Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-11-16)

“Foro Álava Objetivo 2022” jardunaldia inauguratzea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Asteartea, azaroak 16

Ordua. 9:30

Tokia. Europa Biltzar Jauregia, Francisco de Vitoria aretoa

—————————————————–

Emakume Enpresarientzako AMPEA Sariak banatzea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Asteartea, azaroak 16

Ordua. 19:00

Tokia. Artium museoa

 

Share

Eldako alkate eta Valentziako Udalerrien eta Probintzien Federazioko presidentearen bisita instituzionala Gasteizera

Valentziako agintariak ezagutu ahal izan ditu Arabako hiriburuko oinezkoentzako espazioak bihurtzeko prozesuak

Eldako alkate eta Valentziako Udal eta Probintzien Federazioko presidente Ruben Alfaro Gasteizen izan da gaur goizean. Topaketa instituzional horren baitan, esperientziak partekatu ahal izan ditu Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta EUDELeko presidentearekin eta Gasteizko Udaleko udal-teknikariekin.

Eldako alkatearen eta bere taldearen helburuetako bat Gasteizen azken urteotan egin diren oinezkoentzako alderdiak sortu eta trafikoa lasaitzeko prozesuak bertatik bertara ezagutzea zen. Horretarako, Saray Zarate Gasteizko Udaleko Lurraldeko, Klimaren aldeko Ekintzako, Mugikortasuneko eta Espazio Publikoko koordinatzaile nagusiak eta Ainhoa Etxeandia Mugikortasuneko eta Espazio Publikoko zuzendariak azalpenak eman dituzte. Adibidez, iaz Biktimen Memorialaren inguruan egindako espazio publikoaren esku-hartzea ikustera hurbildu dira.

 

Share

Lau atxilotu droga-trafikoaren ustezko delituagatik

Udaltzainek ostiralean 52 eta 28 urteko bi gizonezko eta haien bikotekideak, 50 eta 32 urtekoak, atxilotu zituzten droga-trafikoaren delituaren ustezko egileak izateagatik.

Agirrelandako Ikerketa Unitatea osasun publikoaren aurkako ustezko deliturik egon zitekeen ikertzen ari zen irailetik Lakua auzoko etxebizitza batean droga saltzen ari zirela ohartarazi zuten hainbat informazio jaso ostean.

Unitateko udaltzainek zaintzak eta kontrolak egin zituzten eta atarian eta handik oso gertu gelditzen ziren ibilgailuetan pertsonen mugimendu handia detektatu zuten. Ibilgailuetan zihoazenen eta komunitateko bizilagun baten arteko kontaktuak oso bizkorrak eta presazkoak izaten ziren.

Mugimendu horiek eguneko edozein unetan gertatzen ziren eta, ondorioz, zaintza areagotu zuten. Hala, pertsona hura kokaina-trafikoaz arduratzen zela eta senide batek merkantzia ematen ziola baieztatu zuten.

Ostiral goizean, Gasteizko 4. instrukzio-epaitegiarekin elkarlanean, bi gizonezkoak eta haien bikotekideak atxilotu zituzten (bikotekideak negoziorako ustezko laguntzaile gisa).

Azken emakumea, atxilotu aurretik eta beste pertsonak atxilotu egin zituztela susmatuta, etxean zuen droga suntsitzen saiatu zen. Dena den, udaltzainetako batek substantzia gordeta zuten fardelak topatu ahal izan zituen.

Atxiloketen ostean, Ikerketa Unitateak, Ertzaintzaren Ertzainor Unitatearen laguntzarekin, bi bikoteen etxebizitzak eta ibilgailuak erregistratu zituen. Ustezko saltzailearen etxean 21 gramo kokaina eta monodosiak prestatzeko hainbat elementu topatu zuten. Gainera, bi etxebizitzetan 38.000 euro inguru aurkitu zituzten eskudirutan. Gizonezkoak epailearen aurrera eraman eta hark espetxeratzea agindu zuen. Aldiz, emakumezkoak aske utzi zituzten karguekin.

