Prentsa Oharren banner

Gasteizek 5 milioi euro bideratuko ditu Hiriaren sustapena, Berdintasuna, Euskara, Bizikidetza eta Gazteria bultzatzera

IronMan, Green Capitalen urteurrena, Green Deal, Gastez Antzokia eta zerbitzu nagusien udal plan berriak, Alkatetzaren aurrekontuaren berritasunak

Gasteizek 5 milioi euro bideratuko ditu Hiria, Berdintasuna, Bizikidetza, Gazteria eta Euskara sustatzera. IronManen babesa (125.000 euro), proiektu estrategikoak eta hiriko ekitaldiak (200.000 euro) edo Frantziako Tourrarekiko lankidetza (100.000 euro), Green Capitalaren urteurrena (100.000 euro), Green Deal (40.000 euro) eta zerbitzu nagusien udal-plan berriak dira Alkatetzaren datorren urteko aurrekontuaren berrikuntzetako batzuk.

Miren Fernández de Landa zinegotziak Gasteizko Udaleko Alkatetza eta Harreman Instituzionalen Sailaren Aurrekontuen proiektua aurkeztu du gaur arratsaldean. Proiektu horren xedea da inor atzean utziko ez duen eta berdintasunean oinarrituta pertsona guztien kohesio soziala eta bizikidetza bultzatuko dituen politika publikoa indartzea, eta, horretarako, 6 helburu zehatz lotzen dituzten ekimenak garatzen ditu, nabarmendu duenez.

Honako hauek dira 6 helburu horiek: genero-berdintasuna eta indarkeria matxistaren aurkako borroka; giza eskubideak; aniztasuna eta diskriminaziorik eza aitortzea; gazteen integrazio aktiboa eta parte-hartzailea, eta gizartean gazteen ikusgarritasun positiboa; euskararen erabilera sustatzea; udal-jardueraren xede diren kolektiboen aniztasuna aintzat hartzen duten komunikazio- eta informazio-kanpainak garatzea, eta politika publiko inklusiboak planifikatzeko eta ondoren ebaluatzeko diagnostikoak egitea.

Lehen helbururako kontuetan jasotako ekintzen artean, nabarmentzekoak dira Berdintasun Plan berria (65.000 euro), Jabekuntza Feministarako Eskola Etxea (210.000 euro), indarkeria matxistaren prebentziorako planak (80.000 euro), edo sexu- eta genero-aniztasuna txertatzeko agenda (40.000 euro).

Sailaren bigarren helbururako, aurreikusita daude, besteak beste, Bizikidetzaren eta Aniztasunaren II. Planerako, Umeen Aurkako Estrategiarako edo Bizikidetzan eta Hiri Hezitzailean Ikasteko programarako partidak.

Gazte Plan berria (80.000 euro), Gauekoak, Xtraclub, Gazte Klik Klak, Haziak eta Gazte Informazio Bulegoa, besteak beste, biltzen dituen hirugarren helburua da gazteen hirian erreferentzia izateko lan egitea.

Euskararen erabilera sustatzea da laugarren helburua. Euskararen arloan, aurrekontuak bi helburu nagusi ditu: batetik, udal-plantillan euskararen erabilera eta ezagutza sustatzea, eta, bestetik, herritarren artean hizkuntza sustatzea.

Zentzu horretan, Euskara Zerbitzuak hitzarmenak sinatuko ditu beste erakunde eta elkarte batzuekin, hala nola Euskaltzaindia, Geu Elkartea, Araba Euskaraz (Gasteizen egingo dena), Bai Euskarari… Urtaran Kabinetearen erronka nagusietako bat, datorren ekitaldiari begira, Gasteiz Antzokia martxan jartzea da. Horregatik, 300.000 euroko partida erreserbatu da, zentro berrirako material eta instalazioetan inbertituko dena, eta Lazarraga Elkartearekin lankidetzan arituko da. “Oso garrantzitsua da Gasteiz Antzokiaren eta Euskararen Etxearen proiektuari ekitea”, nabarmendu du gaur Iñaki Gurtubai Euskara zinegotziak.

