Prentsa Oharren banner

[Eguneratua] Prentsa-deialdiak (2021-11-25)

‘Realidad post Covid’ jardunaldiari hasiera ematea

Parte hartzaileak. Lehen alkateorde Maider Etxebarria; eta Kaleidos Sareko presidente Borja Rodríguez

Eguna. Osteguna, azaroak 25

Ordua. 9:00

Tokia. Europa Biltzar Jauregia, Green aretoa

———————————————-

Emakumearen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta erakunde adierazpena irakurtzea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Berdintasun zinegotzi Miren Fernandez de Landa; eta udal taldeen bozeramaleak

Eguna. Osteguna, azaroak 25

Ordua. 10:00

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

———————————————————

Prentsaurrekoa. Gasteizko eta Arabako tokiko merkataritza laguntzeko kanpaina aurkeztea

Parte hartzaileak. Lehen alkateorde eta Ekonomia Sustapen zinegotzi Maider Etxebarria; Enpleguaren Sustapen, Merkataritza eta Turismo foru diputatu Cristina González; eta Diego Martínez de San Vicente, Gasteiz On elkarteko presidentea.
Data. Osteguna, azaroak 25

Ordua. 10:00

Tokia. Foru jauregiko prentsa aretoa

———————————————————

Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunarengatik elkarretaratzea, Foru Aldundiak, Arabako Batzar Nagusiek eta Vitoria-Gasteizko Udalak antolatua

Data. Osteguna, azaroak 25

Ordua. 11:00

Tokia. Probintzia plaza

Share

Gasteizek Elurteetarako Plana eguneratu du

Udalak 2021-22rako Elurteetarako Udal Plana eguneratu eta argitaratu du; elurra eginez gero aktibatzen da plana, hiriari eragiten dioten gorabeherei erantzuteko.

Esku hartzeko plan horren helburua da elurraren ondorioak minimizatzea, hiriko lehentasunezko bideak garbi mantentzea eta industrialdeetara eta osasun-zerbitzuetara iristea bermatzea. Gainera, BEIren azpiegitura berriaren bi ibilbideak sartu dira aurten, eta horietan ere lan egingo dute makinek, erabilgarritasuna bermatzeko.

Udal-zerbitzu ugari daude inplikatuta planaren garapenean eta koordinazioan, langileak eta baliabideak jarriz: PSISZ, Udaltzaingoa, Hiri Mantentzea, Hiri Paisaia, Udal Eraikinen Mantentzea, Udalaren Garbiketa Zerbitzua, Landa Eremua, Trafikoa, Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzua, etab.

Share

Udalak terraza eta mahaitxoen ordenantza aldatzeko prozesua hasi du

Udal taldeek orain proposamenak egingo dituzte eta arau berria Udalbatzak onartu beharko du

Gasteizko Udalak gaur hasi du hiriko ostalaritzako establezimendu publikoetan eta antzekoetan terrazak arautzeko ordenantza aldatzeko prozesua. Gasteizko Udalak gainera prozesu hori gauzatzeko tramitazio egutegia onartu du. Hemendik aurrera udal taldeek beren proposamenak egingo dituzte eta arau berria Udalbatzak onartu beharko du. Udalbatzaren helburua otsailerako ordenantza behin-behinean onartzea da.

“Ostalaritza-sektorearekin izan ohi ditugun harremanetan, beharrezkotzat jotzen dituzten aldaketa batzuk helarazi dizkigute dagoeneko. Are gehiago COVID-19ak eragindako pandemiaren ondoren. Baina ez genuke inor atzean utzi nahi. Gaur hasten dugun prozesu honetan, ahalik eta ekarpen eta iritzi gehien izan nahi ditugu, bai ostalaritza-sektoreko profesionalenak, bai Gasteizko gainerako pertsonenak”, esan du Raimundo Ruiz de Escudero Mugikortasuneko eta Espazio Publikoko zinegotziak. “Dugun helburu nagusia adostasun ordenantza bat egitea da”, dio.

