Prentsa Oharren banner

Dedicatum Gasteiz omenaldian, aho batez eskerrak eman dizkiete pandemiaren aurkako borrokan gehien inplikatu diren kolektibo eta pertsonei.

GORKA URTARAN ALKATEAREN ADIERAZPENAK

Covidaren ondorioz hildakoak oroitu dituzte eta pultsua ahalik eta azkarren berreskuratzeko arduraz jokatzeko deia egin dute, Europa Biltzar Jauregian eginiko ekitaldian.

Eskerrik asko izan da gaur arratsaldean Gasteizko Dedicatum omenaldian gehien entzun dena. Udalak antolatu du ekitaldia, pandemiari aurre egiteko haien denbora eta ahalegina eskaini duten kolektibo eta pertsona guztiak baloratzeko eta eskerrak emateko. Covidak eragindako hildakoen oroimena eta pultsua ahalik eta azkarren berreskuratzeko arduraz jokatzeko deia izan dira ekitaldiaren ardatza, eta omenduak izan diren gizarte-sektoreetako 400 ordezkari bildu dira bertan.

Lehenengo minututik, 2020eko martxotik, pandemiaren ondorioen aurkako borrokan erabat inplikatzea erabaki zuten kolektibo eta pertsonei, batzuk lanetik eta besteak boluntario gisa, hiriak egiten dien omenaldia da Dedicatum Gasteiz. Haien lanari eginiko omenaldiaren aurretik, minutu bateko isilunea egin da eta erreferentzia egin zaie familiaren maitasunik eta babesik jaso ahal izan gabe birusaren eraginez hil ziren pertsonei. Haien oroimena ohoratzeko eta oso gogoan izateko deia egin dute.

Lara Vizueta abeslariak pianoarekin, Ernesto Larcherrek kontrabaxuarekin eta Rakel Rodríguez de Arymuxek zeinuen dantzarekin, gogoetarako eta alaitasunerako uneak eskaini dituzte. Ainhoa Larrañaga abeslari eta aktoreak ere egin du bere ekarpena, abesti bat kantatu baitu ekitaldiko une gorenetako batean. Hasieran, poesiak bere aletxoa jarri du izaera inklusiboa izan duen ekitaldian, eta emozioak agerian izan dira.

Gehien inplikatu diren kolektiboei eginiko aitortza soziala bideo-sorta batean jaso da, eta bertan bildu dira osasun eta komunitateko gizarte-zerbitzuetako ordezkarien testigantzak, merkataritza eta ostalaritzakoenak, garbitzaile eta hondakin-biltzaileenak, enpresa arlokoenak, komunikabide eta telekomunikazioetakoenak, gizarte zibil orokorrarenak, herritarren babesarenak, garraiolari eta logistika arlokoenak, hezkuntzakoenak, kultur eta kirol arloetakoenak eta boluntarioenak.

Hiriaren ordezkaritzan, Gorka Urtaran alkateak hartu du hitza, eskerrak emateko eta konfinamendu garaian leiho eta balkoietako txaloen bitartez soilik adieraz zitekeen esker ona adierazteko. Adierazi du hiria zorretan dagoela pertsona horiekin guztiekin, haien osasuna arriskuan jarriz eta ahalegin guztiekin jarrera eredugarria erakutsi baitute, eta pandemia garaiko historia idazteko ekarpena egin baitute. “Omenaldia egin nahi izan dizuegu gure auzokoen berotasuna eta babesa senti dezazuen. Zuen ekarpenik gabe, ez litzateke posible izango aurrera egitea”, adierazi du. Gainera, emakumeen lana nabarmendu du, bai arlo profesionalean bai boluntariotzan ere.  “Zuen presentzia nabarmena izan da eta harro egoteko arrazoi handia da hiri honentzat. Eskerrik asko”, azpimarratu du.

Esker onak gizarte osoari zabaldu dizkiote, termino orokorretan, “osasun-agintariek ezarritako murrizketa eta neurriekin izan duten errespetu eta konpromisoarengatik”. Horri esker, gaur hemen elkar gaitezke eta pentsatzen hasi, agian, birusa garaitzen ari garela, hau oraindik amaitu ez den arren, eta zuhurtzia handiz jokatu behar da, kaltetutako pertsonen kopuruak gora egin ez dezan”.