Share

Udalak eraldaketa digitala bizkortuko du, 2022an 2 milioi euroko inbertsioa eginda

  • Hobetuzek jasoko ditu lehen 1,5 milioi euroak, hirugarren edizioa egiteko

Borja Rodríguez zinegotzia aurkezpenean.

Borja Rodriguez zinegotziak gaur aurkeztu ditu berak zuzentzen dituen bi sailetarako 2022 urterako aurrekontuak: Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Saila eta Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte-etxeen Saila.

Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Sailak 29.506.719 euro izango ditu guztira, 2021ean onartutako aurrekontuak baino % 1,77 gehiago. Inbertsioak 5.648.239 eurokoak izango dira.

Zinegotziak COVID-19ak udaleko eraldaketa digitalean izan duen eragina azaldu du. “Eraldaketa digitala bizkortu egin da COVID-19aren eraginez, sektore eta arlo guztietan. Eta eraldaketa hori oso positiboa izan da udalarentzat, herritarrentzat eta baita udalak gasteiztarrekin duen harremanarentzat ere. Horregatik, inoiz baino garrantzitsuagoa da eraldaketa horren alde egiten jarraitzea” adierazi du.

Udalaren teknologien modernizazioan aurrerapausuak ematen jarraitzea, beste administrazio batzuekin elkarreragintasuna sustatzea, eta udalaren zerbitzu digital guztien hobekuntzarekin jarraitzea dira helburuak. “E-Administrazioaren Plan Zuzentzaileari 600.000 euroko bultzada eman zaio, udalaren eraldaketa digitalarekin jarraitzeko. Zifra hori % 250 baino gehiago igo da iazko ekitaldiarekin alderatuta”, azaldu du Roriguezek.

Halaber, udalak eraldaketa digitalaren alde egin duen apustu horren barnean, hirukoiztu egin du ekipoak erostera eta azpiegiturak eta komunikazioak hobetzera bideratutako partida; 200.000 eurotik 600.000 eurora igo da.

Udaleko bilakaera digitala bizkortzeko inbertsioen guztizko kopurua 2 milioi eurokoa da.

Udal-eraikinen eta Instalazioen Mantenuari dagokionez, lehentasuna ikastetxeak, zaharren egoitzak, gizarte-etxeak eta kirol instalakuntzak hobetzea da.

Arlo horretan egingo diren hurrengo jarduerak izango dira, besteak beste, Mendizorrotzako atletismoko pistak berritzea eta Agirrelandan ibilgailu elektrikoak kargatzeko geltoki bat jartzea. Horien atzetik etorriko diren lanek ere instalakuntzen modernizazio estetikoa eta operatiboa ekarriko dute, eta eraginkortasun energetikoak funtsezko eginkizuna izango du.

Bestalde, Hornidura Energetikoaren Kudeaketa Jasangarriaren hitzarmenaren esparruan, datozen urteetan 5 milioi euro baino gehiago inbertituko ditu udalak zenbait jarduera martxan jartzeko, besteak beste, udal-eraikin eta -instalakuntzetan energia berriztagarrien erabilera bikoizteko. Berriztagarriak % 15 erabiltzetik % 34 erabiltzera igaroko litzake udala, eta, horrela, udal-eraikinen C02 isurpenak 3.200 tona baino gehiago gutxituko lirateke. “Ekintza horiek Alderdi Sozialistak eta gobernu-talde honek eraikin jasangarri eta eraginkorragoak izateko ekimenak bultzatzeko duten konpromisoa berresten dute, Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) ildoari jarraituz”, nabarmendu du.

Ildo horretatik, 2020an, % 358 handitu zen kudeaketa energetikora bideratutako ekipoak berritzeko partida, eta 550.000 euroan ezarri. 2021ean mantendu egin zen kopuru hori, eta halaxe egingo da 2022an ere.

Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte-etxeak.

Bestalde, Borja Rodriguezek berak zuzentzen duen beste saileko zenbakiak zehaztu ditu, Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte-etxeen Sailekoak. Sail horrek jasoko duen diru-kopurua 5.024.234 eurokoa izango da, 2021ean baino % 5,8 gehiago.

