Prentsa Oharren banner

Bihar hasiko dira Gasteizko 13 kaletako asfaltoa hobetzeko lanak, Adriano VI.aren eta Tomas Zumarraga Dohatsuaren kaleetatik

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak 190.000 euro inbertituko ditu zuloak betetzeko lan horietan

Urtaranen gobernuak Gasteizko aparkalekuak, asfaltatuak eta espaloiak hobetzeko sustatutako plana aurrera doa. Izan ere, bihar bertan hasiko dira hiriko 13 kaletako galtzadak asfaltatzeko lanak. Lanak hilabeteko epean egingo dira eta 190.000 euroko inbertsioa izango dute. Hainbat gunetako zoladura eraberritu eta saneatuko da, eta zorua birjarriko. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak kale hauetako leku jakinetan egingo ditu lan horiek:

Adriano VI.a
Argentina
Tomas Zumarraga Dohatsua (Argentina kalearekiko izkinan)
Serafín Ajuria Margolaria
Amurrio
Agirrelanda
Mexiko
Jose Atxotegi
Florida
Aiala Kantzilerra
Manuel Iradier
José Mardones
José Lejarreta

Arriagako Kofradia

Lehenengo obrak Adriano VI. aren kalean eta Tomas Zumarraga Dohatsuaren eta Argentina kaleen arteko bidegurutzean egingo dira, bihar bertan. Ostiralean, taldeak Amurrio kalera (Aiarako Taldearen kalearekiko bidegurutzearen ondoan) eta Agirrelanda kalera joango dira. Astelehenean, berriz, José Mardones kalean eta Arriagako Kofradiaren kalean arituko dira makinak. Datorren asteartean, aurreikuspenak betetzen badira, Manuel Iradier kalean egingo dute lan (Sagrado Corazón ikastetxeko patioaren irteeraren eta autobus-geltokiaren artean). Ondoren, aurreikusitako gainerako jarduerak egingo dira. Lan guztiak trafikoa inoiz ere erabat moztu gabe egingo dira. Lanek eragindako erreiak aldi baterako baino ez dira moztuko.

 

Gasteiz hobetzeko esku-hartze horiek, gainera, Mendizabaleko aparkalekuaren erreformarekin bat egiten dute, zeina dagoeneko martxan baitago, milioi bat euroko inbertsioarekin. “Esku-hartze horiek guztiek eragin zuzena dute gure espazio publikoaren kalitatean, eta bizikletaz edo ibilgailu pribatuz mugitzea nabarmen hobetzen dute“, azaldu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok.

Share

Prentsa-deialdiak (2021-11-11)

‘Illustraciencia’ erakusketa aurkeztea

Parte hartzaileak. IGIko zuzendari Imanol Zabaleta; Hirigintza eta Ingurumen foru saileko zuzendari Natividad López de Munain; eta UPV-EHUko irudigile eta irakasle José Antonio Morlesin.

Eguna. Osteguna, azaroak 11

Ordua. 11:00

Tokia. Ataria, Salburuko interpretazio zentroa

Share

Gizarte zerbitzuen aurrekontua % 5 hazi eta 46,4 milioira iritsiko da

 

  • Kontu berriek Adinekoen Bulegoa eta Berpizkundearen plazako Eguneko Arreta Zerbitzua irekitzeko partidak barne hartzen dituzte.

 

  • Udalak bere gain hartzen du Etxean Laguntzeko Zerbitzu osoa, eta 14,7 milioi bideratuko ditu horretara.

 

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak bere sailaren aurrekontu-proiektua aurkeztu du gaur goizean. 2022an 46,4 milioi eurokoa izango da, aurtengo ekitaldian baino % 5 gehiago.

Gizarte-zerbitzuek inoiz izan duten aurrekonturik handiena izango dute, 2021ean baino 2,2 milioi gehiago. “Udalak ez du inoiz hainbeste baliabide ekonomiko bideratu gizarte-arlora. Konbentzituta gaude pertsona babesgabeenen autonomia eta ongizatea hobetzeko eta gure hiriaren kohesio soziala bultzatzeko beharrezko ahalegina dela”, adierazi du Armentiak.

Zinegotziak azaldu du 2022an garatuko direla aurten gauzatu ezin izan diren proiektuak, dela pandemiaren ondorioz –Adinekoen Bulegoa eta San Bizente Paulekoaren kaleko jantoki soziala–, dela arrazoi teknikoengatik, Berpizkundearen plazako Eguneko Arreta Zentroaren kasuan, non kontratua suntsiarazi behar izan zen enpresa eraikitzaileak hura ez betetzeagatik.

