Prentsa Oharren banner

[Eguneratua] Prentsa-deialdiak (2021-11-09)

Prentsaurrekoa. Emakumeenganako Bortizkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna

Parte hartzaileak. Berdintasun zinegotzi Miren Fernández de Landa; eta Berdintasun Zerbitzuburu Mireia Espiau

Eguna. Asteartea, azaroak 9

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

————————————-

Prentsaurrekoa. ‘Off Local, bigarren atala’ antzezlana aurkeztea

Parte hartzaileak. Aitor Pérez Collado, Ékoma Teatro; Jason Guerra, Andrés Bezares, Colectivo Monstrenko; Raúl Camino, El Mono habitado; eta Udal antzoki Sareko arduradun Marta Monfort

Eguna. Asteartea, azaroak 9

Ordua. 11:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

—————————————-

Prentsaurrekoa. Latxa artilezko ehunezko balorazio-proiektua dela eta, Maria Clè-k egindako berokien bildumaren aurkezpena

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; María Clè Leal, diseinatzailea eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Oroz

Eguna. Asteartea, azaroak 9

Ordua. 12:00

Tokia. Montehermoso Kulturunea

Share

Udaltzaingoan sartu ziren lehen emakumeak omendu ditu Udalak

Zortzi izan ziren, eta 1981ean hasi ziren lanean, oposizioa gainditu ondoren

 

Agirrelandako polizia-etxean omenaldia egin diete gaur goizean Gasteizko Udaltzaingoan sartu ziren emakumezko lehen agenteei. 1981eko azaroaren 1ean, zortzi emakume sartu ziren polizia-kidegoan, 18 gizonekin batera, oposizioa gainditu ondoren.

Gorka Urtaran alkatea, Herritarren Segurtasuneko zinegotzia Marian Gutiérrez, Espainiako Gobernuaren ordezkariorde Javier Sáez Lanas, Roberto García Tobalina komisarioa, udal ordezkariak eta probintzian diharduten polizia-kidegoen ordezkariak izan dira ekitaldian, eta omenduek bereizgarri bat jaso dute, beren lanaren oroigarri eta esker on gisa.

Omenaldian, emakume horiek (Mª José, Monse, Ana Rosa, Maia, Asela, Mª Carmen, Laura eta Arantza) beren ibilbidean izan zuten dedikazioa eta entrega azpimarratu dituzte alkateak eta Marian Gutiérrezek, baita ordura arte zegoen hesia hautsi eta beste emakume askorentzat erreferentzia bihurtu zirelarik jarri zuten mugarria ere.

Lehen emakume horiek sartu eta 40 urtera, 78 emakumezko agente ditu Udaltzaingoak gaur egun, agenteen % 20, gutxi gorabehera.

 

 

Share

Genero-indarkeriagatik bi atxilotu

Udaltzainek asteburu honetan bi pertsona atxilotu dituzte genero-indarkeriako delituen ustezko egileak izateagatik.

Igande goizaldean, 28 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Santa Luzia auzoan eztabaida batean bikotekideari, 26 urtekoari, eraso egin ziolako. Hura ere atxilotu egin zuten gertakari haietan ustez mehatxu eta eraso egiteagatik.

Larunbatean, aldiz, 30 urteko beste gizonezko bat atxilotu zuten bikoitekideari ustez eraso egiteagatik Sansomendi auzoan. Hura ere eztabaida baten barruan gertatu zen.

Udaltzainek ostiralean 28 urteko gizonezko bat atxilotu zuten etxeko indarkeriarekin lotuta senide bati eragindako eraso fisikoaren delituaren ustezko egilea zelakoan. Guztia Erdi Aroko hirigunean gertatu zen, familiaren etxebizitzan.

 

Indarkeria erabiliz egindako lapurreta

Udaltzainek 26 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo goizaldean indarkeria erabiliz lapurreta-delitu baten ustezko egilea izateagatik. Guztia 02:30 baino zertxobait geroago gertatu zen Aiztogile eta San Frantzisko aldapa kaleen arteko elkargunean, diru-zorro batzuk ebatsi eta botila batekin 2 laguni eraso egin ostean. Gaur eramango dute epailearen aurrera.

Bestalde, atzo goizaldean, udaltzainek 18 urteko gazte bat atxilotu zuten Florida kalean aparkatuta zegoen ibilgailu bat kolpatu eta, ihes egiten saiatu zenean, bertaratu ziren udaltzainetako bati eraso egiteagatik.