Vitoria-Gasteiz Hobetuzen 1,5 milioi euroko partidak ahalbidetuko du programaren hirugarren edizioa aurrera eramatea. 3 milioi euroko guztizko zenbatekoaren lehen erdia da kopuru hori, eta, 2013an, beste 1.500.000 eurorekin osatuko da.

Halaber, nabarmentzekoa da aisialdi eta denbora librera bideratutako partidaren % 4,4ko igoera. Horri esker finantzatzen da Ludoteken, Ludokluben eta gizarte-etxeetako Topaketa-Aretoen funtzionamendua, eta 1.985.000 euro bideratzen dira horretara. Halaber, zonetako ekipoen programak % 66,6 areagotu dira, 2019ko mailara itzuliz, auzoetako elkarte eta kolektiboekin batera antolatutako gizarte-etxeetako jarduerei dagokienez. Bestalde, aurrekontuan nabarmentzekoa da auzoetako jaietarako agertokiak muntatzeko 60.000 euroko partida osorik berreskuratu dela, eta horiek egin ahal izango direla aurreikusi da.

Hiriko elkarteen ehundurari emandako babesa bere horretan mantendu da, pandemiaren unerik zailenetan mantendu zen moduan, hala nola auzo elkarteentzako diru-laguntzak eta San martin Auzo Elkartearekin duen hitzarmena. Gainera, herritarren parte-hartzera bideratutako partida berreskuratu da, hiriko hainbat kolektibo eta elkarteren ekintzetan eta jardueretan prozesu parte-hartzaileak egitea sustatzeko.

Funtsezkoa da herritarren parte-hartzearen eta gardentasunaren aldeko apustua egiten jarraitzea, politika publikoen kalitatea hobetzeko eta herritarrek horiekiko duten ardura sustatzeko ezinbestekoak baitira. Era berean, oso argi dugu gizarte-etxeen sareak gure hirian duen zeregin garrantzitsua, bizikidetzari, parekidetasunari eta gizarte-kohesioari mesede egiten baitio. Azken finean, gasteiztarren bizi-kalitatea hobetzen du”, nabarmendu du Borja Rodriguez zinegotziak.

Share

Prentsa-deialdiak (2021-11-10)

San Prudenzio Fundazioaren Lan Osasun eta Segurtasun XXI. Biltzarra inauguratzea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Asteazkena, azaroak 10

Ordua. 9:00

Tokia. Europa Biltzar Jauregia, Francisco de Vitoria entzun-aretoa

———————————————

Prentsaurrekoa. ‘Altsasu’ antzezlana aurkeztea

Parte hartzaileak. María Goiricelaya, zuzendaria; eta Aitor Borobia eta Nagore González, aktoreak

Eguna. Asteazkena, azaroak 10

Ordua. 11:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

——————————————-

Ongi etorria Alzheimer CEAFAren IX. Biltzar Nazionalari

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Asteazkena, azaroak 10

Ordua. 16:30

Tokia. Europa Biltzar Jauregia, Maria de Maeztu entzun-aretoa

—————————————

Arabako merkataritza eta zerbitzuen sektoreko Aenkommer sari-banaketa

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Asteazkena, azaroak 10

Ordua. 20:45

Tokia. Artium museoa

 

Share

Jardueren eskaintza osoa leheneratu izana eta kirol-egiturari emandako babesa izango dira 2022rako Kirol eta Osasun sailaren aurrekontuaren oinarriak

Kirol arloko instalazio eta jardueren eskaintza guztiak berreskuratuta, bizitza soziala berreskuratzea izango da 2022ko Aurrekontuen helburuetako bat Kirol eta Osasun sailean, gaur Livia López zinegotziak egindako aurkezpenean aipatu duen moduan. “Kirol-zerbitzuei lotutako pandemia aurreko kontratu eta jarduera guztiak berreskuratu dira”, azpimarratu du zinegotziak. Horrekin lotuta, ariketa fisikoei eta kirol-jarduerei euskarria emateko bideratuko den 4.804.060 euroko zenbatekoa aipatu du. Kontratuak honako hauei lotuta egongo dira: futbol-zelaien, pilotalekuen, rokodromoen edo udako kanpainaren kudeaketa.