Era berean, Armentiak ziurtatu du Adinekoen Bulegoa (10.000 €) Florida parkeko Txoroleku zaharrean kokatuko dela: “erdiguneko leku irisgarri bat da, eta 60 urtetik gorako pertsonei informazioa eta orientazioa emango diegu bertan. BIZAN sareari laguntzeko baliabide bat izango da, non erabiltzaileak izapideak egin eta informazioa bildu ahal izango duen”. 

Berpizkundearen plazako Eguneko Arreta Zentroa irekitzeko 120.000 euroko partida prestatu da, eta 60.000 euro, berriz, Erdi Aroko hiriguneko jantoki sozialerako. Baliabide hori udalaren bigarren jantoki soziala izango da, aurten, Arkupeetan, lehena zabaldu baitzen.

Bestalde, Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Saila lanean ari da Pilar auzoan adinekoentzako jantoki bat egiteko. “Pilarreko Bizanen kokatu nahi dugu. Gure ustez, zerbitzu horrek zentroetan bertan integratuta egon behar du, ez baititu soilik elikadura-beharrak ase behar, baizik eta pertsonen arteko topaketak eta harremanak ere bultzatu behar dituela; eta hori Bizanetan lantzen da”. Proiektu hori aurrera eramateko 10.000 euro prestatu dira.

 

Etxean Laguntzeko Zerbitzua

Aurrekontu sozialeko partidarik garrantzitsuena Etxean Laguntzeko Zerbitzura bideratutakoa da; 14,7 milioi izango ditu, aurten baino 2,3 milioi gehiago. Udalak zerbitzuaren kudeaketa osoa bere gain hartu du, eta, beraz, urtarrilaren 1etik aurrera, udal-kudeaketakoak izango dira orain arte Arabako Foru Aldundiarenak ziren etxean laguntzeko zerbitzuaren dosierrak. Hortaz, aurrekontua igo da.

Gizarte-laguntzen arloan, Komunitate Jardueraren Zerbitzurako, 10 milioi euro inguruko aurrekontua egin da, 2020an baino 281.000 euro gehiago; Gizarte Inklusioaren Zerbitzuak, berriz, 324.000 euro gorde ditu gizarte-arretako laguntzetarako, hau da, aurrekontua % 18 handitu da.

Aurrekontuan gehien hazi den beste partidetako bat Gizarteratu programako ikastaroetara bideratutakoa da, 767.000 euro izango baitituzte. Lantegi horiek zaurgarritasun-egoeran dauden eta pixkanaka beren jarduera berreskuratzen ari diren pertsonei daude zuzenduta, eta pandemiaren ondorioz ezin izan dira ohi bezala burutu.

Haurtzaro eta Senitarte zerbitzuan, Haurrentzako Tokiko Planak eta Haur eta Gazteentzako Parte Hartze Programak 120.000 euro izango dituzte bakoitzak. Bestalde, haurren bat babesgabezia-egoera moderatuan duten familiei laguntzeko LGE programak 520.000 euroko aurrekontua izango du.

 

Garapenerako lankidetza 

Garapenean Laguntzeko Zerbitzuak 2,4 milioi euro inguru izango ditu, 2021ean baino % 7,4 gehiago. Gora egin du lankidetzarako dirulaguntzen partidak (167.000 €), eta eutsi egin zaie Larrialdietarako Arabako Funtsarekin, SEADen Lagunekin, Euskal Fondoarekin, Afanisekin, GKEen koordinatzailearekin eta Bidezko Merkataritzarekin sinatutako hitzarmenei.  Gainera, Afrika Elkartearekin ere hitzarmen bat egin da.

 

 

Share

Klima-aldaketaren aurkako konpromisoa, eraikitako ondarean inbertitzea, hiria garbitzea eta birgaitze-politikak dira Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren Sailaren partida ekonomiko nagusiak

Ana Oregik gidatzen duen sailak,  udal-aurrekontuan ekonomiko handienekoak, inbertsio hauek aurreikusten ditu: landa-eremuko azpiegiturak, Goya eraikina, Principal antzokia, Iradier Arena, Maturana-Berastegi jauregia, ABZ, Aramangelu-Abetxuku eta Erdigunerako Masterplana

 

 

Birgaitzera bideratutako aurrekontua da, klima-aldaketaren aurka borrokatzeko ekintzetan konpromiso ekonomiko eta planifikazio argiak dituena, eta Garapen Jasangarriaren Helburuekiko konpromisoen 2030 Agendara bideratua. Horixe da gaur goizean Lurraldearen eta Klimaren Aldeko Ekintzaren zinegotzi ordezkari Ana Oregik aurkeztutako aurrekontu-proiektua.  Izan ere, ingurumenarekin eta hirigintzarekin lotutako gaiak biltzen dituen arlo handi horrek du pisu ekonomiko handiena udal-aurrekontuan (50,8 milioi euro).

