Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-11-05)

Prentsaurrekoa. Taldegune aurkeztea

Parte hartzaileak. Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Canto; eta Taldeguneko arduradun Aitor Ruiz de Arbulo

Eguna. Ostirala, azaroak 5

Ordua. 10:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

Mugikortasun iraunkorraren bere eredua aurkeztu dio Gasteizko Udalak Bogota hiriari, ICEXek sustatutako bilera batean

Mugikortasun iraunkor eta osasungarriaren bere eredua aurkeztu dio Gasteizko Udalak gaur goizean Bogota hiriari. Gasteiz esparru horretako nazioarteko abangoardian jarri duten gakoak helarazi dizkio Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok Bogotako alkate Claudia Lópezi, Esportazio eta Inbertsioen ICEX entitate publikoak antolatutako topaketa batean.

Madrileko Paseo de la Castellana kaleko ICEX auditoriumean izan da bilera, eta bertan izan dira, era berean, Merkataritzako Estatu idazkari Xiana Margarida Méndez eta mugikortasunaren esparruko hainbat enpresaren ordezkariak.

Gasteizko Udalaren jarduerak azaldu ditu Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotziak bere mintzaldian, hala nola tranbia eta BEI abian jartzea, superetxadien ezarpena, hirian bizikletari emandako bultzada eta giza eskalako hiriaren eredua, non oinez eta bizikletaz egiten diren joan-etorriak bultzatzen baitira.

Share

409,4 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du udal gobernuak, Gasteizko gizartea eta ekonomia erabat suspertzea ardatz

 

  • % 5,52 igo da iazkoaren aldean, europar funtsen esleipenaren zain.
  • Herrandarren kalea eraberritzeko lehen faserako 6,5 milioi euro izango dira.

 

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Aurrekontuen dossierra

Pandemiaren unerik okerrena gaindituta, 2022. urtea Gasteizko ekonomia eta gizartea erabat suspertzeko urtea dugu. Helburu horrekin, Urtaranen gobernuak 409.447.291 euroko aurrekontu-proiektua prestatu du (457,8 milioiko aurrekontu bateratua, udal sozietateena eta erakunde autonomoena kontuan hartuz gero). 2021eko aurrekontuan baino 21,4 milioi gehiago, beraz % 5,52ko igoera globala, batez ere hauei esker: diru-sarrera propio gehiago sortzea (+ 2,5 milioi), FOFELaren hazkundea (+22,5 milioi) eta Aldundiak Herrandaren kalea berritzeko jarriko duen finantzaketa osagarria (+ 4 milioi). Lurzoruaren salmentagatiko diru-sarrerak, berriz, jaitsi egin dira iazkoarekin alderatuta.

Azken hamarkadako aurrekonturik handiena da, eta udalaren arlo guztietan nabarituko da. Langileen gastuak alde batera utzita, sail hauek nabarmentzen dira: Lurraldea eta Klimaren aldeko Ekintza, 50,85 milioirekin ( % 6,3 gehiago 2021ekoaren aldean); Gizarte Politikak, Adinekoak eta Haurrak 46,46 milioirekin (% 5 gehiago), Ogasuna 45,56 milioirekin ( % 3,6 gehiago) eta Mugikortasuna eta Espazio Publikoa 32,94 milioirekin (% 11,6 gehiago). Lau arlo horiek dute zuzkidurarik handiena aurrekontu-proiektuan.

Beste arlo hauetan ere bada funts gehiago: Ekonomia Sustapena, Enplegua, Merkataritza eta Turismoa  (3,2 milioi euro, iaz baino  %1,5 gehiago),  Hezkuntza eta Kultura (12,28 milioi, % 33,9 gehiago) edo Kirola eta Osasuna (9,48 milioi, % 8,5 gehiago), hiriko gizarte eta ekonomiari bereziki lotutako sailak.