 

Era berean, azpimarragarria da tokiko kirol-egitura babestera bideratuko den ia hiru milioi euroko zenbatekoa. Zenbateko hori honako batura honetatik eratorriko da: jardueren egitarau batzuk gauzatzera bideratuko den 1.975.237 euroko zenbatekoa eta jarduerak antolatzeko eta sustatzeko laguntzetarako 1.013.064,82 euroko zenbatekoa. Azken zenbateko horrek hainbat kontzeptu biltzen ditu: lehen eta bigarren kategorietako taldeentzako, kirol egokiturako edo ekimenak antolatzeko dirulaguntzak, adibidez. Aurtengo berritasunen artean, nabarmendu beharrekoa da aurten Gloriosas taldea emakumezkoen futboleko lehenengo mailan sartu izanaren ondorioz adostutako hitzarmena, 100.000 euroko zenbatekoa duena.

 

Laster kontratatuko dute Kirolen zerbitzuaren genero-inpaktuarekin lotutako lehen azterketa, eta ekintza horren xedea izango da “gure kirol-politikek berdintasun arloan zer eragin duten ezagutzea, eta hobetu beharreko esparru eta ekintzak zein diren jakitea, parekideagoa den gizartearen alde apustu irmoa eginda”, aipatu du Livia Lópezek. 2022ko Aurrekontuak azterketa horretatik eratorritako ekintzak garatzeko zuzkidura ekonomikoa jasotzen du.

 

Hurrengo urtean, bestalde, garrantzi berezia izango du Kirolaren Foroa izenekoak. Kirol-egiturako eragileekin eta erabiltzaileekin elkarrizketa izateko gunea da eta laneko prozesuak eta sektorearen komunikazio-gaitasunak hobetzea du xede. Horrek ere aurrekontu mailako kontu-saila izango du.

 

Osasun Publikoaren zerbitzuaren aurrekontu espezifikoari dagokionez, haren zenbatekoa dela eta bereziki nabarmendu beharrekoa da esparru soziosanitarioko erakundeei zuzenduta etorkizunean egingo den dirulaguntzen deialdia. 400.000 euro baino gehiago ditu esleituta. “Behar handiena duten tokietan elkarteei lagundu ahal izateko diru gehiago izango da”, azpimarratu nahi izan du zinegotziak.

 

Bestalde, hiritarren osasuna babesteko programek (higienea, elikadura, desfibriladoreen mantentze-lana, desinfekzioa…) 382.800 euroko inbertsioa izango dute.

 

Animalien osasunarekin lotutako programek 49.000 euroko igoera izango dute aurrekontu mailako proiektuan eta 92.000 eurokoa izango da kontu-saila.

Share

Gasteizko Udalak zibersegurtasunari buruzko jardunaldi bat antolatu du enpresentzat

Ertzaintzako eta Euskadiko Zibersegurtasun Zentroko adituek parte hartuko dute bihar San Martineko udal bulegoetan egingo den saioan.

 

Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailak zibersegurtasunari buruzko aurrez aurreko jardunaldi bat antolatu du. Bertan, adituek parte hartuko dute, enpresek aurre egin behar dieten eraso ohikoenak eta horiek ekar ditzaketen ondorio ekonomikoak saihesteko gakoak azaltzeko. Jardunaldia 10:30etik 12:30era bitartean izango da, San Martineko udal-bulegoetako ekitaldi-aretoan, eta sarrera librea eta doakoa da. 40 enpresak baino gehiagok baieztatu dute bertaratuko direla. Lehen alkateorde Maider Etxebarriak azpimarratu duenez, “aldaketa teknologikoek eta telelanak bidea ireki diote mehatxu horri enpresa-ingurunean. Eraso batek edozein negozio jar dezake arriskuan, eta sektoreari beharrezko ezagutzak eman behar dizkiogu zibererasoak saihesteko”. Zinegotziak gogorarazi du, Gasteizko enpresei arrisku hori saihestu nahian, Industriari Laguntzeko 2021-2024 Planaren helburu estrategikoetako bat “digitalizazio-prozesuei laguntza aktiboa ematea” dela.

