Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-11-15)

Enpleguaren IV. Kongresua inauguratzea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Astelehena, azaroak 15

Ordua. 9:30

Tokia. Europa Biltzar Jauregia, Maria de Maeztu entzun-aretoa

————————————————-

Prentsaurrekoa. Eguberrietako Udal Antzoki Sareko programa aurkeztea

Parte hartzaileak. Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Canto; eta Udal Antzoki Sareko arduradun Marta Monfort

Eguna. Astelehena, azaroak 15

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

————————————–

Minbiziaren aurkako autobusa aurkeztea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta Arabako Minibiziaren aurkako Elkarteko presidente Patxi Ormazabal

Eguna. Astelehena, azaroak 15

Ordua. 11:00

Tokia. Andre Maria Zuriaren plaza

Share

Asteburuko aurreikuspenak

Ostirala, azaroak 12

– Gorka Urtaran alkatea, Igor Salazar Merkataritza eta Enplegu zinegotzia eta Miren Fernández de Landa Berdintasun zinegotzia Umbra Ligth Festival jaialdiaren inaugurazioan izanGO dira, 19: 00etan, Andre Maria Zuriaren plazan.

– Gorka Urtaran alkatea eta Marian Gutierrez Herritarren Segurtasunerako zinegotzia Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartearen ongintzazko afarian izango dira, 21:00etan, Canciller Ayala hotelean.

Azaroak 13, larunbata

– Miren Fernández de Landa Berdintasun zinegotziak Euskadiko Gorren IV. Elkartze Foroan parte hartuko du, 11: 00etan, Zabalganako gizarte etxean.

Azaroak 14, igandea

– Kirol eta Osasun zinegotziak, Livia Lópezek, Arabako Diabetes Elkarteak (ADA) antolatutako XII Caminata “Caminando por los avances en diabetes” ekitaldian parte hartuko du. 12: 00etan abiatuko da Arka plazatik.

Share

Zerga-sistemaz kanpoko izaera publikoko ondare-prestazioa izango da aurrerantzean uraren tasa

Gasteizko Udalaren uraren ziklo integraleko udal zerbitzuen zerga-sistemaz kanpoko izaera publikoko ondare-prestazioaren ordenantza lokalaren proiektua onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak. Ordenantza bakarrean bildu dira ur-hornikuntzaren, ur-arazketaren eta estolda-sarera isurtzen diren ur zikinen saneamenduaren tarifak, eta AMVISAk ematen dituen Udalaren titulartasuneko gainerako zerbitzuenak. Orain arte, bi ordenantzatan banatuta zeuden zerbitzu horiek, eta, beraz, hartutako erabakiaren lehen abantaila araudia bateratzea izango da.

Uraren tasa zerga-sistemaz kanpoko ondare-prestazio bihurtzen delarik, gainera, uraren ziklo integralari lotutako zerbitzu guztiak ahalik eta modurik egokienean ematen direla ziurtatuko da, horiek emateak berekin dakartzan kostuen finantzaketa bermatzen delarik. Horretara moldatzen ari baitira administrazio lokalak, uraren zuzentarau orokorra betetzeko, helburutzat harturik aurrezpena eta kontsumoen murrizketa bultzatzea.

AMVISAko administrazio-kontseiluak joan den uztailean hartutako erabakiarekin bat etorriz, uraren 2022ko tarifak biltzen ditu ordenantza berriak. Etxeko kontsumoan ia ez da aldakuntzarik. Hiru hilean 10 m3-tik beherako kontsumoa duten etxeetan ez da igoerarik izango, indarrean dauden prezioen aldean. Hiru hilean 9 eta 36 m3 arteko kontsumoak dituzten kontratuek hilean 14 zentimoko tarifa-igoera izango dute, eta hiru hilean 36 m3-tik gorako kontsumoa duten etxeetan, berriz, hilean gehienez 1,78 eurokoa izango da igoera.

Tokiko Gobernu Batzarrak gaur hartutko erabakia Ogasun Batzordeak eta udalbatzak berretsi beharko dute, behin betikoz indarrean jar dadin.