“Aurreko bi urteetan pandemiak asko baldintzatu du ekonomia. Bi urte horietan, hiru lehentasun nagusitan egin behar izan dugu ahalegin handiena: osasuna, ekonomia eta ongizatea. Orain Agenda Gasteiztarreko lan ildoak berreskuratzeko unea da, gobernuaren sei konpromisoak Gasteiz Europako superhiri bihurtzeko. Horretarako, indar ekonomikoa duen aurrekontua aurkezten dugu, ekonomiaren eta gizartearen susperraldia bizkortzeko urteari begira” adierazi du Gorka Urtaran alkateak.

Maider Etxebarria lehen alkateordeak adierazi duenez “ funtsezko une batean gaude, eta Gasteizek egoerak eskatzen duen mailan egon behar du. Aurrekontu-proiektu honetan erresistentzia etapa atzean uztearen aldeko apustua egiten dugu, berraktibazio etapari ekiteko”. Ekonomia Sustapenerako zinegotziak azpimarratu egin du udalak baliabide ekonomiko gehiago behar duela datorren urterako, izan ere “Gasteiz hiri bizi eta dinamiko gisa finkatuko duen etapa berri bat ireki nahi dugu. Gizarte- eta kultura-bizitzaz betetako hiria, ekiteko erraztasunak eta familientzako, adinekoentzako eta haurrentzako espazioak eskaintzen dituena. Ia bi urteko erresistentziaren ondoren, gure hiriak pultsua berreskuratzea merezi du”.

 

45 milioitik gora inbertsioetarako  

Gizarte bizitzaren susperraldia kulturarako eta kirolerako aurrekontuen hazkundean edo hiriko ekitaldi handietarako –Tour 2023 edo Green Capitalaren X. urteurrena dira berritasun nagusiak– zuzkiduran islatzen bada, bizitza ekonomikoaren susperraldia inbertsioetara bideratutako diru-kopuruan. Udalak eta bere sozietate eta erakundeek inbertsio propioetara bideratuko dituzten 45.621.027 euroak proiektu ugaritarako erabiliko dira. Horien artean nabarmentzekoak:

  • Terrorismoaren biktimen oroimenezko Zentroaren ingurua eraberritzeko lanen bigarren eta hirugarren faseak: 1.200.000 euro.
  • Udalaren ondareko eraikinak mantentzea eta balioztatzea: 1.000.000 euro, besteak beste, Goya eraikinean esku hartzeko.
  • Principal antzokiaren eraikuntza-proiektua: 950.000 euro
  • Animaliak Babesteko Zentroa eraberritzea: 1.200.000 euro
  • Udal eraikinak birgaitzea: 800.000 euro

 

Agenda gasteiztarraren garapena

Aurrekontu-proiektuaren zati handi bat hartzen duten lau ardatz Agenda gasteiztarrean jasotako jarduerak garatzekoak dira: Hauek dira:

  • Hiriko azpiegitura berdeak:  Herrandarren kalea eraberritzeko lehen fasea da arlo honetako proiektu izarra, eta 6.500.000 euro bideratu dira horretarako.
  • Mugikortasun iraunkorra eta segurua: Agenda gasteiztarraren erronka nagusi honen hiru jarduketa jaso dira aurrekontuan: tranbia Salburura eta Zabalganera luzatzeatxirrindularien mugikortasuna eta terrorismoaren biktimen Oroimenezko zentroaren ingurunea eraberritzeko lanen bigarren eta hirugarren faseak; 4.917.450 euroko inbertsio globala.
  • Gaikako bilketarako eta birziklapenerako politikak: 2022an berrikuntza garrantzitsuak ezarriko dira, garbitzeko eta zaborrak biltzeko zerbitzu berria martxan jarriko baita. Garbiketa, bilketa eta birziklapen arloko jarduerek 41.364.698 euroko gastu bateratua egiten dute.
  • Trantsizio energetikoa bultzatzea: arlo honetako jarduketek, eraikinak birgaitzeak eta energia berriztagarrien plana, besteak beste, 1.365.000 euroko inbertsioa izango dute.