 

Auritate-agenteen aurkako atentatua

Udaltzainek atzo goizaldean 18 urteko gazte bat atxilotu zuten autoritate-agenteen aurkako atentatuaren ustezko delitua egiteagatik. Guztia 01:00ak baino lehenxeago gertatu zen, hainbat hiritarrek Florida kalean hiritarren segurtasun-lanak egiten ari zen patruila baten laguntza eskatu zuenean gizonezko bat Foru eta Florida kaleetako elkargunean ibilgailu batzuk kolpatzen ari zelako. Udaltzainak ibilgailutik jaitsi ziren gaztearekin elkarrizketatzeko asmoz eta hark korrika ihes egin zuen. Azkenean, beste patruila batek geldiarazi zuen. Identifikatzen saiatu zirenean, udaltzainetako baten aurka eraso egin zuen ihes egiten saiatzeko eta, ondorioz, atxilotu egin zuten.  Handik ordu batzuetara, guardiako epaitegira zegokion atestatua bidali ondoren, aske utzi zuten.

 

Lapurreta indarkeriarekin, ebasketa, eraso fisikoa eta mehatxuak

Udaltzainek 26 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo goizaldean indarkeria erabiliz lapurreta-delitu baten ustezko egilea izateagatik.  Guztia 02:30etik minutu batzuk igaro zirenean gertatu zen, borroka bat zela eta, Koordinazio Zentralak patruila bat Aiztogile eta San Frantzisko aldapa kaleen arteko elkargunera joateko eskatu zuenean. Bizkor gerturatu ziren udaltzainak eta pertsona batzuek gizonezko bat atxikita zutela ikusi zuten. Bertaratutakoak sakabanatu zituztenean, gizonezkoa patruila-ibilgailu batean sartu zuten bere segurtasuna zaintzeko, eta inplikatutako pertsonak identifikatu eta elkarrizketatu zituzten.

Itxuraz, minutu batzuk lehenago, gizonezko hark identifikatu zituzten biktima batzuei diru-zorroa ebatsi zien. Horrez gain, gainera, beste bi pertsonari eraso egin zien botila batekin diru-zorroa ebatsi ahal izateko, eta pilatu zirenei mehatxu egin zien. Hori guztia tokitik ihes egitea lortu zuten beste bi gizonezkorekin batera egin zuen. Horregatik guztiagatik, udaltzainek gizonezkoa atxilotu zuten eta gaur goizean epailearen aurrera eramango dute guardiako epaitegian dagozkion izapidetzeak egin ostean.

Share

Gasteiz Hobetuz programako bozketa hasi da

Gasteiz Hobetuz programaren hirugarren edizioak gaur irekiko du herritarrek proposatutako ideiak bozkatzeko epea. Boto gehien jasotzen dituzten proposamenak 2022ko eta 2023ko aurrekontuen kontura egingo dira. Hiru milioi euro erreserbatu ditu Udalak horiek gauzatzeko

Hirugarren edizio hau arrakastatsuena izan da herritarren parte-hartzeari dagokionez; izan ere, 315 proposamen aurkeztu dituzte, aurreko edizioan baino % 85 gehiago. Bideragarritasunaren iragazkia 160 proposamenek igaro zuten, baina 128 multzotan bildu dira. Udalaren webgunean kontsulta daitezke dagoeneko. Azaroaren 28ra arte egongo dira zabalik bozketak.

“Gasteizko herritarrek gero eta hobeto ezagutzen dituzte parte hartzeko bideak, eta Hobetuz programaren emaitza ikusi ahal izan dute aurreko edizioetan, herritarren hogeita hamar eskaera baino gehiago gauzatu baitira. Gero eta hobeto ezagutzen dira ideiak proposatzeko bideak, eta inplikazio handiagoa ikusten dugu hainbat ideia tarteko auzoak hobetzeko orduan. Hobetuz programaren hirugarren edizioa aukera berri bat da eskaerak egia bihurtu direla ikusteko. Horregatik herritar guztiak bozkatzera animatu nahi ditut”, nabarmendu du Herritarren Partaidetzarako zinegotzi Borja Rodríguezek.

Bozketa-fasean, Gasteizen erroldatutako edonork balia dezake bere eskubidea, baldin eta 16 urtetik gorakoa bada, modu hauetakoren batean:

  • On line, Udalaren webgunearen bidez, herritarren udal-txartela edo ziurtagiri digitala baliatuz, identifikatzeko.
  • Aurrez aurre (hitzordurik gabe) herritarrei laguntzeko bulegoetan (gizarte-etxeetan, San Martingo bulego teknikoetan eta San Antonio kalean) eta Bizan Sareko zentroetan.

Bozketaren emaitzatik proiektuak aukeratuko dira, 3 milioi eurora iritsi arte. Proiektu bideragarrien zerrenda osoa Udalaren webgunean kontsulta daiteke.

Proposamenen zabalkundea

Bideragarritasun-iragazkia pasatu duten pertsona askok bideoak bidali dituzte beren ekimena aurkeztu eta zabaltzeko (70 proposamen inguru). Udalaren webgunean eskuragarri daude bideo horiek ere. Gizarte-etxeetan eta beste udal-espazio batzuetan (Bizan, musika-eskolak, kiroldegiak, etab.) informazioa jasotzen duten liburuxkak banatzeaz gain, aurten etxola bat jarriko da kalean, bozketak errazteko. Hobetuz Kalean Loma Jeneralaren plazan egongo da instalatuta, azaroaren 16tik 28ra bitartean.