Ana Oregik gogorarazi du udal-aurrekontuen proiektu orokorra Garapen Jasangarriko Helburuetan oinarrituta antolatu dela lehen aldiz. Aurrekontuak jasotzen dituen 409 milioiak Nazio Batuen Erakundeak finkatutako 17 helburuetako 16tan banatuta daude. Esleipen ekonomiko handiena duen erronketako bat da, hain zuzen ere, 11. GIH-“Hiri eta komunitate jasangarriak”: 98,9 milioi euro guztizko udal-kontutik.

Sailaren beraren aurrekontuak alderdi hauek jasotzen ditu, besteak beste: landa-eremuko azpiegituretarako inbertsioak (490.000 euro); Goya eraikina, Principal antzokia (950.000 euro) eta Iradier Arena berritzeko proiektuak; larrialdiko esku-hartzeak Maturana-Berastegi jauregian; ABZ (milioi bat euro); Aramangelu-Abetxuku (300.000 euro); Erdigunerako Masterplana (250.000 euro), eta Hirigune Historikoko Plan Berezia berrikustea (200.000 euro). Udal ondarean egitekoak diren inbertsioek, berriz, milioi bat euro egiten dute.

Bestetik, 2025era arte etxebizitzak birgaitzeko 4 milioi euro baino gehiago aurreikusten ditu, 305.000 euro trantsizio energetikorako inbertsioetan, eta 75.000 euro Zaraten Maparen Ekintza Planerako. Horretaz gain, Miren Fernández de Landa zinegotziak landa-eremuan eta César Fernández de Landak ingurumen-plangintzan eta -kudeaketan egitekoak diren beste ekintza batzuk aurkeztu dituzte.

Share

Ekonomia Sustapenak 13,2 milioi euro inbertituko ditu gizartea eta ekonomia bultzatzeko

 

  • Aurrekontuaren % 60 Gasteizen kalitateko enplegua sustatzera bideratuko da

 

Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren zinegotzi Maider Etxebarriak eta Enpleguaren eta Merkataritzaren zinegotzi ordezkari Igor Salazarrek agerraldia egin dute, gaur goizean, sailaren 2022ko aurrekontua aurkezteko.

Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailak 13,2 milioi euroko aurrekontua izango du, guztira, datorren urterako, hau da 2021ean baino % 1,4 gehiago. Hirugarren urtez jarraian egin du gora legegintzaldi honetan; 2019ko aurrekontua 7,2 milioi eurokoa izan zen; 2020an 11,9 milioikoa, eta 2021ean 13 milioikoa. Beraz, % 83ko igoera izan da orain arte legegintzaldi honetan. 

“Iaz ez bezala, aurten sentsazio onak ditugu arlo ekonomikoan. Zuhur jokatu behar dugu, eta birusaren bilakaera zaindu, baina ikus dezakegunez, gobernuak pandemiari aurre egiteko egindako kudeaketak lagundu egin du enpleguko datuak, enpresen itxaropenak eta kontsumitzaileen konfiantza hobetzen. Bizitza gehiago dago kalean, ekitaldi gehiago, baina badira erronka ugari ere. Hori dela eta, 2022. urtea gakoa izango da, eta horregatik oso argi dugu erresistentzia-etapa bazter uzteko eta berraktibazio-etapan aurrera egiteko balio behar duela aurrekontuak.

Lehen alkateordeak adierazi duenez, enpleguak izango du, berriz ere, zuzkidurarik handiena, 7,9 milioiko aurrekontua izango baitu 2022an. Hau da, Ekonomia Sustapenerako aurrekontuaren % 60  enplegua sustatzera bideratuko da. Kopuru horretan sartuko dira Lanbide bidez kontratatzeko partidak, eragile ekonomikoekiko hitzarmenak eta enplegua egonkortzeko udal deialdia.