 

Share

Azken egunak Gasteiz Hobetuz programara aurkeztu diren 128 proposamenen artean aukeratzeko 

 Igandean amaituko da botoa emateko epea, eta dagoeneko 6.300 pertsonak egin dute aukeraketa, partaidetza-errekorra 

Igandean, azaroak 28, amaituko da gasteiztarrek Hobetuz partaidetza-programaren baitan hiria hobetzeko aurkeztutako proposamenak bozkatzeko epea. Igandeko 23:59ak arte, Gasteizen erroldatutako 16 urtetik gorako edonork izango du aukera udalaren bideragarritasun teknikoaren iragazkia igaro zuten 128 proiektuen arteko hiru aukeratzeko.

Asteartera arte 6.300 pertsonak baino gehiagok eman du botoa, hau da 18.900 boto guztira, bakoitzak hiru boto eman behar baititu ezinbestean. Partaidetza-errekorra izan da Hobetuz programaren aurreko edizioekin alderatuta. 2018an bozkatu zen azken aldiz, eta 3.368 pertsonak parte hartu zuten.

Hauek dira bozkatzeko moduak:

  • On line, Udalaren webgunearen bidez, herritarren udal-txartela edo ziurtagiri digitala baliatuz, identifikatzeko.
  • Aurrez aurre (hitzordurik gabe) herritarrei laguntzeko bulegoetan (gizarte-etxeetan, San Martingo bulego teknikoetan eta San Antonio kalean) eta Bizan Sareko zentroetan.

Bozketaren emaitzatik proiektuak aukeratuko dira, Gasteiz Hobetuz programako aurrekontuan erreserbatutako 3 milioi eurora iritsi arte. Proiektu bideragarrien zerrenda udalaren webgunean kontsulta daiteke, eta bertan ere bada bozkatzeko aukera.

Share

Udalak estrategia bat aktibatu du Gasteizko ikastetxeetako eta haurreskoletako jolastokiak naturalizatzeko

Hezkuntza eta Kultura Sailak, Udal Administrazioaren Sailak eta IGIk elkarrekin garatuko dute, hezkuntza-komunitatearen eskaerari erantzuteko.

 

Datorren astean esperientzia pilotu bat inauguratuko da, eta 2022rako aurrekontuan 180.000 euro aurreikusi dira proiektua garatzeko.

 

IGIko lehendakari Ana Oregik eta Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok aurkeztu dituzte eskola-jolastokietan esku hartzeko estrategiaren ildo nagusiak. Lehen fasean, aisialdirako gune horiek naturalizatzea da asmoa, eta Hezkuntza eta Kultura Sailak 180.000 erreserbatu ditu 2022ko aurrekontu-proiektuan horretarako.

“Duela zenbait urte mugimendu bat sortu zen hezkuntza-komunitatean, eskola-jolastokiak leku inklusibo, jasangarri eta natural zein topatzeko gune bihurtzearen alde. Saskibaloian, futbolean edo beste kirol batean aritzeko balio izateaz gain, ikasgelaren hedapena bihurtzeko kezka dago, gizarte-kohesioa, hezkidetza, ingurumen-hezkuntza ere lantzeko bertan. Gure hirian, 22 ikastetxek eta haien Gurasoen Elkarteek manifestu bat sinatu dute horren alde, eta Udalak egungo hezkuntza-irizpideen arabera egoki ez diren jolastokiak dituzten ikastetxeetan esku har dezan eskatu” azaldu du Estíbaliz Cantok. “Izan ere, bat gatoz ikastetxeetan grisaren ordez berdea jartzeko beharrarekin, eta eskaera hori aintzat hartuz lanean hasteko beharrarekin, familien, ikasleen eta, oro har, hezkuntza-komunitatearen premiei erantzuteko”, Hezkuntzako zinegotziaren hitzetan.