Gainera, gizarte-etxeetan, aurreko urteetan bezala, informazio-kuboak izango dira, egun eta leku hauetan:

  • Azaroaren 8tik 14ra, Arriaga eta Judimendiko gizarte-etxeetan
  • Azaroaren 15etik 21era, Iparralde eta Hegoaldeko gizarte-etxeetan
  • Azaroaren 22tik 28ra, Salburuko eta Zabalganeko gizarte-etxeetan

Aurreko edizioetako zifrak

Hobetuz ekimenaren lehen edizioan (2017) herritarren 203 proposamen aurkeztu ziren guztira. 67 proposamen bideragarritzat jo eta bozkatzera eraman ziren. Azkenean, 2.243 pertsonak eman zuten botoa, 16 urtetik gorako biztanleen % 1ek.

Hobetuz-en bigarren edizioan (2018-2019) 170 proposamen aurkeztu ziren guztira. 72 bideragarritzat jo ziren eta 60 bozketara eraman ziren. Guztira 3.368 pertsonak eman zuten botoa, hau da, Gasteizen erroldatutako 16 urtetik gorako pertsonen % 1,61ek.

Hirugarren edizio hau arrakastatsuena izan da herritarrek proposamenak aurkezteko orduan izan duten parte-hartzeari dagokionez: 315 ideia aurkeztu dira, aurreko edizioan baino % 85 gehiago. Azkenik, 160 izan dira bideragarritasunaren iragazkia gainditu dutenak, baina 128 proposamenetan bildu dira, eta orain azaroaren 28ra arte bozkatu ahal dira.

PDF: Hobetuz 2021 projektuen mapa

PDF: 128 proiektuak biltzen dituen koadernotxoa

Share

Mugikortasun Batzordearen data aldatzea

Aurrekontuekin lotutako lanen lehentasuna aintzat hartuz, 2021eko azaroaren 10ean deituta zegoen Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren batzordeko ohiko bilkura azaroaren 11ra atzeratuko da, 10:00etan.

Share

2022ko aurrekontuaren proiektuaren tramitazioari ekin zaio 

Gaur goizean izan den Ogasun Batzordearen aparteko bilkurarekin ekin zaio 2022ko aurrekontuaren proiektuaren tramitazioari. Talde politikoek ontzat eman dute debatearen egutegia. Bihar, asteartea, azaroak 9, eta etzi, asteazkena, azaroak 10, udal sailetako arduradunen agerraldiak izango dira, eta bertan aletuko dituzte proiektuko zenbateko nagusiak, arloz arlo. Hauek izango dira agerraldiak:

Azaroaren 9a:

  • 09:00: Ogasuneko, Giza Baliabideen eta Euskara zinegotzia
  • 10:30: Hezkuntza eta Kultura zinegotzia
  • 12:00: Herritarren Segurtasunaren zinegotzia
  • 13:30: Kirol eta Osasun zinegotzia
  • 16:00: Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren, Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen zinegotzia
  • 17:30: Alkatetzaren eta Erakunde Harremanen zinegotzia

 

Azaroaren 10a:

  • 09:00: Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzia
  • 10:30: Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzia
  • 12:30: Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren zinegotzia
  • 14:00: Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzia

Azaroaren 11n, berriz, talde politikoek zuzenketak aurkezteko epea hasiko da. Egun horretan bertan, entzunaldi publikoa egingo da, aurrekontu-proiektua zuzenean aurkezteko interesatuta dauden herritarrei eta gizarte-eragileei. Azaroaren12tik 25era bitartean, auzogune eta elkarguneen aparteko bilkuretan aurkeztuko da aurrekontua. Abenduaren 2an, kontuen proiektuari buruzko txostena aurkeztuko du Gizarte Kontseiluak; herritarren partaidetzara irekita dauden aurrekontuen debatearen fase desberdinen barruko beste mugarri bat izango da.

Abenduaren 20an eta 21ean batzordean eztabaidatuko dira talde politikoek aurkezten dituzten zuzenketak, eta abenduaren 23an, azkenik, udalbatzaren osoko bilkura izango da, 2022ko aurrekontuei hasierako onespena emateko.

Udal gobernua talde politiko guztiekin akordioetara iristeko gertu dagoela adierazi du Ogasuneko zinegotzia Iñaki Gurtubaik.

INFO+: Aurrekontu proiektuari buruzko dokumentazio osoa

Share

Ekonomia Sustapenaren Batzordearen data aldaketa

Aurrekontuekin lotutako lanen lehentasuna aintzat hartuz, 2021eko azaroaren 9an deituta zegoen Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritza eta Turismoaren eta Sozietate Publikoen batzordeko ohiko bilkura azaroaren 11ra atzeratuko da, 14:00etan.

Share