Biharko jardunaldian Manu Viota egongo da, Ertzaintzaren Delitu Informatikoen Ataleko burua, eta Araban eta Euskadin hautemandako eraso ohikoenak azalduko ditu. Euskadiko Zibersegurtasun Zentroko Lorenzo Díaz de Apodacak eta Jordi Ubachek lan-eremuan pasahitz-kudeatzaileak erabiltzearen abantailak irakatsiko dituzte. Halaber, dauden backup motei buruzko informazioa emango dute, bai eta horiek exekutatzeko moduari buruzkoa ere, hackeoak saiheste aldera.

 

 

Share

Maria Clè Lealek moda-bilduma berritzailea aurkeztu du Gasteizen, erabiltzen ez den latxa-artilea birziklatzen baitu

Alkateak txalotu egin du ekimen iraunkor hori, eta ekonomia berdea xede duen Gasteizko Green Deal mugimenduaren barruan kokatu du 

 

Gasteizek moda, iraunkortasuna, tradizioa, birziklatzea eta ekonomia batu ditu gaur María Clè Leal diseinatzailearen bilduma berritzailearen aurkezpen-ekitaldian, zeinak erabiltzen ez den ardi latxaren artilezko zuntzak birziklatzetik lortutako ehunekin berokiak diseinatu eta egin baititu.  Denboragabeko jantzien moda-bilduma da, molde garbi eta soilekoa; gainera, balioa ematen dio joskintza tradizionalaren jardun bikainari.

Montehermoso jauregian egin dute ezohiko aurkezpen hori, Gasteizko diseinatzailearen, Latxa Escena Koop-en, NEIKERen eta ADR Urkomeren arteko lankidetzaren emaitza.  Indarrak batuta, iaz, “Hainbat merkatutan merkaturatzeko asmoz latxaren artilearen ehun-balorizaziorako alternatibak proiektua” izenekoa abiarazi zuten, eta joan den maiatzean jakinarazi zuten irazki-ehuna lortu zutela latxa-artilea proportzio desberdinetan erabiliz eta material birziklatuarekin eta beste zuntz natural batzuekin konbinatuta.

Ekimen horren funtsa da zuntz natural bati balioa ematea, eremu eta merkatu desberdinetara erraz egokitu daitekeen ehun bat sortuz. Abiapuntu gisa, materiala modako bilduma bat diseinatzeko erabili da, zenbait beroki eta dagozkien osagarriak barne hartzen dituena, zehazki. Lehen urrats horrek arazo bat konpontzeko hedatzen ari den negozio-bide bat irekitzeko xedea du: latxa artilearen urteroko metaketa.

Geroz eta handiagoa da herritarren eta enpresen kontzientziazioa klima-aldaketaren aurkako borrokan, eta, zorionez, gero eta ekimen gehiago sortzen dira ekonomia zirkularrak bere estrategiaren erdigunean dituen ekoizpen- eta sormen-prozesuen alde egiteko“, Gorka Urtaran alkateak nabarmendu duenez; bide batez, zorionak eman dizkie María Clè Leali eta inplikatutako erakundeei. “Gaur modaren bitartez egindako proposamen interesgarri hori ezagutu dugu, Gasteizen ezagutu ere, hiri berdetik ekonomia berderako trantsizio horrekin konprometituta dagoen hirian, Gasteiz Green Deal baita gure bizi-kalitate handia sendotzeko eta etorkizun ekonomiko eta sozial sendo eta bideragarri baten oinarriak ezartzeko akordio handia. Akordio zabal eta plurala, iritsi beharreko jomugari buruzko ikuspegi desberdinak baina osagarriak jaso nahi dituena. Gasteiz Green Deal bezala, ekimena horrek ekonomia berdea, gizarte-kohesioa eta natura-ingurunearen babesa ditu oinarri.

 

Ehun jasangarri berriaren kalitate-zigilua

Ehun jasangarri berri horren bilaketarekin lortutako emaitza onei esker, filosofia jasangarri bera partekatzen duten hainbat arlotatik datozen beste euskal enpresa batzuekin lankidetzan aritzeko aukera aztertzen ari dira. Ekimenaren sustatzaileen arabera, funtsezkoa da ehunari eta bertan oinarrituta diseinatu eta egindako produktuei ahalik eta ikusgarritasun handiena ematea, zuntz horren erabilerarekin estu lotuta egongo den kalitate-zigilua sortuz.

