Prentsa Oharren banner

Gasteizek eta Arabak Saharako haurrak hartzen dituzten familien 35 urteko konpromisoa eskertu eta aitortu dute

Datorren udan “Oporrak bakean” programari berriro ekin ahal izatea espero du AFANISek, pandemia dela eta bi urtez etenda egon ondoren

Gaur arratsaldean, Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Ume Sahararrak Hartzeko Familien Arabako Elkarteak (Afanis) omenaldia egin diete azken hamarkadetan saharar errefuxiatuen kanpamentuetako haurrak etxean hartu dituzten familiei. Europa biltzar jauregian egindako ekitaldiaren bidez, Oporrak bakean programa ahalbidetu dutenen eskuzabaltasuna aitortu nahi izan da, baita egindako lana eskertu ere; udako bi hilabeteetan aldi baterako harrera emateko programa da hori, eta 35 urte bete ditu.

Oporrak bakean ekimenaren xedea da Arabako gizartea sentsibilizatzea eta programako haurrei aukera ematea bi hilabetez goza dezaten basamortuko euren eguneroko bizimodua ez bezalako errealitate batez; laguntza medikoa eta elikadura orekatua ere eskaintzen zaizkie. Covid-19ak eragindako pandemia dela kausa, programa bertan behera utzi behar izan da aurreko bi edizioetan (2020ko eta 2021eko udak), baina datorren urtean berriz abian jartzea espero dute antolatzaileek.

Gaur arratsaldeko ekitaldian, diputatu nagusi Ramiro Gonzálezek eta Gasteizko alkate Gorka Urtaranek parte hartu dute. Udaleko Garapenerako Lankidetzako zinegotziJon Armentia ere izan da bertan. Era berean, José Ángel Cuerda alkate ohiak hitzaldi labur bat egin du ekitaldiaren amaieran, harrera horien sustatzaile izan baitzen, eta Arabako hiriburuan garapenerako lankidetzaren bultzatzaile.

Bere hitzaldian, Gorka Urtaran alkateak eskerrak eman dizkie “haurrak gerratik urrundu” dituzten hainbat familiari, haien “konpromiso moral, politiko eta humanitarioarengatik“, “zainketak eman baitizkiezue, eta garrantzitsuagoa dena, zuen maitasuna eta konpromisoa.Haur horien begien bitartez jakin ahal izan dugu okupazioak zer esan nahi duen bost kanpamentuetan errefuxiatutako populazioaren eguneroko bizitzan” nabarmendu du alkateak, eta gogorarazi du “Nazio Batuek garapen jasangarriaren helburuak lortzen laguntzeko dei egin” dietela “tokiko agintariei”. “Gasteiz Europako Hiriburu Berdea izateaz harro dago, eta uste osoa dugu 2030 Agendaren maila askotako estrategiarekin bat egin behar dugula, ingurumen-iraunkortasunari edo ongizateari dagokienez ez ezik, baita 16. helburua lortzeari dagokionez ere, hau da, “bakea, justizia eta erakunde sendoak”. Nire hiria erreferentea, sustatzailea eta eredua da giza eskubideen defentsan, eta guretzat nahi duguna besteentzat ere nahi dugu”.

Diputatu nagusi Ramiro Gonzálezek, berriz, nabarmendu du oso garrantzitsua dela “aitorpen publikoa egitea, hain eskuzabaltasun, elkartasun eta konpromiso handiagatik. Eredugarri bihurtzen zaituzten lan eta dedikazioagatik”. Erantsi du, halaber: “zuen ezaugarri den dedikazioak balio behar digu orain abiada hartzeko. Eta, elkarrekin eta eskutik, Arabako familientzat hain garrantzitsua den programa berriro aktibatzeko”.

Share

Udalak datozen bost urteetarako uso populazioa kudeatzeko plana aurkeztu du

  • Arrisku higieniko-sanitarioko 15 puntu eta uso-kontzentrazioaren maila onargarria gainditzen duten 9 eremu identifikatu ditu azterlan batek

 

  • Usoen populazioa kudeatzeko neurriak hartuko dira herritarren informazio- eta sentsibilizazio-kanpaina baten bidez, pentsu esterilizatzailea eta harrapaketa selektiboak erabiltzeko proba pilotu baten bidez

 

 

Animalien elkarbizitza eta babeserako elkargunean aurkeztu ditu Gasteizko Udalak udalerriko uso-populazioari eta horien ugalketa saihesteko jar daitezkeen neurriei buruzko azterlanaren emaitzak. Enpresa espezializatu batek egindako lan horretan jaso denez, udalerrian 9 gunetan, usoen presentziak muga onargarria gainditzen du, eta 15 puntutan, berriz, arrisku higieniko-sanitarioa dago, usoak ugaritzea errazten duten faktoreak baitaude (ura, aterpea, elikadura). 25,3 kilometro koadroko azalera aztertu da, eta 5.022 ale zenbatu dira bertan, hau da, batez beste 198,45 ale kilometro koadroko. Aipatutako 9 zonetan 500 aletik gorakoa da tasa hori, eta sektoreko profesionalen arabera, 400 alekoa da atalase onargarria. Horregatik guztiagatik, komenigarria da populazio hori kontrolatzeko neurriak hartzea.