Share

Aurrekontuen gaineko negoziazioari ekin dio alkateak, ahalik eta akordiorik zabalena lortzeko asmoz

Negoziazio-fasean sartu da Gasteizko Udalaren 2022ko aurrekontuen proiektua. Kontuen aurkezpen orokorra egin ondoren, eta orobat gobernu-arloz arlo aurrekontu-konpromisoak xehatzeko zinegotzien agerraldiak, Gorka Urtaran alkateak iragarri du udal talde politikoekin elkarrizketatuko dela, akordioa lortzen ahalegintzeko. Gaur goizean bertan hasi ditu bilkura horiek, aurreko urteetan aurrekontuetan bazkide izan duen Elkarrekin taldearekin elkartu delarik. Gasteizko gizartearen eta ekonomiaren susperraldia helburu nagusi duen kontu-proiektu baten inguruko planteamendu politikoak ezagutzea xede duten lehen kontaktuak izango dira.

“Alkatea naizen aldetik, aurrekontua aho batez onar dadila nahiko nuke. Eta aho batez ezin bada, ahalik eta talde gehienek bat eginda. Guztiak kontuan izan behar ditugu; bereziki, ekarpenak egin, lagundu eta akordioak lortu nahi dituztenak”, adierazi du Gorka Urtaranek.

2022ko aurrekontuen proiektua 409,4 milioi eurokoa da, hau da, iazkoa baino % 5,52 handiagoa, eta atzo ekin zitzaion herritarren partaidetzaren fasea, entzunaldi publikoan aurkeztu zelarik. Gaur hasi eta azaroaren 25era bitartean, auzogune eta elkarguneen aparteko bilkurak izango dira, partaidetza-organo horiei aurrekontu-proiektuaren alderdi guztien berri emateko.

Share

Udaleko osoko bilkuraren herritarren txandan parte hartu ahal izango dute elkargune eta auzoguneek  

  • Udalbatzaren araudia aldatzeko proiektua aurkeztu du udal-gobernuak, Herritarren Partaidetzaren Planean hartutako konpromisoa betetzeko.

 

Herritarren Parte-hartzearen Araudi Organikoa eta, horrenbestez, Udalbatzaren Araudi Organikoa aldatzeko proiektua onetsi du gaur Gasteizko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak, Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen Saileko zinegotzi Borja Rodríguezek hala eskatuta.

2020-2023 aldirako Herritarren Partaidetzaren Udal Plana landu zuen udal-gobernuak, udalbatzako gainerako kideekin adostuz, eta 2020ko otsailean onetsi zen. Partaidetza udalerriko ardatz estrategikotzat jo zen plan horretan, eta bertan adierazten da araudian jasoko dela partaidetza-organoek Udaleko osoko bilkura mozioak zuzenean aurkezteko aukera. Konpromiso hori beteko du orain gobernuak, bi araudi horiek aldatzeko proiektua aurkeztu duelarik.

“Aldakuntza horrekin, elkargune eta auzoguneetan parte hartzen dutenek aukera izango dute Udaleko osoko bilkuretako herritarren txandara agertzeko eskabidea egiteko, lehendik erabiltzen duten gainerako herritar-entitateekin batera”, nabarmendu du Borja Rodríguez zinegotziak.

Gasteizko Udaleko herritarren partaidetza-organoak, hots, elkargune eta auzoguneak, herritarrek gobernuaren erabakiak hartzen eta Udalaren administrazioan benetan parte hartzen dutela bermatzeko tresna eta bideak dira, eta, kontuan izanik Udalak eskubide hori bermatu beharra daukala, eta bitartekoak jarri, baliatzerik izan dezaten, Herritarren Parte-hartzearen Araudi Organikoaren 44. eta 56. artikuluak aldatuko dira, organo horiek erregistro ofizialetan izena emanda daudenen maila berean egon daitezen.

 

Share

Atxilotua erosketa billete faltsu batekin ordaintzen saiatzeagatik

Udaltzainek 38 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo iruzur-delitu baten ustezko egilea izateagatik.

Guztia Simon de Anda kaleko saltoki batean gertatu zen, bezero bat ustez faltsua zen 50 euroko billete batekin erosketa ordaintzen saiatu zenean. Bertaratu zen patruilak egiaztatu zuen billetea ez zela legezkoa. Udaltzainak galdezka hasi zirenean, gizonezkoak onartu zuen halako gehiago zituela eta beste hamar atera zituen. Ondorioz, atxilotu egin zuten.

 

Errekisitoria judiziala 

Udaltzainek bart gauean Gasteizko epaitegi bateko errekisitoria judiziala zuen 20 urteko gazte bat atxilotu du. Errekisitoria gizonezkoa bilatzeko, atxilotzeko eta epaitegira eramateko zen. Hortaleza kalean hainbat pertsonarekin lotuta udaltzainek egin zuten esku-hartze baten baitan gertatu zen identifikazioa. Esku-hartze hartan, substantzia estupefazienteak konfiskatu zituzten.