Proiektuan garatutako lanak Nekazaritza-produktibitatearen eta -iraunkortasunaren arloan Berrikuntzarako Europako Elkartearen (AEI) talde operatiboak sortzeko eta funtzionatzeko laguntzak jaso ditu, eta Landa Garapenerako Nekazaritza Funtsak (LGENF) eta Eusko Jaurlaritzak finantzatzen dute % 75ean, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 35. artikuluan aurreikusitako lankidetzarako laguntzen bidez. Gasteizko Udalaren babesa ere badute, bai eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundien laguntza ere.

 

 

 

Share

2021eko World Press Photo erakusketa ikusteko azken egunak

Montehermoso kulturuneko garai bateko ur biltegian ikus daiteke azaroaren 14ra arte (igandea).

Prentsa-argazkilaritzaren arloko nazioarteko erakusketarik garrantzitsuenak, World Press Photok, azken egunak ditu Gasteizen, izan ere azaroaren 14an amaituko baita 28 herrialdetako 45 argazkilarik ateratako 159 irudi hauek ikusteko aukera.

2021eko World Press Photo erakusketa azaroaren 14ra arte, igandea, izango da ikusgai Montehermoso kulturuneko ur-biltegian, 11:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara, astelehenetik igandera (jaiegunak barne). Bisita gidatuak ere eskaintzen dira, euskaraz eta gaztelaniaz.

7.000 pertsonak bisitatu du orain arte erakusketa.

Gasteiz utzi ondoren, beste leku batzuetan izango da ikusgai, Israelen, Tel Aviven, besteak beste. Gasteizko Udaleko Kultura Sailak babesten egiten du World Press Photo.

 

 

Share

Herritarren Segurtasunaren Sailak Polizia Koordinatzeko 092 Zentralaren instalazioak hobetuko ditu

Udaltzainak eta suhiltzaileak biltzen dituen sailaren aurrekontua % 15 haziko da

 

Herritarren Segurtasunaren Sailak 1.168.372 euroko aurrekontu-proiektua aurkeztu du 2022rako, egungo kontuak baino % 15 gehiago.

Gaur azaldu ditu Marian Gutiérrez zinegotziak bere sailaren zenbakiak. Bertan, Udaltzaingoak eta Suhiltzaileen Zerbitzuak antzeko aurrekontu-zuzkidura dute.

Udaltzaingoak 595.372 euroko aurrekontua izango du, Jose Erbina kaleko polizia-egoitza berria irekitzea aurreikusten baita. Agenteen lekualdaketa dakarren plan horrek Agirrelandako polizia-etxean espazioak libratzea ahalbidetuko du, eta hori zerbitzu batzuen instalazioak berrantolatzeko eta hobetzeko baliatuko da, hala nola Polizia Koordinatzeko Zentralarenak (092).

Ildo horretatik, aurrekontuak 175.000 euroko partida jasotzen du ekipoak berritzeko eta ordezteko, Ekintzak Koordinatzeko Zentrorako videowall bat erostea barne. Pantaila handi horretan, hirian instalaturik daudelarik Udaltzaingoak horietarako sarbidea duen kamerek zerbitzatzen dituzten irudiak bistaratuko dira.

Marian Gutiérrezek azaldu duenez, “inbertsio horrek, aurten plataforma informatiko berri bat ezartzeko aurreikusitakoarekin batera, larrialdien tramitazioa eta herritarrei ematen diegun arreta hobetzeko aukera emango digu; izan ere, 2020an 54.651 esku-hartze kudeatu zituen eta 41.000 deiri baino gehiagori erantzun zien”.

 

Ibilgailu berriak

Bestalde, 2022ko aurrekontu-proiektuari esker, Udaltzaingoarentzat ibilgailu berri bat erosi ahal izango da —renting bidez berrituko diren 15 ibilgailuak alde batera utzita—, eta suhiltzaileen bonba-kamioiak berritzen jarraituko da halaber.