 

Uso gehien hirigunean (Hirigune historikoan eta Katedral Berrian) eta hainbat parketan (Florida, Prado, Molinuevo eta Aranbizkarra) izaten da. Orobat biltzen dira Abendañu kalean eta Antso Jakitunaren kalean. Eremu periferikoetan, populazio handiak hauteman dira Antonio Machado kalean, Olarizu hiribidean eta Guayaquil kalean. Azkenik, uso-kontzentrazioak sustatzen dituzten espazioen artean, Boulevard merkataritza-gunea eta Arriaga, Elorriaga eta Arkautiko elizak nabarmentzen dira, babesteko aukera ematen baitiete usoei.

 

Babeslekuak, elikagaia eskuragarri izateak eta zenbait zona larreratze lekutzat hartzeak usoak ugaritzea errazten dute. Bereziki, lehenengo bi faktoreetan eragin nahi dute Udalak hartuko dituen prebentzio-neurriek.

 

Dentsitate handiko usoen populazioa arriskutsua da pertsonei eta animaliei gaixotasunak transmititzeko bektore gisa. Bakterio, birus, onddo eta parasito ugari izaten ditu animalia horrek, eta horietako batzuek infekzio-gaixotasunak eragiten dituzte. Zuzeneko edo zeharkako kontaktuaren bidez transmiti daitezkeen 40 patogeno baino gehiago deskribatu dira.

 

Hori guztia dela eta, beharrezkoa da populazioa kudeatzeko hainbat ekintza abian jartzea, eta horietako batzuk berehala aplikatuko dira. Urtea bukatu aurretik, informazio- eta erantzunkidetasun-kanpaina bat hasiko da, herritarrei zuzendua, usoak kontzentratzeko faktore nagusietako baten gainean jardun ahal izateko: elikagaiaren eskuragarritasuna. “Bi bide urratu nahi ditugu: alde batetik, herritar guztiak sentsibilizatuko ditugu, haien inplikazioa bilatuz, eta, bestetik, elikatzaileengana joko dugu berariaz, beren jokabideak dakartzan arriskuen berri emateko», zehaztu du Livia López Kirol eta Osasun zinegotziak.

 

Aldi berean, proba pilotu bat egingo da etorkizunean pentsu esterilizatzailea erabiltzeko aukera neurtzeko. Arto aleen banagailu bat jarriko da, beste espezie batzuek pentsu bera kontsumitzeko duten arriskua neurtzeko, baita uso bakoitzak zenbat produktu kontsumitzen duen neurtzeko ere.

 

Proba pilotuarekin batera, harrapaketa selektiboko ekintza bat egingo da, usoen populazio-dentsitate handikotzat identifikatutako puntuetan kaiola-tranpa jarriz. Unean uneko harrapaketa horien helburua eremu horietan gertatzen den gainpopulazio-egoeran pixkanaka eragitea da.

 

Neurri horiekin batera, prebentzio-metodoak ikuskatzeko eta ezartzeko administrazio-jarduerak garatuko dira, bai eta aldian behingo erroldatze-jarduerak ere, hartutako neurri guztien eraginkortasuna egiaztatzeko.

 

Horren guztiaren helburu nagusia da uso kopurua hirirako egoki gisa ezarritako mugetan mantentzea. Era berean, animalia horien osasun-egoeran eragin onuragarria izatea lortu nahi da, ahal den neurrian ahalik eta sakrifizio gutxien eginez.

 

Uso-populazioa Kudeatzeko Plana, lehen urratsa gaur aurkeztutako diagnostikoa egitea izan da, eta arlo horretan epe luzerako lehen esperientzia da. “Animalien babesari dagokionez, usoak errespetuan, proportzionaltasunean eta zuhurtzian oinarritutako kudeaketa eskatzen duten animaliak dira. Azken batean, gure biodibertsitatearen parte dira. Baina ezin ditugu alde batera utzi haren gainpopulazioak osasun publikoan eragiten dituen ondorioak. Plan honek bizikidetza orekatzeko puntua bilatzen du”, aipatu du Livia Lópezek.