 

Europako funtsen zain, eta GIHekin lerrokatuta

Gasteizko udala europar funtsak eskuratzeko hainbat deialditara aurkeztu da, eta diru horiei esker hobetu egingo dira 2022ko aurrekontuko kopuruak (hainbat arlotako zifrak errekorrak dira dagoeneko). Ildo horretan, 3.760.956 euroko partida bat gaitu da baliabide propioekin, Europako funtsez balizko etorrera hori osatzeko Finantzatuko diren proiektuen aurrekontu osoaren % 10 (gehi beza) jotzen du kopuru horrek.

Bestetik, aipatu beharrekoa da garapen iraunkorrerako helburuen arabera sailkatu dela, lehen aldiz, aurrekontu-proiektua. 409 milioiak Nazio Batuen Erakundeak finkatutako 17 helburuetako 16tan banatuta daude. Zuzkidura handiena dutenen artetik hauek nabarmentzen dira:

  • 11. GIH – Hiri eta komunitate iraunkorrak: 98,9 milioi euro.
  • 16. GIH: Bakea, justizia eta erakunde sendoak; 90,4 milioi euro.
  • 10. GIH – Desberdintasunak murriztea; 38,1 milioi euro.
  • 3. GIH – Osasuna eta ongizatea. 32,7 milioi euro.

  

Bultzada handiagoa enpleguari, merkataritzari eta turismoari

2022ko aurrekontu-proiektua arloka banatuta, Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailak 13,2 milioi euroko aurrekontua izango du 2022an, aurten baino % 1,5 gehiago

Aurten ere enpleguak izango du diru gehien sail honetan, 7,9 milioiko aurrekontua 2022an. Hau da, ekonomia-sustapenerako aurrekontuaren % 60 enplegura bideratuko da, lehentasunetakoa baita EAJ-PSEren gobernuarentzat, zalantzarik gabe. Kopuru horretan sartzen dira Lanbide bidez kontratatzeko partidak, eragile ekonoimikoekiko hitzarmenak eta enplegua egonkortzeko udal deialdia. “Oso argi dugu: kalitatezko kontratazio berdinzale eta inklusiboaren aldeko apustua egiten dugu” adierazi du Etxabarriak.

Gainera, proiektu ekonomiko horretan Merkataritza eta Ostalaritza Zerbitzurako igoera ere bada, 1,5 milioi esleitu baitzaizkio, 2020an baino % 13,5 gehiago; Biltzar eta turismorako 1,4 milioi bideratzea ere proposatzen da, hau da, aurtengo ekitaldian baino % 11 gehiago.

Baliabide gehiago Hezkuntza eta Kulturarako

Etxebarriak azpimarratu du aurrekontu-proiektuko hazkunde nabarmenetako bat Hezkuntza eta Kultura Sailarekin lotuta egongo dela, 12,2 milioi euroko aurrekontua esleitu baitzaio, hau da, % 33,9ko gehikuntza. “Pandemiak ahalbidetzen badigu, kultura jarduera aliatu ezin hobea izango da enplegua sortzeko eta bizitza soziala berpizteko“, esan du zinegotziak. Ildo horretatik, Udalak jai ekitaldi handiak berreskuratzeko asmoa du, hala nola Inauteriak (125.000 euro) eta Andre Maria Zuriaren jaiak (800.000 euro). Jazzaldiak eta Azkena Rock Festival jaialdiak ere izango dute partidarik, 130.000 eta 380.000 euro, hurrenez hurren.

 

Aurrekontuaren ahaleginik handiena, pertsonak zaintzeko

Gizarte alorrera etorrita, Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak 46,4 milioi euroko aurrekontua izango du, hau da, ekitaldi honetan baino 2,2 milioi gehiago.