Ildo horretatik, Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak (PSISZ) ezaugarri horien dituen ibilgailu berri bat erosiko du, ostiral honetan Tokiko Gobernu Batzarrak lizitaziora aterako duenari eta 2023rako aurreikusitako hirugarren bati gehituko zaiena.

Era berean, esku hartzeko jantzi berriak eta suhiltzaileentzako ohiko jantziak (150.000 €) eta udaltzainentzako uniformeak eta txalekoak erosiko dira (200.270 €). Orobat, emisora berriak erosiko dira, epe ertainera agente bakoitzak bere ekipoa izan dezan.

Azkenik, Herritarren Segurtasunaren Sailaren aurrekontuak 100.000 euroraino handituko du larrialdietarako eta elurteetarako partida.

 

Share

Zorra kontrolatzea eta digitalizazioan aurrera egitea, Ogasun Sailak 2022an izango dituen aurrekontu-helburu nagusien artean

Urtaranen gobernuak Udalaren egoera ekonomikoa hobetzen jarraitu nahi du datorren urtean, Udalaren eta haren sozietateen zorra 2,75 milioi euro murriztuta eta 8,26 milioi euroko aurrezpen garbia eginda. Era berean, pausu garrantzitsuak emango dira izapidetze elektronikoaren arloan, eta hobekuntzak egingo dira udal-kontratazioaren eta udal-zergen kudeaketaren digitalizazioan.

Ogasuneko zinegotzi Iñaki Gurtubaik 2022ko aurrekontuan gobernu-arlo horrekin lotuta zehaztutako ildo nagusiak azaldu ditu. Zorra murrizteko zifrekin batera, maileguen amortizaziora bideratutako 12,88 milioi euroak nabarmentzen dira, eskatu nahi den kreditu-bolumena baino 600.000 euro gehiago. Digitalizazioari dagokionez, udal-lizitazioetarako eskaintzak telematikoki aurkezteko aukera emango du, eta Kontratazio Mahaiaren funtzionamendua hobetuko. Zerga-arloan, izapidetze elektronikoak hobetu egingo du kudeaketaren eraginkortasuna, zerga-betebeharrak betetzea eta komunikazioak jasotzea. Digitalizazio hori ere funtsezkoa izango da 2022an Iruzur Fiskalaren aurka Borrokatzeko Planean, eta udal-inbentarioaren aplikazio berria ere sortuko da.

Ogasunaren aurrekontuko ohiko partida ekonomikoetako bat, ibilgailuak errentan hartzeari dagokiona, iazkoa baino 51.000 euro handiagoa izango da, udal-flota erregai fosilik gabeko ibilgailu iraunkorrez osatzeko helburuan aurrera egiteko. Ibilgailu elektrikoak erosteak ekarriko dituen kostu handiagoak justifikatzen du aurrekontu-igoera hori.

San Martineko bulego teknikoen eraikinean udal-zerbitzuak lekuz aldatu eta berrantolatzeko aparteko inbertsioa egingo da. Izan ere, Trafikoko Zerbitzua instalazio horietara aldatuko da, eta zerbitzu medikoak eta Haurtzaro Zerbitzua ere berrantolatzeko asmoa dago aurten eta datorren urtean.

Bestalde, COVID-19aren ondoriozko gastuen aurreikuspena jaitsi egin da 2022rako. Ekitaldi honetan 260.000 euro izatetik datorren urtean 100.000 euro izatera igaroko da.

2022ko aurrekontuaren aurkezpen orokorrean adierazi zen bezala, Garapen Iraunkorreko Helburuekin lerrokatutako lehen kontu-proiektua da, eta, gainera, aurrera egiten du diseinuan genero-ikuspegia txertatzen.

Bestalde, Iñaki Gurtubairen agerraldian berariaz Giza Baliabideetara bideratutako aurrekontua zehaztu da, eta bertan zifra bat nabarmentzen da: udal plantilla osoaren ordainsariak % 2 igoko direla aurreikusten da, beste administrazio batzuek datorren urterako aurreikusitakoaren ildotik.

Share