 

Lapurreta-saiakera 

Udaltzainek 29 eta 26 urteko bi gizonezko atxilotu zituzten ostiral eguerdian etxebizitza batean saiakera graduan lapurreta-delituaren ustezko egileak izateagatik.

Guztia 11:30 inguruan gertatu zen Koordinazio Zentralak patruila baten laguntza eskatu zuenean Manuel Iradier kaleko bizilagun batek bere etxebizitza pareko etxeko atea irekitzen saiatzen bi gizonezko ikusi zituelako. Atea irekitzea lortu ez zutenez, handik alde egin zuten gero gizonezkoek.

Patruila bat bertaratu eta Lope de Larrea kalean harrapatu zituen. Udaltzainek azaleko miaketa egin zieten eta haietako bati arropa beltzak eta 50 euroko hamaika billete zituen diru-zorroa topatu zizkioten. Aldiz, besteak ateak markatu eta irekitzeko materiala zeraman.

Share

Tejiendo Redes programak Zaragoza eta Iruñeko gazteek egindako bi antzezlan ekarriko ditu Gasteizera

Zaragoza eta Iruñeko gazteek egindako bi antzezlan izango dira Gasteizen, “Tejiendo Redes” programari esker. Ekimen hori 2014an hasi zen gure hirian, gazteriaren arloko politika publikoen alorrean erakundeen arteko koordinazio-kanal bat irekitzeko asmoz Estatuko beste udalerri batzuekin. Orduz geroztik, hainbat udalekin (Logroño, Zaragoza) lan egin da, musika-diziplinen eta poesiaren sustapenaren, esperimentazioaren eta sorkuntzaren arloko lan-esperientziak gazteekin partekatzeko.

Oraingo honetan, antzerkiari ere egin zaio lekua. Azaroan eta abenduan, Gauekoak programazioaren barruan, gazteek egindako eta Zaragoza eta Iruñeko Udalek bultzatutako bi antzezlanez gozatzeko aukera izango da Gasteizen.

Lehenengo obra, Ciudadanía, Zaragozatik dator, 18-25 urte bitarteko gazteei zuzendutako Experimenta Teatro programaren bidez.

Ciudadanía gazte baten aurkikuntza sexualari buruzko antzezlana da. Ingurukoek ez diote oso ondo ulertzen, eta horrek ez dio laguntzen bere orientazioari buruz sortzen zaizkion zalantzak argitzen.

Antzezpena azaroaren 27an (larunbata) izango da Jesús Ibáñez de Matauco antzokian (Hegoalde), 19:00etan. 

Bigarren obra, Un Cuento, Iruñeko Udaleko Gazteria Zerbitzuaren beste programa baten emaitza da eta haurrei zuzenduta dago. Tolerantziari buruzko metafora bat da, umore kutsu batekin.

Un cuento  Ibaiondoko gizarte-etxeko Felix Petite antzokian oholtzaratuko da, abenduaren 17an (ostirala), 18:30ean.

Sarrerak doakoak dira eta Entradium plataformaren bidez eskuratu ahal izango dira azaroaren 8tik eta 29tik aurrera (hurrenez hurren).

Gauekoak programari buruzko informazio eta jarduera gehiago, udalaren webgunean eta sare sozialetan.

@gauekoak.gasteiz.

@vggaztea

 

 

 

 

Share

Gizarte Politiken Batzordea (2021/11/22)

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren, Gazteriaren, Berdintasunaren, Bizikidetza eta Aniztasunaren eta Garapenerako Lankidetzaren Batzordea (2021/11/22)

Gai zerrenda: 11-22 Gizarte P B

Share

Minbiziaren kontrako bus aktiboa aurkeztu du Gasteizek, paziente eta senideentzako baliabideei buruzko informazioarekin

TUVISAk eta Minbiziaren kontrako Arabako Elkarteak ibilgailu bat errotulatu dute, minbizia dutenentzako doako zerbitzuak ezagutarazteko.