Etxean Laguntzeko Zerbitzuaren partida 2 milioi euro baino gehiago haziko da, 14,7 milioira iristeko, “egunerokoan laguntza behar duten pertsonek etxean bizitzen jarraitzerik izan dezaten“, azaldu du Etxebarriak.

Aurrekontu-proiektuak, besteak beste, helburu hauetarako partidak barne hartzen ditu: Florida parkeko Adinekoen Bulegoa (10.000 euro) eta Berpizkundearen plazako eguneko arreta zerbitzua (120.000 euro) irekitzea, eta Pilar auzoan adinekoentzako jantoki berria egokitzeko azterlana.

Laguntzen dagokienez, ia 10 milioi bideratuko dira udal prestazioetara eta gizarte larrialdietarako laguntzetara, beharra duten pertsona eta familiei sostengu emateko. “Beharrezko baliabideak jartzen ari gara pertsonen ongizatea bermatzeko, bereziki populazio sektore zaurgarrienei eta pandemiak gehien zigortutakoei laguntzeko, adinekoei eta baliabiderik ez duten familiei, esaterako”, erantsi du alkateordeak.

 

Herritarren Segurtasuna

Herritarren Segurtasunaren arloan, Udalak Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen ekipoak eta bitartekoak berritzen jarraituko du. Zehazki, handitu egingo dira suhiltzaileen jantzietarako eta ibilgailuetarako partidak, eta % 250 handituko da Udaltzaingoaren ekipoak berritu eta ordezteko partida.

 

Hona hemen 2022ko aurrekontuan leku garrantzitsua duten beste zerbitzu batzuk:

  • Gazteria: 638.804 euro gazte plan berria sustatzeko, baita aisialdi eta denbora libreko programetarako ere.
  • Berdintasuna: 550.000 euro Jabetze Feministarako Eskolarako edo indarkeria matxista prebenitzeko.
  • Bizikidetza: lehenengo aldiz, 25.000 euroko ekarpen ekonomikoa aurreikusi da Martxoak 3 Oroimenezkoa fundaziorako.
  • Euskara: Gasteiz Antzokia eta Euskararen Etxea martxan jartzeko 365.000 euro jaso dira aurrekontuan.

 

Kudeaketa hurbila, arduratsua eta irekia 

Azkenik, herritarren partaidetzaren sustapena azpimarratu beharra dago, hainbat ekimenen bidez. Horien artean nabarmengarriena Gasteiz Hobetuz programa dugu; une honetan, proposamenak aurkezteko fasea garatzen ari da, eta horretatik sortuko dira 2022an eta 2023an gauzatzeko proiektuak, orotara 3.000.000 euroko aurrekontua aurreikusi delarik.

Horretaz gain, datorren urtean E-administraziorako Plan Gidariari bultzada esanguratsua emateko asmoa du udal gobernuak, 2021ean 170.000 euro izatetik 600.000 euro izatera igaroko baita 2022an. Ildo beretik, hirukoiztu egingo da informatika-ekipoak erosteko partida, 600.000 euroraino.

 

 

 

 

Share

Azaroaren 19tik 28ra arte, Gasteizek Gaztefilm Fest jaialdiaren bosgarren edizioa hartuko du

Egitarauak 100 proiekziotik gora barne hartzen ditu, munduan gazte eta umeentzat ekoizten den zinemarik onena erakusteko asmoz

 

Zinhezba eta Kalakalab elkarteek antolatzen dute haur eta gazteentzako zinemaren GazteFilm Fest jaialdia. Bosgarren edizioan, publiko gazteenari zuzendutako programazio askotariko eta bizigarria antolatu dute. Azaroaren 19tik 28ra arte, munduko hainbat lekutan egindako 100 ekoizpenetik gora eskainiko ditu jaialdiak.