Ekitaldiko une berezietako bat izan da pertsona horien guztien artean egurrezko eskultura bat berreraiki dutenean. Pieza asko falta zituen eta erortzear zen eskultura batetik abiatuta, pandemia betean kolpatuta zegoen gizarteari erreferentzia eginez, omendutako pertsonek piezak jarri dituzte, haien lanaren adierazle, eta egitura indartzen lagundu dute. Aurrera egin ahal izan duen gizartea. Hutsune bat soilik geratu da, hil diren pertsonei erreferentzia egiteko, bete ezin den galera baita.

Amaitzeko, aurrera egiteko mezua helarazi dute, gertatu dena ahaztu gabe. Gizarteak aurrera egin behar du eta bere bizi-tonua berreskuratu. Ideia horretan laguntzeko, gazte talde batek Macacoren “Seguiremos” abestia zeinu dantzaz interpretatu du, publikoaren parte-hartzearekin.

Share

Prentsa-deialdiak (2021-11-18)

Prentsaurrekoa. Euskadiko Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren VII. Biltzarra aurkeztea

Parte hartzaileak Kirol eta Osasun zinegotzi Livia López; Kultura eta Kirol foru diputatu Ana del Val; Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Kabinete eta Gizarte Komunikabideen zuzendari Nekane Zeberio; Vital Fundazioen zuzendari exekutibo Axier Urresti; eta KAIT Kirol Arlorako Iritzi Taldea Elkarteko presidente Iñaki Ugarteburu

Eguna. Osteguna, azaroak 18

Ordua. 11:30

Tokia. Mendizorrotza kiroldegia

——————————————

Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzari buruzko V. Biltzarra (Mahai ingurua)

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate GorkaUrtaran

Eguna. Osteguna, azaroak 18

Ordua. 16:30

Tokia. Europa Biltzar jauregia

————————————-

Itun Berdea XI. Enpresen Topaketa

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta lehen alkateorde eta Ekonomia Sustapen zinegotzi Maider Etxebarria

Eguna. Osteguna, azaroak 18

Ordua. 18:45

Tokia. Europa Biltzar jauregia jauregia, Maria de Maeztu auditorioa

Share

Eraberritze-lanen ondoren Memorialaren ingurunean eta Arkupeetan eta Tornay Medikuaren kalean oinezkoen joan-etorriek gora egin dutela ondorioztatu du azterlan batek

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak eraberritze-lanak egin ondoren Memorialaren ingurunean eta Arkupeetan eta Tornay Medikuaren kalean izandako mugikortasun-aldakuntzak aztertu dira Gasteizko Udalak Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren bitartez egin duen azterlanean. Neurketak eta inkestak egin dira bi leku horietan, eta bietan ere oinezkoen joan-etorriek gora egin dutela ondorioztatu.

“Badira hainbat urte bide hori urratzen ari garela, eraberritze-lanak egiten, oinez eta bizikletaz egiten diren joan-etorriak areagotu daitezen, eta super-etxadien estrategia bultzatzen. Plaza edo kaleak oinezkoentzako bide bihurtzeak erosoago eta seguruago egiten ditu pertsonentzat, baina ingurumen-hobekuntzarik ere badakar berekin”, azaldu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok.

Bi fase izan dituzte azterlanek. Lehena 2019an gauzatu zen, obrak egin aurretik, eta bigarrena, berriz, ondoren, emaitzak alderatu ahal izateko. Oinezko, bizikleta eta autoen edukierak aintzat hartu dira, eta, gainera, inkestak egin zaizkie oinezkoei. Asteko egun berean egin ziren zenbaketak, goizeko eta arratsaldeko puntako orduetan.

 

Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren ingurunea eta Arkupeak

Kasu horretan, oinezkoen joan-etorriek % 10 egin dutela gora, izan da azterlanaren ondorio nagusia. Ibilgailu motordunen joan-etorriei dagokienez, nahiz eta arratsaldez San Frantzisko aldaparen ingurunera sartzen diren ibilgailuen kopurua 2019ko azterlanean neurtuaren antzekoa izan, nabarmen egin du behera zirkulazioak goizean, % 23,7, hain zuzen ere. Era berean, % 10,4 jaitsi da batez besteko abiadura, eta erregistratutako batez besteko zarata, berriz, % 14.