 

Minbiziaren kontrako bus aktiboa Gasteizko kaleetan barrena ibiliko da bihartik aurrera. TUVISAren ibilgailu bat da, eta Minbiziaren kontrako Arabako Elkarteak paziente eta senideentzat eskaintzen dituen doako baliabideei buruzko informazioa emango du.

TUVISA, CONTRA EL CÁNCER ÁLAVA eta Promedios elkarteen baterako ekintza horrek Vital Fundazioaren, Cafés la Brasileñaren eta Axa Zabalganaren lankidetza ere badu, eta elkarteak minbizia dutenentzat eta haien senideentzat eskaintzen dituen zerbitzuak zabaltzea du helburu. Ildo horretatik, lan-ildo hauek nabarmenduko dira biniloetan: prebentzioa, laguntza, gizarte-arreta, arreta psikologikoa, boluntarioak, ikerketa eta ‘Infocáncer’ doako telefonoa, 900 100 036.

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek babesa adierazi dio Arabako Minbiziaren kontrako Elkarteari, eta oso modu positiboan baloratu du kaltetuen alde egiten duen lana. “Gaixotasun hori dutenei eta haien senide eta gertukoei laguntzeko egiten duzuen ahalegina harro egoteko modukoa da gasteiztarrontzat. Herritar guztiak eta, batez ere, minbizia dutenak animatzen ditut elkartearekin harremanetan jartzera eta doan izan ditzaketen baliabide guztiei buruz informatzera, beren bizitza apur bat errazagoa izan dadin”, nabarmendu du alkateak.

Arabako Minbiziaren kontrako Elkarteko presidenteak, Patxi Ormazabalek berriz, akordio honen garrantzia azpimarratu du “gure doako zerbitzuez informatzeko eta pertsona gehiagorengana iristeko. Jakin dezatela hemen gaudela eta dei diezaguketela behar dutenean. Autobus honek gure zerbitzuak ezagutzera emateko aukera emango digu, gaixotasunaren prozesuan psikologoren bat edo gizarte-langileren bat behar duten guztiek erraz eskura dezaten. Eskuragarri gaude 945 263 297 telefonoan edo gure egoitzan, Porticada Plazan 1, beheko solairuan.

Karmele López de Uralde paziente eta zerbitzu horien erabiltzailearen testigantza ere helarazi du elkarteak minbiziaren kontrako bus aktiboaren aurkezpenean. “Beldurrak gorputza harrapatu duen gaixotasun berria onartzea eta horri buruz hitz egitea eragozten dizunean, zein garrantzitsua den Arabako Minbiziaren kontrako Elkartea bezalako leku batera joatea, bertako profesionalek zuk baino hobeto baitakite zer gertatzen ari zaizun… Esperientziak, entzuten jakiteak, pazientziak, hurbiltasunak eta enpatiak galdutzat zenuen zerbaiten alde, zure bizitzaren alde borrokatzeko gai egiten zaituzte. Eskertuta egongo naiz beti, eta behar dutenean bertaratzera animatuko pertsona guztiak”, esan du Karmele López de Uraldek.

Urtebetez emango du zerbitzua autobus honek Gasteizko kaleetan zehar.

 

 

 

 

Share

Mayumana, Donostiako Orfeoia, Juan Diego Botto eta Yllana Gasteizen izango dira Gabonetan

Udalaren Antzoki Sareak 14 ikuskizun programatu ditu abenduaren 3tik urtarrilaren 8ra bitartean

 

Udalaren Antzoki Sareak 2021-22ko Gabonetako denboraldia aurkeztu du: orotara 14 ikuskizun aurreikusi dira, abenduaren 3tik urtarrilaren 8ra bitartean. Programak Mayumana, Yllana eta Donostiako Orfeoiaren proposamen berriak aurreikusten ditu, baita Juan Diego Bottoren itzulera ere, 2021eko Antzerki Sari Nazionala jaso ondoren.

