta Edinburgoko Adierazpenen sinaduran COP26an

Alkateak klima aldaketaren aurkako borrokan hiriak duen konpromisoa berretsi du bere Nekazaritzako Elikagai Estrategiarekin eta udalerrian biodibertsitatea bultzatzeko proiektuekin

Alkatearen adierazpenak

Gasteizek munduko lidergoa partekatu du gaur Klimaren Goi-bileran, eta bi aldiz egin du. Gorka Urtaran alkatea, Ana Oregi alkateordea eta Imanol Zabaleta CEAko zuzendaria hiriaren ordezkari izango dira gaur COP26 biltzarrean.

Goizeko lehen orduan, alkateak Elikadurari eta Klimari buruzko Glasgowko Adierazpenaren aurkezpenean eta sinaduran parte hartu du, besteak beste, Eskoziako Udalak eta Eskoziako Gobernuak antolatutako topaketa batean. Gorka Urtaranek “gure konpromisoa azaldu du munduko komunitatearen aurrean, tokiko nekazaritzako elikagaien estrategiarekin eta tokiko 2030 Agendaren etorkizuneko ekintza-planarekin bat datorren elikadura-sistema baterantz aurrera egiteko. Nazioarteko ekimenak konpromisoa lortu nahi du klima-aldaketaren aurkako borrokan funtsezko tresna diren elikadura-politika integratuak bizkortzeko. Adierazpen honek mota eta tamaina guztietako tokiko agintarien konpromisoa bateratzen du, berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko konpromisoa hartzen baitugu. Agertoki horretan egon nahi eta behar du Gasteizek”, Gorka Urtaran alkateak nabarmendu du.

 

Hiriko Nekazaritzako Elikagaien Estrategian integratutako ekintzak, halanola udalerriko elikagaien fluxuei buruz egiten ari den azterketa (City Food Flows), adibide gisa erabili dira Udalaren eta CEAren politikak ikusarazteko, tokiko ekonomian, ingurumenaren eta ekonomiaren iraunkortasunean eta herritarren ongizatean eta osasunean eragina duten ekintzak diagnostikatu eta proposatzeko.

 

Elikadura eta Klimari buruzko Glasgowko Adierazpena (pdf): GlasgowES Adierazpena

COP26ren esparruan nazioarteko beste aurkezpen bat egin da geroago, baina oraingoan biodibertsitatearen galeraren aurkako borrokari buruzkoa eta Eskoziako Gobernuak bultzatua. Gasteiz Edinburgoko Adierazpena sinatu duten erakundeetako bat izan da; izan ere, alkateak eta Ana Oregi zinegotziak azaldu dutenez, “udalerria duela hamarkada batzuetatik hona biodibertsitatea berreskuratzeko eta mantentzeko politikak berritzen eta aplikatzen ari da, erreferente bihurtu dutenak. Eraztun Berdea da, oraindik ere, bereizgarri nagusia, eta, horretarako, hainbat estrategia erabiltzen dira: hiri-azpiegitura berdea, barneko eraztun berdea, Herrandarrak edo Alde Zaharra, edo ekimen berritzaileak, hala nola naturan oinarritutako soluzioen bidez lurzoru degradatuak berreskuratzeko proiektua (Mendebaldea), adierazgarririk onenak baitira”.

Edinburgoko Adierazpena (pdf) 

Share