Merkataritza eta Ostalaritzak Zerbitzurako ere bada igoerarik Etxeberria eta Salazar zinegotziek aurkeztutako proiektu ekonomikoan, 1,5 milioi euro esleitu baitzaizkio, hau da, 2021ean baino % 13,5 gehiago. Sustapen-kanpainetarako laguntzak zein hitzarmen eta Eguberrietako argiak sartzen dira kapitulu honetan. Partiden artean azpimarratzekoa da merkatuen arloko inbertsioei dagokiena, lehengo halako bost baita, 125.000 eurora iritsita.

Bestetik, Biltzar eta Turismo Zerbitzura bideratuko dira sailaren aurrekontuko 1,4 milioi, beraz, % 11 gehiago. “Beti defendatu izan du Gasteizko potentzial turistikoa, ikur jasangarria delako eta ondareaz eta gastronomiaz harro ager daitekeelako” gogorarazi du Etxebarriak. 2022ko aurrekontuko partidek sektorearen lehiakortasuna hobetzea, turismoa sustatzea, Umbara Light Festival bezelako ekitaldiak, Europa eta Goiuri jauregiak hobetzea eta sektorearekiko lankidetza barne hartzen dute, baita biltzar, ekitaldi edo kanpoko kanpainen bitartez hiria promozionatzeko proiektuetarako laguntzak ere.

“Aurrekontu honen bitartez, enpresak sortzeko eta finkatzeko, merkataritza eta ostalaritza ezarri, modernizatzeko eta digitalizatzeko laguntzak finkatzen ditugu. Enpleguan egonkortasuna sustatzeko eta ekonomia-zirkularrerako proiektuetarako laguntzak ere handitu dira. Kasu guztietan, irekita uzten da deialdietarako zenbatekoak handitzeko aukera, aurten egin den bezala, baldintzak betetzen dituzten eskabide guztiek udalaren babesa izan dezaten. Inor atzean ez uztea da helburua” azpimarratu du lehen alkateordeak.

Halaber adierazi du krisia gainditzeko Udalean ordezkaritza duten talde politiko guztiek “indarrak batu” beharra, bai eta erakundeen arteko harremanak estutzekoa ere. “Iradokizunak jasotzeko eta guztiekin adosteko prest gaude. Akordio ona lortzea espero dugu, ulertezina izango litzatekeelako hiriak aurrekontu-luzapena izate 2022an, biziberritzeko urte gakoan” nabarmendu du Etxebarriak.

 

 

Share

Alzheimerrari buruzko IX. Kongresu Nazionala egingo da Gasteizen

Hori dela eta, hiriko eraikin enblematikoetako batzuk berdez argiztatuko dira.

 

Azaroaren 10etik 13ra Alzheimerraren IX. Biltzar Nazionala egingo da Gasteizen. Hori dela eta, Gasteizko Udalak berdez argiztatuko du udaletxearen fatxada, baita Florida eta Los Arquillos kioskoak ere, hala nola Antso Jakitunaren eta Santa Barbara plazako pergolak.

“Zero omisio. Zero Alzheimerra” lelopean  biltzarrak izaera asoziatibo eta sozialeko edukia izango du ardatz. Bilkura horren helburu nagusia zera da:  bertaratzen direnentzako Kongresu erabilgarria izatea eta beste baliabide publiko eta pribatu batzuetan ezartzeko balioko duten ezagutzak bildu eta eskaintzea.

Alzheimer dementzia mota bat da, arazoak eragiten dituena memorian, pentsamenduan eta portaeran. Oro har, sintomen garapena geldoa da, eta okerrera egiten dute denborak aurrera egin ahala, harik eta, guztiz larri bilakatu direlarik, oztopatu egiten duten eguneroko zereginetan aritzea  Arrisku-faktore ezagunena adina da; izan ere, kasu gehienak 65 urtetik gorakoak dira. Behin gaixotasuna atzeman delarik, hura pairatzen dutenek zortzi urtez bizi dira batez beste, baina badira lau urte iraun dutenak, eta baita 20 urte ere. Zuzenean pairatzen duten gaixoen eta horiek zaintzen dituztenen artean, kalkulatzen da bost milioi pertsona ingururi eragiten diela estatuan.

 

Share

Iradokizun eta Erreklamazio Batzordearen ordu-aldaketa ((2021-11-18)

Sindiko edo Herritarren Defendatzailearen agenda-arazoak direla eta, Iradokizun eta Erreklamazio Batzorde Bereziak 2021eko azaroaren 18ko  10:00etan egitekoa zuen ohiko bilkura egun bereko 12:00etan egingo da.