Share

5+11 Fundazioarekiko hitzarmenak itxiko du kirol-sare lokalarekiko aurtengo akordioen blokea

  • 800.000 eurotik gora inbertitu ditu Urtaranen gobernuak aurten, kontzeptu horretan

 

5+11 Fundazioarekiko lankidetza-hitzarmena onetsi du Gobernu Batzarrak, 2021-2022 denboraldian saskibaloi-jarduerak sustatzeko. Ekimen horri esker, kirol horren inguruko hainbat sustapen-, prestakuntza- eta zabalkunde-jarduera ireki egingo dira, hala nola udako, Gabonetako eta Aste Santuko campusak, udako 3×3 txapelketa eta prestakuntza jardunaldi teknikoak.

Era berean, 5+11 Fundazioak klub lokaletako 25 talderekin lankidetzan jardutea ahalbidetuko du hitzarmenak, baita hainbat gizarte- eta sustapen-jarduera ere, hala nola lehen taldeko jokalariek ikastetxe, ospitale, Bizan zentro, gizarte-etxe eta abarretara bisitak egitea. 121.295 euroko ekarpena egingo du Udalak horretarako.

Hitzarmenaren bitartez, kirol-sare lokalaren jarduna sustatzeko akordioen urteko blokea itxiko da. Ildo beretik, dibertsitate funtzionala duten kolektiboei zuzendutako jarduera fisikoko kanpainak garatzeko elkarte eta entitateekin egingo diren hitzarmenak onetsi ziren joan den astean, 202.764 euroko zenbatekoa egiten duten lau akordio. Era berean, egun horretan bertan onetsi zen Arabako Euskal Pilota Federazioaren jarduerei laguntzeko hitzarmena, 25.500 eurokoa. Talde lokalei beren espezialitateetako lehen mailetan laguntzeko hitzarmenek —Zuzenak, Araski— 112.625 euroko zuzkidura izango dute.

Aldi berean, duela bi aste, jarduera fisikoak eta kirol jarduerak burutzeko dirulaguntza-deialdia onetsi zen, guztira 346.267,52 euroko zenbatekoarekin. Kontzeptu horiek guztiak batuta, 808.451 euro bideratu ditu Urtaranen gobernuak entitate, klub eta elkarte lokalen bitartez kirola sustatzera.

Share

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluarekiko hitzarmena, gazteentzako politiken diseinuan partaidetza sustatzeko

Hainbat lankidetza-harreman izan dituzte Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuak eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak azken urteetan. Gaur goizean, bi eragile horien arteko hitzarmen berria sinatzea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, herritarren partaidetza sustatzeko, gazteentzako politiken diseinuan. 10.500 euroko ekarpena egingo du Udalak, proiektu horretarako.

Erakundeak bere 35. urteurrena ospatzen du aurten, eta Gazteriaren Zerbitzuarekin lankidetzan ibilbide sendoa du. Lankidetza hori 2014. urteaz geroztik sendotu da, urte horretan sinatu baitzen lehen lankidetza-hitzarmena.

Urte hauetan, ekintza ugari egin dira Gasteizen EGKrekin batera, herriko gazteekin eta gazteentzat: gazte Astea, Hiriburuak, aisialdiko gazteen prestakuntza, topaketetan parte hartzea sustatzea (Pirinioez gaindiko foroa), kalitatezko enplegua sustatzea (enplegu berriak eta gazte ekintzaileen lan-poltsak sortuz) eta beste ekimen ugari.

Akordioaren arabera, Euskadiko Gazteria Kontseiluak dinamizatuko ditu gazte-entitate eta -kolektiboekin egingo diren bilkurak, ‘Erronka: Gazteak’ Gazte Planaren barruan. Bilkura horietan, Arabako hiriburuan bizi diren gazteen beharrak hautemateko lan egingo da. Eta, hortik abiatuta, hobekuntza-proposamenak egingo dira. Orobat sustatuko dira ordezkari politikoen, teknikarien eta hiriko gazteen arteko truke-espazioak. Gazteen prestakuntzan, maila desberdinetako parte-hartzean eta interesgarritzat jotzen diren gai guztietan lan egiten jarraituko da.