Proiekzioak hiriko zenbait auzotara zabalduko dira, leku hauetan izango baitira: Montehermoso kulturunea, Zabalganeko gizarte-etxea, Artium, Vital Fundazioa Kulturunea,  Baratza Aretoa, Sama eta Satélite taberna.

Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Vital Fundazioak babesten dute ekimena. Aurkezpen-ekitaldian Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok, Kultura eta Kirol foru diputatu Ana del Valek, Vital Fundazioaren zuzendari Arantxa Ibáñez de Opacuak eta GazteFilm Fest jaialdiaren koordinatzaile Helena González eta Ricardo del Condek hartu dute parte.

“Azken hamarkadetan, haur eta gazteentzako zinema asmo handirik gabekoa ikustetik benetako artelanez gozatzera igaro gara, zeinek bide batez gai garrantzitsuez sentsibilizatzeko ere balio baitute. Edizio honetan, besteak beste, identitatea, taldekidetasuna, aktibismo feminista, gazteen abortua edo zorionaren kontzeptua azalduko dira”, nabarmendu du Estíbaliz Cantok.

Umeek berek hartzen dute esku GazteFilm Fest prestatzeko fase ezberdinetan. Aurtengo edizioan 100 ekoizpenetik gora hautatu dira 2021ean mundu osotik igorritako 1.700 film labur eta luzeen artetik.

Jaialdia bi asteburutan banatuko da: azaroaren 19tik 21era arte, 3 eta 12 urte bitarteko umeentzako filmak eskainiko dira; hilaren 26tik 28ra, berriz, 12 urtetik gorakoei zuzendutakoak. 

“Gasteizko Udalak berriro ere sostengu emango dizue, umeei zirkuitu komertzialetan erakutsi ohi ez diren estreinaldiak helarazterik izan dezazuen. Ildo beretik, Gaztefilm Fest 2021 jaialdiak egindako proposamenetan parte hartzeko deia egiten diegu Gasteizko ume eta gazteei”, gehitu du Cantok.

 

Proiekzioak

Jaialdiak sei sail ofizial eta hiru erakustaldi barne hartzen ditu, eta publikoaren botoen bidez emango zaie GazteFilm Fest saria horietako bakoitzeko film labur eta luze onenei. Erakustaldietan, aldiz, nazioarteko jaialdietan bereziki nabarmendu diren filmak eskainiko dira.

Haurrentzako sail ofizialean (6 urtetik gora) film hauek proiektatuko dira: Linda Hambäck-en ‘Apstjärnan’, adopzioaren gaia oso ikuspuntu harrigarri batetik lantzen duena; Anne-Lise Koehler eta Éric Serre-ren ‘Bonjour Le Monde!’, animaliei eta haien berezitasunei buruzko dokumental fikzionatua; Susanne Finken-en ‘Zu weit Weg’, adiskidetasunari buruzko film dibertigarria, eta Jonh Sheedy-ren ‘H is for Happiness’, neska alai eta baikor batek munduarekin duen harreman bitxia kontatzen duena.

Gazteentzako sailean (12 urtetik gora) film hauek ikusi ahalko dira: Katerina Gornostai-ren ‘Stop-Zemlia’, protagonistak helduen mundurantz egiten duen bidaia erakusten duena; Fanny Liatard eta Jérémy Trouilh-en ‘Gagarine’, Yuri gazteak bere etxea eraits ez dezaten egiten duen borrokari buruzkoa; ‘Camila saldrá esta noche’ film argentinarra, protagonistarengan aktibismo feminista nola ernetzen den kontatzen duena, eta Suzanne Lindon-en ‘Spring Blossom’, lehen amodioei buruzko film luzea.

Film laburrei dagokienez, sail ofizialean 30 film baino gehiago eskainiko dira, lau multzotan banatuta, hartzaileen adinaren arabera.