 

Tornay Medikuaren kalea

Tornay Medikuaren kalearen inguruari dagokionez ere, azterlanaren emaitzek erakutsi dute oinezkoen joan-etorriak % 14 igo direla eta, aldiz, % 50 jaitsi dela ibilgailuen trafikoa aldameneko Benito Ginea  kalean, eta abiaduraren % 13,6 murrizketa globala izan dela. Bidenabar, hainbat puntutan egindako neurketek erakutsi dute % 16 murriztu dela zarata, batez beste.

 

Inkestak

Azterlan horien barruan, galdeketak egin zitzaizkien bi zona horietan barrena zebiltzan oinezkoei. Herritarrek eraberritze-lanak ontzat ematen dituzten jakin nahi izan zen inkesta horien bitartez. Eta egiaztatu ahal izan da balorazioak hobera egin duela obrak bukatu ondoren.

Tornay Medikuaren kalearen kasuan, lanak egin aurretik 5,74ko balorazioa eman zieten bizilagunek; aldiz, orain, 7,10 ingurukoa da eman dieten nota. Arkupeetako esku-hartzearen balorazioak ere antzeko gorakada izan du, 5,85etik 7,21era igaro baita.

ReVeAL proiektu europarraren funtsei esker egin dira neurketa eta inkesta guztiak.

 

 

Share

Gasteizko III. Osasun Planak etapa berri bati ekin dio herritarren partaidetzaren fasearekin

  • Aurreikusitako jardueren artean, hainbat lantegi, erakusketa ibiltari bat eta inkesta bat daude

 

 

Gasteizko III. Osasun Planak etapa berri bati ekin dio herritarren partaidetzaren fasearekin. Dokumentu estrategiko hori egiteko prozesua 2020ko azaroan hasi zen, Gasteizko biztanleen osasun-egoeraren eta osasunaren gizarte-baldintzatzaileen diagnostiko kuantitatibo eta kualitatiboa egin zenean. Udalaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko lankidetza-hitzarmen bati esker, lan hori urtebetez egin da, eta urte horretan datuak bildu eta berrogeita hamar aldagai inguru ebaluatu dira. Orain, diagnostikoa prest dago, eta, berriz ere EHUren eskutik, herritarrek parte hartzeko prozesua hasiko da, Osasun Plana idazten hasi aurretik.

Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek eta OPIK Osasunaren Gizarte-Baldintzatzaile eta Aldaketa Demografikoari Buruzko Ikerketa Taldeko kide Unai Martinek orain arte egindako lanaren funtsezko xehetasunak eta eman beharreko hurrengo urratsak aurkeztu dituzte. “Etorkizuneko Osasun Plana aurrera doa, nola gauden eta norantz joan nahi dugun aztertzeko bazkide onenaren eskutik: unibertsitatea. Azken urte honetan oso lan baliotsua egin dute, herritarren osasun-egoera baldintzatzen duen guztiaren erradiografia eginez. Orain, analisi-lan hori parte-hartzearen bidez osatu behar dugu, eta, ondoren, udalak, beharrezko neurriak diseinatuko ditu”, zehaztu du Livia Lópezek.

Parte hartzeko prozesuaren baitan erakusketa ibiltari bat, arloko profesionalekin zein herritarrekin lantegiak eta ekarpenak jasotzeko inkesta bat egingo dira. Fase hori datorren urtearen hasierara arte luzatuko da eta ahalik eta gasteiztar gehienengana iristea du helburu.

Lantegiei dagokienez, dinamika parte-hartzaileak planteatuko dituzte, auzo-ikuspegia eta herritarren ikuspegi orokorra lantzeko. Horretarako, hiru mailatan egituratu dira:

  • Osasunaren gizarte-baldintzatzaileen inguruan, auzoetan lan egiten duten profesionalekin egindako lantegiak: bi auzo hautatu dira, Erdi Aroko Hirigunea eta San Martin, aztergaiari buruzko ikuspegi desberdinak izateko aukera ematen baitute. Lantegi horietan arlo publikoko profesionalek parte hartuko dute (Udala, Osakidetza, ikastetxeak, Eusko Jaurlaritza, etab.), baita auzo horietako farmaziek ere.
  • Osasun-sare komunitarioetako parte-hartzaileekin egindako lantegiak: lantegi hau Iparraldeko sarearekin egin da dagoeneko, eta Judimendiko eta Hegoaldeko bi sareekin egitea aurreikusten da. Sare komunitario horiek profesionalek, erakunde publikoek eta herritarrek osatzen dituzte.
  • Herritarrekin egindako lantegiak: lantegi horietarako lau auzo aukeratu dira, profil desberdinen ikuspegiak lortzeko asmoz: Zabalgana, Pilar, landa-eremuko herriak eta Lakua Arriaga. Herritarren Partaidetzaren Zerbitzuarekin lankidetzan eta parte-hartzea errazte aldera, hainbat baliabide jarriko dira herritarren eskura, hala nola haurtzaindegia, mendekotasuna duten pertsonak zaintzeko zerbitzua eta zeinu-hizkuntzaren interpretea. Lantegia amaitzean cateringa ere egongo da. Lantegi hauetakoren batean parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete udalaren web orrian eta 010 telefonoan.