Gizarte zibila administrazio publikoak baino azkarrago doa, eta Denon Eskola elkarteak Udaleko Eskola Kontseiluan eskatu zigun gaia aztertzeko lantalde bat sortzeko, hezkuntza-komunitatea oso interesatuta baitago, eta egungo egoerak horiei ekitera behartzen baikaitu” adierazi du Estíbaliz Cantok.

Udal Eskola Kontseiluaren baitan egin zen lantalde horretaz gain, Hezkuntza eta Kultura Sailak, Udal Administrazioaren Sailak eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak lantalde bat sortu zuten konponbide-sorta bat proposatzearren, eskola-jolastokietan esku hartzeko proiektua gauzatzeari begira. Proiektuaren lehen fasea jolastokiak naturalizatzera bideratuko litzateke.

 

Ingurumen-ikaskuntzarako eremu bihurtzea 

Gasteizko haurrek denbora gehien igarotzen duten lekuetako bat dira eskola-jolastokiak. Atsedenaldietan, eskolaz kanpoko jardueretan, edo eskolara sartu aurretik edo ondoren, ehunka pertsona biltzen dira leku horietan. Normalean asfaltoak eta futbol- eta saskibaloi-zelaiek okupatzen dituzte jolastokiak, eta bestelako jarduerak bazter geratzen dira, jolastokien alboetan. Espazio-gabezia horrek berdintasun-falta sortzen du nesken eta mutilen artean, baita ikasle zaharren eta gazteen artean ere“, IGIko lehendakari Ana Oregiren hitzetan; horiek Gasteizko hezkuntza-komunitateak berak egiaztatutako faktoreak direla erantsi du. “Orobat, egiaztatu da ez dagoela berdegunerik, zuhaitzik, baratzerik eta bestelako elementu bizidunik, naturarekiko lotura umetatik garatzea errazten duenik. Jolas- eta aisialdi-guneak ikaskuntza-eremu bihurtuko balira, neurri handi batean ikasgelatik kanpo haurren ingurumen-heziketan lagunduko lukete, eta azpiegitura berderik ezean aukera hori galtzen da. Udala bat dator hezkuntza-komunitatearen mugimenduarekin eskola-jolastokiak toki natural eta berdinzale eta topatzeko gune bihurtzeko apustua egitean”, nabarmendu du Ana Oregik.

Eskaera hori eta Udalak helburu horien alde egindako apustua kontuan izanik, iaz hasi zen beharrezko eta aurretiazko urratsak ematen estrategia hori eraikitzeko. Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak, batetik, diagnostiko fisikoa egin du, hiriko ikastetxe guztietako (publiko zein itunpeko) jolastokien osaera aztertzeko, erabileraren eta materialaren arabera.

Hezkuntza Zerbitzuak gobernantza-diagnostiko bat amaitu du, inplikatutako erakundeen eskumenak zehazten dituena, baita haur-eskolen, ikastetxeen eta hezkuntza-komunitatearen funtzionamendua ere, eskolekin, ikastetxeekin, hezkuntza-komunitatearekin eta erakundeekin hainbat alderditan (hezkuntza, mantentze-lanak) egin beharreko lan-prozesuak identifikatzeko. Gainera, bi diagnostiko egin zituen, bata Haur Eskoletan oinarritua eta bestea Ikastetxeetan, patioen birmoldaketaren inguruko beharrak, itxaropenak eta eskaerak modu zorrotzagoan ezagutzeko.

 

Datorren urtean: irtenbideen “gida” edo katalogoa, prestakuntza eta ikastetxeen hautaketa

Lantaldea irtenbideen katalogo bat lantzen ari da orain, zeinak jardunbide egokien eredutzat hartuko baitu datorren astean Txagorritxu haur eskolan inauguratuko den proiektu pilotua.