Bi sail berezi ere izango dira, talentu berriak ezagutarazteko: ‘Umeek egindako zinema’ eta ‘Gazteek egindako zinema’; azken sail hori berria da, eta mundu osoko parte-hartzaileek zineman egiten dituzten lehenengo urratsak ezagutzeko aukera emango digu.

Sail ofizialetik aparte, GazteFilm Fest jaialdiak askotariko filmen erakustaldia eskaintzen du. Urtero bezala, Sail Txikian 3 urtetik aurrerako umeentzako film laburren programa izango da, ‘‘Inconfundibles’ izenekoa. Horretaz gain, ‘El libro de Lila’  film luzea eskainiko da; ekoizpen kolonbiar-uruguaitar hori animaziozko film samurra da, bere mundutik kanpo harrapatuta geratu den ipuinetako pertsonaia bati buruzkoa.

Umeentzako beste bi filmek osatzen dute sail hori: Clémence Madeleine-Perdrillat eta Nathaniel H’limi-ren ‘La vie de Chateau’, adiskidetasunari eta maitasunari buruzko film labur zoragarria, eta Joann Sfar-en ‘Le Petite Vampire’, munstro talde batekin bizi den banpiro txiki baten abenturak kontatzen dituena.

Gazteentzako sailean, film hauek ikusi ahalko dira: Stefano Cipiani-ren ‘Mio Fratello rincorre Dinosauri’ (Europako Zinema Akademiaren gazteen saria 2020an), zeinaren protagonistak ez baitu ongi hartzen bere anaiak Down sindromea izatea, eta Eliza Hitman zinemagilearen ‘Never, Rarely, Sometimes, Always’ film sendoa, gazteen abortuari buruzkoa.

Programa berezietan, berriz, zinema egiteko beste modu batzuk ezagutarazteko aukera ematen da. Horien barruan, sail hauek nabarmentzen dira: Dominique Jonard-en ‘Espirales hacia el futuro’ film laburren multzoa, Mexikoko haur indigenen iruditeria animazioen bidez erakusten duena; Zinetika bideo-dantza jaialdiak ‘Historias en Movimiento’ izenburuaren pean proposatutako film laburren hautaketa, eta bitxikeriak biltzen dituen ‘Periferikoak’ programa.

Bestetik, aurreko edizioetan bezala, beste zinema jaialdi batzuekiko sareak sortzen jarraitu nahi da: aurten, Zinetika jaialdiarekin eta Portugaleko Play jaialdiarekin.

Bosgarren edizio honetan, Jesus Guridi Musika Kontserbatorioaren laguntza izan dugu berriz ere, oso proiektu berezi batean: GazteFilm Fest-ek Bingen Mendizabal musikagile eta musikari gasteiztarra gonbidatu zuen jatorrizko soinu-banda bat konposatzera, eta azaroaren 19an, 19:00etan, zine klasikoko emanaldi batean estreinatuko da.

 

Lantegiak

Neurri batean, haur eta gazteekin egindako lantegiei esker eraikitzen da GazteFilm Fest. Programazio lantegian, ikastetxeek jaialdiaren programazioa erabakitzen hartzen dute parte; bikoizketa lantegian, berriz, jaialdian ematen diren filmak bikoizten dira, eta batzuetan zuzenean egiten dira bikoizketa saioak.

Aurten, gainera, parte hartzeko eta trukatzeko lantegi bat proposatuko da, ‘Mugatik Korrespondentzia’ izenekoa, eta publikoari irekitako lantegia, ‘Gira Biran, Zine Zinetikoa’, Mel Arranz artistarekin; azken horretan, 9 eta 13 urte bitarteko umeek film labur bat landuko dute jaialdiak irauten duen bitartean.

Proiekzioen sarrerek 3 euro balioko dute, eta www.gaztefilmfest.com web-orrian erosi ahalko dira, edo proiekzioa baino 30 minutu lehenago, jaialdiaren egoitzan.

Informazio gehiago           

 

 

 

 

Share