“Ohikoa denez, musika-, dantza-, magia- eta musika-ikuskizunek osatzen dute egitarauaren zati handi bat, baina aurten, publikoak aspalditik eskatzen zuena egia bihurtu dugu eta antzerkia ere sartu dugu, ikusle gehien izan ohi dituen generoa ere badelako”, iragarri du Estibaliz Canto Hezkuntza eta Kultura zinegotziak.

Denboraldia abenduaren 3an hasiko da, ostiralean, Euskadiko Orkestraren abonamenduko laugarren kontzertuarekin. Xostakovitx, Ginastera, Britten eta Glière konpositoreen lanak joko dituzte, Robert Treviñoren gidaritzapean. Principal antzokian.

Agertoki horretan bertan bi antzezlan izango dira. Ostegunean, hilak 9, Eneko Sagardoy eta Miren Gaztañaga protagonista dituen ‘Maitasunaren Itxiera’, maitasun harremanen erradiografia. Eta larunbatean, hilak 11, ‘Anfitrión de Plauto’ komedia, Juan Carlos Rubiok zuzendua, eta Pepon Nieto, Toni Acosta eta Fele Martínez protagonista direla.

Yllanaren umorea abenduaren 10ean itzuliko da Gasteizera, Félix Petite antzokira hain zuzen, ‘No todo son pulgas’ lanarekin. Antzoki horretan bertan, abenduaren 15ean —asteazkena—, Atalak Sareak dantza laborategi interesgarri bat aurkeztuko du, Amaia Elizaran euskal koreografoaren eskutik.

Principal antzokiko programaziora bueltatuz, abenduaren 16an (osteguna) Juan Diego Bottok, 2021eko Antzerki Sari Nazionalaren irabazleak, ‘Una noche sin luna’ oholtzaratuko du. Obra hori Gasteizera itzultzen da, iaz estreinatu baitzuen Antzerki Jaialdian.

Jesús Ibáñez de Matauco antzokian, berriz, Alberto San Juanek emanaldi bikoitza eskainiko du: ‘Lorca, New York en un Poeta’, eta kontzertua bere bandarekin. Urtarrilaren 17an.

Dantza da Gabonetako ohiko beste edukietako bat, eta oraingo honetan, Dantzaz konpainiak ‘Bat’ izeneko ikuskizuna aurkeztuko du abenduaren 18an. Migrazioei, identitateari edo mundu globalizatuan gizakiak bete beharreko lekuari buruz mintzatzen diren hiru lan biltzen ditu.

Udal Musika Bandak ere lekua izango du Gabonetako programazioan, abonamenduko hirugarren kontzertuarekin. Abenduaren 22an izango da hitzordua, Luis Orduñaren zuzendaritzapean: María José Belenguer eta Johan de Meij-en lanak interpretatuko ditu, eta, lehen aldiz, Txaikovskiren ‘Pianorako 1. kontzertua’.

Abenduaren 26an, igandean, Arabako Ilusionisten Elkarteak Mag Edgarden ‘Sonrisas’ ikuskizuna aurkeztuko du. Eta Aitzina Folk jaialdiak aurpegi ezagun baten aldeko apustua egin du: Carlos Nuñez. Abenduaren 27an bere lehen diskoaren 25. urteurrena ospatuko du.

Mayumaná konpainia ere Gasteizera itzuliko da bere azken lanarekin: ‘Currents’. Hiru emanaldi izango dira, perkusioz, dantzaz eta antzerki fisikoz beteak. Abenduaren 29an eta 30ean.