Horretaz gain, konpromiso-gutun bat prestatzen ari dira zentroko erabiltzaileei zenbait alderdiri buruzko prestakuntza emateko: landare-espezieak, soropilaren zainketa, hegaztien eta polinizatzaileen presentzia, eta beste.

Eskola-jolastokiak eraldatzeko udal-estrategiak aurreikusten dituen ekintzetako bat prozedura bat ezartzea da, sustatzailearen arabera naturalizazio-prozesua hasteko.

Era berean, sailen arteko taldeak datorren urterako prestatuko ditu ikastetxeak eta haurreskolak hautatzeko eta lehenesteko prozedura eta prozesu horretan aplikatu beharreko irizpideak.

 

 

 

 

 

Share

(Zuzendua) EAJ-PNV, EH-BILDU ETA ELKARREKIN PODEMOS UDAL TALDEEN ADIERAZPENA, 1976KO MARTXOAREN 3AN GASTEIZEN IZANDAKO ERAILKETENGATIK RODOLFO MARTIN VILLA AUZIPETZEAZ

2014ko ekainaren 27an, Gasteizko Udalak mozio bat onartu zuen, frankismoaren krimenen aurkako Argentinako kereilari sostengu emateko euskal plataformak abiarazitako bidea babesteko.

Arabako Batzar Nagusiek ere askotan adierazi diete elkartasuna martxoaren 3ko biktimei azken urteotan, eta justizia eskatu dute Espainiako Poliziak 1976ko martxoaren 3an eragindako bost hildako eta ehun zaurituentzat.

Horretaz gain, Gasteizko Udalak laguntza eman zion Arabako Foru Aldundiari Arabako Batzar Nagusiek frankismoaren kontrako kereila bat aurkez zezaten gizateriaren aurkako delituengatik, Arabako Probintzia Auzitegian, Gasteizen egindako sarraskia dela eta.

Auzibide luze baten ondoren, 2017ko abenduaren 5ean, Auzitegi Konstituzionalak ez zuen izapidetzeko onartu delituak argitzeko auzi penala artxibatzearen aurkako demanda; izan ere, Arabako Probintzia Auzitegiak demanda ez onartzea erabaki zuen aurretik, delituak preskribatuta zeudela iritzita.

Arabako erakundeek bideratutako ekimenak amaitutzat eman ondoren, martxoaren 3ko biktimekin justizia egiteko geratzen den bide bakarra Servini epaileak Argentinan irekitakoa da.

Orain, 2021eko urriaren 15ean, Errepublikako Zigor eta Zentzatze arloko 1 zenbakiko Epaitegi Federaleko titular María de Servini epaileak prozesatze-autoa eman du Rodolfo Martín Villaren aurka, astungarriak dituzten lau hilketarengatik, gizateriaren aurkako krimenen testuinguruan. Hilketa horien artean daude 1976ko martxoaren 3an Gasteizen eraildako bostetatik hiru.

Horiek horrela, Vitoria-Gasteizko Udalak honako hau erabaki du:

 

1.- Argentinako Zigor eta Zentzatze arloko 1 zenbakiko Epaitegi Federaleko titular María de Servini epaileak Rodolfo Martín Villa auzipetzeko 2021eko urriaren 15ean emandako autoaren alde agertzea. Auto horren barruan, 1978ko Sanferminetako gertakariak eta poliziak Pedro María Martinez Ocio, Francisco Aznar eta Romualdo Barroso hil izana krimentzat jotzen dira, frankismoaren diktadurak egindako gizateriaren aurkako krimenen testuinguruan.

2.- Gobernu zentralari eta Espainiako justiziari eskatzea María de Servini epaileak emandako prozesatze-autoaren ondoriozko prozesuan aktiboki parte har dezan, kasuan aplikatzekoa den nazioarteko araudiaren ondoriozko betebeharrak betez.

3.- Orobat, ebazpen hau Servini epaileari helaraztea, jakitun izan dadin eta dagozkion ondorioak izan ditzan.

 

 

Share