Share

Prentsa-deialdiak (2021-11-24)

Prentsaurrekoa. Eskolako jolastokiak birnaturalizatzeko proiektuaren aurkezpena

Parte hartzaileak. IGIko presidente Ana Oregi; eta Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Canto

Eguna. Asteazkena, azaroak 24

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

[Argazkiekin eguneratua] Gasteiz eta Baiona elkarlanean arituko dira hainbat arlotan, hala nola mugikortasun iraunkorrari, auzo zaharrak birgaitzeko politikei, hiri-azpiegitura berdeak ezartzeari eta euskara sustatzeari dagozkienetan

Gasteizko ordezkaritzak bertatik bertara ezagutu ahal izan du BEIren antzeko planteamendua duen ‘trambus’ proiektua.

 

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Gasteiz eta Baiona elkarlanean arituko dira hainbat arlotan, hala nola mugikortasun iraunkorrari, arkitektura-ondarea babesteari eta hirigintzari, auzo zaharrak birgaitzeko politikei, hiri-azpiegitura berdeak ezartzeari eta euskara eta kultura sustatzeari dagozkienetan.

Horiek dira hemendik aurrera bi hiriek lankidetzan jardungo duten lan ildo nagusiak, Gasteizko alkate Gorka Urtaranek eta Baionako alkate Jean-René Etchegarayk hiri horretako udaletxeko ohorezko aretoan gaur goizean sinatu duten lankidetza-agirian jasota geratu denez. Asmoen protokolo hori sinatu ondoren bi agintari lokalek azpimarratu dutenez, ezagutza eta esperientziak partekatuko dituzte Gasteizek eta Baionak, elkarlanari esker, etorkizuneko erronkei aurre egiteko.

“Historiari, kulturari, hizkuntzari eta identitateari dagokienez elementu ugari partekatzen dituzten hiriak dira Gasteiz eta Baiona. Iragan eta orain komuna partekatzen ditugu, eta etorkizuna ere partekatu nahi genuke. Izan ere, proiektu eta ekimenetan elkarlanean jardunez, sendotu egingo dira gure hiriak, baita Euskal Herria bera ere. Egun historikoa da gaurkoa”, adierazi du Gorka Urtaranek bere mintzaldian.

Alkatearekin batera, bertan izan dira Ana Oregi —alkateordea eta Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzia—, Raimundo Ruiz de Escudero —Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzia— eta Jonatan Moreno — Alkatetzako koordinatzailea—. Lankidetza-dokumentua sinatzeaz gain, bertatik bertara ezagutu ahal izan ditu Gasteizko ordezkaritzak Baionan azken urteotan abian jarritako zenbait proiektu eta ekimen.

Hain zuzen ere, lankidetza-hitzarmena sinatu aurretik, lan-bilera tekniko batean parte hartu dute, eta mugikortasun iraunkorraren, azpiegitura berdeen eta ondare historikoaren arloko ekimenak aztertu. Argi geratu da etorkizunera begira antzeko erronkak dituztela bi hiriek, eta horretarako lana partekatu dezaketela.

Arratsaldean, berriz, proiektu horietako batzuk ikusiko dituzte. Besteak beste, Baiona eta Biarritz lotzen dituen BRT linea, zeinek Gasteizko BEIarenaren antzeko planteamendua baitu. Baionako arkitekturaren eta ondarearen interpretazio-zentroa eta Lapurdiko hiriburuko hirigune historikoa birgaitzeko hainbat lan ere bisitatuko ditu Gasteizko ordezkaritzak.

Aurreikuspenen arabera, hurrengo hilabeteetan bisitatuko dute Gasteiz Baionako Udalaren ordezkariek, ezagutza- eta esperientzia-truke horrekin jarraitzeko.

 

 

 

Share

Europa jauregian bildu dituzte Bizan sareko zentroek beren jarduera-batzordeak


 

Bizan sareko zentroek —lehengo adinekoentzako zentro soziokulturalek— Europa jauregian bildu dituzte gaur urtean zehar garatzen dituzten jardueren programazioa antolatu eta kudeatzeaz arduratzen diren batzordeak.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak egin die ongi etorria batzorde horiek osatzen dituztenei, eta “harremanei eustea eta modu seguruan programatzea hain zaila gertatu den pandemia-garai honetan proposamen eta jarduerak aurrera ateratzeko egindako ahalegina” eskertu die. “Zuen inplikazioarekin eta dedikazioarekin, zentroetara joan diren guztien bizitza hobetzea lortu duzue”.

2010ean jarri zen abian batzordeetan oinarritutako partaidetza-eredu hori. Geroztik, bai Adinekoen Zerbitzuak, bai zentroetako animazio taldeak erabiltzaileen partaidetzaren alde egin izan dute, Bizan sareko zentroetan gauzatzen diren jardueren antolakuntzari dagokionean.

Urtero, biltzarra egiten dute batzorde horietako kideek egun batez, eta hainbat dinamikatan parte hartu eta hitzaldi bat entzuten. Aurtengoa, Fidel Delgado psikologo klinikoak eman du.