Eledunen Batzarra kontra agertzen delarik salbu, eraginkor izango da aldaketa hori.

Batzordeburua

Izp.: Alberto Porras Conde

Share

Herrandarren kalea eraberritzea eta Oroimenezkoaren ingurunea egokitzeko obren hirugarren fasea nabarmentzen dira Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailaren aurrekontuan, zeina % 12 hazi baita

Gasteizko Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak 33 milioi euroko aurrekontua izango du datorren ekitaldian, udal-gobernuak aurkeztutako kontu-proiektuaren arabera. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok baieztatu du aurrekontua asmo handikoa dela eta aurreko urtearekin alderatuta % 12 hazi dela. “Mugikortasun iraunkor eta osasungarriaren aldeko apustua egiten dugu, tranbia luzatuz eta BEI abian jarriz. Garapen Jasangarriaren Helburuek markatzen diguten bidetik joateko aukera emango diguten proiektuak garatzen jarraitzen dugu. Eta, gainera, prest egongo gara europar funtsak lortzeko“, ziurtatu du zinegotzi ordezkariak.

Sailaren aurrekontu-proiektuak jasotzen dituen esku-hartze guztien artean, bi obra nabarmentzen dira, “ilusio handia ematen digutenak: Oroimenezkoaren ingurunea eraldatzeko hirugarren fasea, eta, batez ere, Herrandarren kalearen eta José Mardones kalearen ardatza eraberritzea. Nire ustez, proiektu horrek Gasteizko ADNan dauden ezaugarri asko bil ditzake: Herrandarren kalea birnaturalizatu nahi dugu, konektore berde handi bihurtzeko. Asfaltozko kale hori pasealeku handi bihurtu nahi dugu, lorategiak, hiri-baratzeak, ur-eremuak eta jolasteko guneak dituen ibiltoki handi bat“, azaldu du Raimundo Ruiz de Escuderok.

Herrandarren eraldaketarako aurreikusitako lehenengo jarduketa handia ekialdeko zirkulazio-galtzadak batzea izango litzateke, eta Herrandarren kaleko zirkulazioa José Mardones kalearen ondora aldatuko. Hartara, orain asfaltatuta dagoen azalera handi bat libre geratuko litzateke oinezkoentzat. Puntu horretan, hiriko bide berde bat sortuko litzateke, kilometro erdiko bulebar berde zabal bat. Esku-hartzearekin batera bidegorri berriak egingo dira bi norabideetan, baratzeetarako eta aisialdiko ardatz bat (joko naturalizatuak dituen parke bat barne) eta laku bat (euri-uren urmael gisa); orobat, Herrandarren Institutuaren ondoan dagoen kirol-eremuan berdegunea jarriko da, eta erabilera berria emango zaio autobus-geltoki zaharrari.

Oro har, diseinatutako aurrekontuak Sailaren eta gobernuaren sei ardatz estrategikoak garatzen jarraituko du: “Kanpoaldera eta barrualdera konektatutako hiria eta mugikortasun iraunkorra”, “Bizi-kalitatea eta kohesioa”, “Hiriko ekonomiaren finkapena”, “Hiri berde eta iraunkorra”, “Harro egoteko moduko hiria, mundura irekia” eta “Gobernantza: kudeaketa eraginkorra, arduratsua eta irekia”.

Horretarako, alderdi hauekin lotutako partida ekonomikoak aurreikusi dira: BEI martxan jartzea eta tranbia Salburura eta Zabalganera hedatzea; bide-segurtasuna sustatzea; bizikleta-konexioak areagotzea; Gasteizko auzoetan obrak eta inbertsioak egitea, hala nola Aldabe kalearen ingurua oinezkoentzat bihurtzea edo emisio txikien lehen eremua diseinatzea; hiri-mantentzea eta argiteria elektrikoa hobetzea; asfaltoa berritzea; zuhaiztiekin eta auzoetako azpiegitura berdearekin lotutako esku-hartzeak, superetxadien garapena, trafikoa hobetzea, Mobility Lab martxan jartzea, eta beste.

“Prest gaude gizarte gasteiztarrak testuinguru zail honetan jotzen dizkigun erronkei aurre egiteko. Eman dezagun guztiok maila eskakizun horiek betetzeko“, esan du Raimundo Ruiz de Escuderok.

 

 

Share