Urtarrilean dagoneko, hilaren 4an, EGO, Euskal Herriko Gazte Orkestrak programa barrokoa interpretatuko du, Bach, Vivaldi, Corelli eta Piazzollaren obrekin, Lina Tur Bonet biolinistaren zuzendaritzapean. Eta urtarrilaren 8an, Donostiako Orfeoiak itxiko du denboraldia, opera abesbatzak eta zarzuelak osatutako egitarau ikusgarri batekin.

Saio guztiak 19:30ean hasiko dira.

Programazio honen osagarri, Udal Antzoki Sareak Principal antzokira bisita gidatuak antolatu ditu. Urtarrilaren 9an euskaraz eta urtarrilaren 29an eta 30ean gaztelaniaz.

2022ko aurrerapena

Hezkuntza eta Kultura zinegotziak, halaber, dagoeneko finkatuta dauden bi ziklo iragarri ditu 2022rako.

Kontzertu Handien Zikloaren barruan, 4 hitzordu egongo dira. Otsailaren 19an, Fernando Velásquezek Idoia Asurmendi eta Eñaut Elorrieta zuzenduko ditu, orkestra sinfonikoarekin batera, ‘Neguko Disdirak’ lanean. Eta apirilaren 4an, Jordi Savallek ‘Todas las mañanas del mundo’ aurkeztuko du, Jean-Baptiste Lully & François Couperin, Sainte Colombe eta Marin Maraisen musika barrokoarekin.

Maiatzean, hilaren 27an, Carlos Mena kontratenorrak eta Agrupación Zapico taldeak ‘Yo Farinelli’ interpretatuko dute, eta ekainaren 1ean Camerata Ireland orkestra irlandarrak itxiko du zikloa, Mozart eta Beethoveni eskainitako programarekin.

XXI. Mendeko Flamenko Zikloari dagokionez, 5 emanaldi izango dira. Urtarrilaren 29an, Esperanza Fernández; otsailaren 12an, María Terremoto; otsailaren 26an, Luis Moneo; martxoaren 12an, Perico ‘El Pañero’ eta José Canela; eta martxoaren 26an, Pedro ‘El granaíno’. Saioak 19:30ean hasiko dira, Jesús Ibáñez de Matauco antzokian.

Gainera, pandemia dela eta bertan behera utzi behar izan zuten ikuskizunetako bat programatu dela iragarri du zinegotziak. Argentinako Les Luthiers konpainiaren ‘Viejos Hazmerreíres’ ikuskizuna martxoaren 11tik 13ra izango da Principal antzokian, eta sarrerak azaroaren 25etik aurrera eskuratu ahal izango dira.

Salmentari buruzko informazioa

Gabonetako programazioko ikuskizunetarako eta Les Luthiers taldearen ikuskizunerako, sarreren salmenta azaroaren 25ean hasiko da ohiko lekuetan. Online salmenta 10:00etan hasiko da; leihatilaren eta telefonoaren ordutegia 10:00etatik 13:00etara eta 17:30etik 19:30era izango da.

Hala ere, Mayumaná-ren ikuskizunerako sarrerak azaroaren 16tik aurrera egongo dira salgai, ohiko ordutegi eta puntuetan.

Kontzertu Handien Zikloari eta XXI. Mendeko Flamenko Zikloari dagokienez, abonamenduen salmenta abenduaren 14an eta 15ean hasiko da, 10:00etatik 13:00etara eta 17:30etik 19:30era. Abenduaren 16tik aurrera, leihatilako ohiko ordutegian eskuratu ahal izango dira.

Sarrera solteak, berriz, abenduaren 21ean jarriko dira salgai, 10:00etatik 13:00etara eta 17:30etik 19:30era; abenduaren 22tik aurrera ohiko ordutegian erosi ahal izango dira.

“Gasteiztarrak Udal Antzoki Sarearen programazioarekin bat egitera gonbidatu nahi ditut. Eta Olentzerori, Mari Domingiri eta Errege Magoei iradokizun bat egin nahi nieke: oparitu kultura”, gaineratu du Cantok.

Programa

 

 

Share