 

 

Share

Miren Agur Meabe eta Aiora Jakak lortu dituzte haur eta gazte literaturako ‘Vitoria-Gasteiz’ sariak

2002 urteaz geroztik, Vitoria-Gasteiz Sariak ematen ditu Gasteizko Udalak, Euskara Zerbitzuarenbitartez, haur eta gazte literaturako lanen euskararako itzulpen onenak aintzatesteko. Oraingo honetan, 18. edizioan, Miren Agur Meabe eta Aiora Jaka itzultzaileek irabazi dituzte sariak. Hala berretsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, gaur goizean. Lan bakoitzak 9.000 euro eskuratuko ditu.

Ibon Martinen ‘Onin y El Secreto de las Brujas’ liburuaren itzulpenagatik lortu du saria Aiora Jakak, eta 9.000 euro eskuratuko ditu.

Miren Agur Meabek, ordea, César Mallorquíren ‘El Círculo Escarlata’ren itzulpenagatik lortu du saria. 9.000 euro eskuratuko ditu ere.

Guztira 16 lan aurkeztu dira aurten Vitoria-Gasteiz Sarietara. 10 haur literaturaren kategorian. Hauek izan dira epaimahaikoak Karlos del Olmo Serna, Aintzane Atela Gurrutxaga,  Ainara Ruiz Benito, Miren Ibarluzea Santisteban eta  Karlos Zabala Oiartzabal. Bai Aiora Jaka eta baita Miren Agur Meabe aurreko urteetan ere sarituak izandakoak dira.

 

Share

Bostehun lekutik gora udazken eta neguko “Kirol bidean” kanpainan

Udazken eta neguko “Kirol bidean” kanpaina abian jarri du Udaleko Kirol Zerbitzuak. Ekimen honen bitartez kirol-jarduera bultzatu nahi da 12 eta 30 urte bitarteko gazteen artean. Kanpaina honetan 10 proposamen desberdin egin dira, snowboard eta espeleologia, besteak beste, eta 540 leku daude, guztira. Datorren astelehenean, azaroak 15, hasiko da larunbat eta igandeetarako antolatutako jardueretan izena emateko epea. Asteburu bakoitzeko jardueretarako izen-ematea aurreko asteartean itxiko da.

“Kanpaina honekin kirola praktikatzeko eskaintza egiten zaie gazteei, urte sasoi honetara egokituta dauden eta arrakasta handia izaten duten espezialitateak eskainita. Neguko kirola egiteko irteera-multzo handia dago, baita sedentarismoa saihestu eta kirola egiteko aukera ugari ere” adierazi du Kirol eta Osasunaren zinegotzi Livia Lopezek.

Aurrekoetan bezala, bi adin-tarte ezarri dira: 12-17 urte bitartekoentzat, eta 18 eta 30 urte bitartekoentzat. Jarduera batzuk bigarren adin-tartekoentzat bakarrik dira, maila aurreratukoak izateagatik. Hauek dira “Kirol Bidean” kanpainak datozen hilabeteetarako prestatutako jarduerak:

  • Snowboard-a: Candanchura irteerak urtarrilaren 22an eta otsailaren 13an.
  • Elur-erraketak: Candanchura irteerak urtarrilaren 22an eta otsailaren 13an.
  • Neguko mendi-teknikak: Roncalia estaziora irteerak, urtarrilaren 30ean eta otsailaren 20an.
  • Eski nordikoa: Roncalia estaziora irteerak urtarrilaren 30ean eta otsailaren 20an
  • BTT: Izkiko Parke Naturalera irteera martxoaren 13an
  • Espeleologia: Mairulegorretan, otsailaren 5ean eta martxoaren 6an
  • Urpeko jarduerak: Lakuako gizarte-etxean, urtarrilaren 8an eta martxoaren 12an
  • Urpekaritza-bataioa: Lakuako gizarte-etxean, abenduaren 11n
  • Izotz gaineko kirola: BAKH izotz-pistan urtarrilaren 2an, otsailaren 6an, martxoaren 6an eta martxoaren 20an.
  • Kirol eskalada: Ariznabarrako rokodromoan sei jardunalditan, urtarrilaren 16tik martxoaren 6ra.

Udalaren kirol-instalazioetako abonatuek prezio murriztua izango dute. Izen-ematea on line egin daiteke, edo aurrez aurre gizarte-etxeetan,  udal-kiroldegietan edo Gazteen Argibideetarako Bulegoan. Izen-emateak barne hartzen du material teknikoa eta ekipamendu espezifikoa, bizikleta izan ezik BTT eta BTT jarduera aurreratuan.

Nabarmentzekoa da jarduerak elebidunak direla eta kirol-erakundeetako langile kualifikatuek emango dituztela.

INFO+: Kirol bidean

Share