 

Lantegiak azaroan, abenduan eta urtarrilean burutuko dira, horietako batzuk dagoeneko egin badira ere. Aldi berean, azaroaren amaieratik aurrera, erakusketa ibiltari batek Zabalgana, Salburua, Judimendi, Hegoalde, Pilar, Aldabe, Iparralde, Ibaiondo eta Lakuako gizarte-etxeak bisitatuko ditu. Panelen bidez, osasun-diagnostikoan ateratako ondorio nagusiak erakutsiko zaizkie herritarrei, eta hainbat euskarri jarriko dira haien iritziak eta iradokizunak jasotzeko.

Horrekin batera, inkesta bat diseinatu da, eta udalaren webgunean edo erakusketa ibiltaria egongo den gizarte-etxeetan bete ahal izango dute herritarrek.

Gasteizko III. Osasun Planaren partaidetza-prozesuak tresna osagarriak ere aurreikusten ditu, esaterako, profil jakinak dituzten herritarrei elkarrizketak egitea. Elkarrizketa horiek, lantegien bidez eta auzo-elkarteei, guraso-elkarteei, hirugarren sektoreko erakundeei eta osasun publikoko profesionalei irekitako World Café eztabaiden bidez lortutako informazioa osatzeko aukera emango dute. Halaber, Gasteizko Udaleko Osasun Mahaiarekin berariazko lantegi bat ere egingo da.

 

 

Gasteizko biztanleen osasun-egoeraren diagnostikoa

Azken urtean egindako osasun-diagnostikoari dagokionez, oro har, esan behar da gasteiztarrek osasun-egoera ona dutela. 2017-2019 aldian, bizi-itxaropena  jaiotzean 81,7 urtekoa zen gizonen kasuan, eta 87,8koa emakumeen kasuan. Urte horietatik, gizonek 74,2 urte osasun onarekin bizitzea espero dute, eta emakumeek 77,5.

Aldi zabalagoa kontuan hartuta, 2010etik 2019ra, jaiotzako bizi-itxaropenaren tokiko adierazleak 1,5 urte egin du gora gizonen artean, eta 2,1 emakumeen artean. Denbora-tarte horretan (2010-2019), Gasteizen bizi-itxaropena Euskal Autonomia Erkidego osokoa baino pixka bat handiagoa izan zen (0,8 urte gehiago).

Gasteiztar gehienek beren osasuna ona dela uste dute (% 80k baino gehiagok), ez dute desgaitasunik (% 90ek baino gehiagok) eta osasun mental ona dute (% 80k baino gehiagok), nahiz eta ehuneko hori zertxobait txikiagoa izan emakumeen kasuan. Hala ere, Gasteizko biztanleen erdiak arazo kronikoren bat du.

COVID-19aren pandemiak eragin esanguratsua izan du datu horietan. Bizi-itxaropenean izan duen eragina dela eta, datuek 2010eko balioetara egin dute atzera. Jaiotzako bizi-itxaropena 1,2 eta 0,9 urte jaitsi da gizonen eta emakumeen kasuan, hurrenez hurren. Aldi berean, heriotza-tasa % 18-22 inguru hazi da, hau da, mila pertsonako espero baino pertsona bat gehiago hil da. Hala ere, eragin hori ziurrenik aldi baterakoa izango da eta heriotza-tasak berriz ere behera egingo du.

COVID-19aren epidemiak heriotza-tasan izan duen eragina pixka bat handiagoa izan da Gasteizen, Euskadiko eta hiriburuetako datuekin alderatuta.