 

Share

Carlos Pérez Uralde irrati-antzerkiaren VI. lehiaketako sariak banatu dira

‘Ezkontzaren Katramila’ eta ‘El tiempo de las sirenas’ gidoiak saritu dira

 

Gaur goizean banatu dira Carlos Pérez Uralde irrati-antzerkiaren VI. lehiaketako sariak Gasteizko Principal antzokian. Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiak sustatzen du ekimena, Gasteiz Irratia-EITBren laguntzaz, eta soinu bidezko fikzioa bizirik mantentzea du xede.

Hezkuntza eta Kulturako zinegotzi Estíbaliz Canto, EITBmediako irrati ataleko zuzendari Urko Aristi eta Laboral Kutxako Komunikazio, Babes eta Gizarte Ekintzako lurralde-arduradun Kepa Koldo Ortiz de Urbina izan dira ekitaldian. 

Estíbaliz Cantok azpimarratu duenez, “edizio hau arte eszenikoen esparruan sorkuntza bultzatzeko beste apustu bat da, ikuspegi berezi batetik: irrati-gidoia. Seigarren deialdi honetan 71 gidoi jaso dira, 65 gaztelaniaz eta 6 euskaraz.  Gehienak Espainiako Estatutik iritsi dira, 48 (horietatik 17 Euskal Autonomia Erkidegokotik eta Nafarroatik); gainera, Hego Amerikako 20 lan eta Europar Batasuneko hainbat herrialdetako 3 lan jaso dira.

Gaztelaniazko modalitatean, Tomás Afánen ‘El tiempo de las sirenas’ lanak eraman du saria; euskarazkoan, berriz, Goiz Eder Iturainen ‘Ezkontzaren katramila’ lanak.

Hautatutako proposamenak Gasteiz Irratiak emango ditu, azaroaren 29tik aurrera. Gasteizko antzerki-eszenarekin lotutako pertsonek zuzendu eta interpretatu dute lanen edizioa, eta saritutako lanen zatitxo bat eskaini dute aurkezpenaren amaieran.

Share

Florida kalea —Green Capital plazatik Ramon Ortiz de Zarate kaleraino— moztera behartuko dute bihar zoladura sendotzeko lanek

FLORIDA TRAFIKO MOZTEA

 

Gasteizen zorua sendotu eta hobetzeko kanpainako lanek Florida kalea moztera behartuko dute bihar, Green Capital plazatik Ramon Ortiz de Zarate kalearekiko bidegurutzeraino. Baldintza meteorologikoek aukera ematen badute bakarrik egingo dira asfaltatze-lanak. Aurreikuspenak optimistak dira, une honetan.

Lanek eragingo dioten Florida kalearen zatian barrena zirkulatu ohi duten gidariek Pio XII.aren kaletik jo beharko dute, gero Jesus Guridi kale hartu, Bake kaleraino, eta Ramon Ortiz de Zarate kalean barrena iritsi Florida kalera.

Urtaranen gobernuak Gasteizko aparkalekuak, asfaltatuak eta espaloiak hobetzeko sustatutako plana aurrera doa, hiriko 13 kaletako galtzadetan egiten ari diren obrak tarteko. Hain zuzen ere, 190.000 euroko inbertsioa egingo da, hainbat zonetako zoladura sendotzeko, eraberritu eta saneatuz. Kale hauetako leku jakinetan ari da egiten lan horiek Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Saila:

 

Adriano VI.aren kalea

Argentina kalea (Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalearekiko bidegurutzea)

Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalea

Serafin Ajuria kalea

Amurrio kalea

Agirrelanda kalea

Mexiko kalea

Jose Atxotegui kalea.

Florida kalea

Aiala Kantzilerraren kalea

Manuel Iradier kalea

Jose Mardones kalea

Arriagako Kofradiaren kalea

 

Aiala Kantzilerraren kalean ere lan egingo dute bihar lantaldeek, Joan XXIII.aren kalearekiko bidegurutzean, baina kasu horretan ez da trafikoa moztu beharrik izango. Ostegunean, berriz, Florida kalearen beste zati batean arituko dira, Ramon Ortiz de Zarate kaletik Amarika plazara bitartean, eta Prado kalean. Hor ere ez da beharrezkoa izango trafikoa moztea.

Share

Atxilotua bikotekideari eraso egiteagatik

Udaltzainek atzo 41 urteko gizonezko bat atxilotu zuten ustez bikotekideari eraso fisikoak egin izanaren delituagatik. Guztia Arriaga-Lakua auzoko etxebizitza batean gertatu zen, eztabaida baten ondorioz.

Udaltzainek gizonezkoa atarian topatu zuten. Harekin, bikotekidearekin eta bizilagun batekin (emakumearen oihuak entzun zituen) hitz egin ostean, gizonezkoa atxilotu zuten. Gaur eramango dute epailearen aurrera.

Share