EHUko ikerketa-taldeak egindako diagnostikoak agerian jarri du, halaber, azken urteetan osasun-egoera ona izan eta hobera egin duen arren, Gasteizen desberdintasunak daudela osasun-arloan, auzoaren, maila ekonomikoaren edo generoaren arabera, besteak beste. Egiaztatu da, adibidez, familia-errenta txikia duen auzo batean, diabetes melitusaren prebalentzia-tasa estandarizatua ia bikoitza dela errenta altuenak dituzten auzoetan baino. Era berean, langabezia-tasa handiena duten auzoetan, biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoaren prebalentzia handiagoa erregistratu da.

Antzeko zerbait gertatzen da osasun mentalaren kasuan. Baldintza sozioekonomiko onak dituen Gasteizko auzo batean bizitzeak antsietatea edo depresioa izateko arrisku txikiagoa dakar emakumeentzat, eta gizonek ere patologia anitzak izateko arrisku gutxiago dute. Desberdintasun horiek ez dira hain nabarmenak beste osasun-adierazle batzuen kasuan, hala nola jaiotza-pisu eskasa.

Generoaren araberako desberdintasunei dagokienez, azpimarratzekoa da gizonen bizi-itxaropena emakumeena baino 6 urte txikiagoa dela, eta hori, hein handi batean, maskulinitate hegemonikoaren ereduari egotzi dakioke. Izan ere, emakumeak gehiago bizi arren, azken 10 urteetan osasun txarra dute, eta gizonek, berriz, azken 7 urteetan. Datuen arabera, gainera, emakumeek okerrago baloratzen dute beren osasuna, eta antsietate- eta depresio-arazo gehiago dituzte gizonek baino.

OPIK Ikerketa Taldeak egindako diagnostikoak herritarren bizimoduak ere aztertu ditu, eta hainbat ondorio atera. Elikadura-ohiturei dagokienez, ohitura osasungarriak dira nagusi, baina aldeak daude adin-tartearen eta maila sozioekonomikoaren arabera. Adibidez, 16 eta 39 urte bitarteko gizon batek, 65 urte eta gehiagoko batek kontsumitzen duen frutaren erdia jaten du. Herritarren % 80 inguruk aktibotzat jotzen du bere burua, eta % 85ek baino gehiagok ez du erretzen.

INFO+: Gasteizko Udalerriko III. Osasun Plana (2022-2027)

Share

José Uruñuela dantza kontserbatorioak bertako ikasleek San Petersburgon eskainitako emanaldia jarri du ikusgai bere webgunean

Ikuskizuna azaroaren 1ean izan zen, Errusiako antzoki zaharrenean, Alexandrinsky antzokian

 

José Uruñuela dantza kontserbatorioak bere webgunean jarri du ikusgai du karrera amaierako ikasleek “Mugarik gabeko Arteak” jaialdian eskaini zuten emanaldia.  Jaialdi hori  San Petersburgon (Errusia) izan da, urriaren 31tik azaroaren 3ra.

Ainhoa Arenazak zuzendutako zentroko dantzariak ‘Stars of St. Petersburg’ galan aritu ziren, ohorezko gonbidatu gisa. Jaialdiaren amaierako gala azaroaren 1ean egin zen, Errusiako antzokirik zaharrenean, Alexandrinsky antzokian.

Ekitaldian Errusiar Federakundeko  artista ezagun eta ohorezkoek hartu zuten parte, nazioarteko lehiaketetako irabazleek eta munduko ballet izarrek, hala nola Yulia Makhalina, Farukh Ruzimatov eta Denis Matvienko. Horietaz gain, Mariinsky eta Mikhailovsky antzokietako izar eta solistek  beren trebezia erakutsi zuten, horien artean, Andrei Ermakov, Olesya Novikova, Anastasia Matvienko, Renata Shakirova, Alexandra Iosifienko Ekaterina Borchenko, Ivan Zaitsev, Irina Perren, Marat Shemiunov eta  Ernest Latypov.

‘Reminiscence’ eta ‘Les Folies’ piezak aukeratu zituzten emanaldirako.

‘Reminiscence’ lanak 15 minutu irauten du, eta Arantzazu Susunagak landu ditu koreografia eta jantziak; Julia Kent, Rachel Grimes eta Christian Reik Frederickson-ek jarri dute musika, eta Javi Ullak, argiztapena.

‘Les Folies’ lanak, berriz, 3 minutu irauten du; Arantzazu Susunaga ardratu da koreografiaz, jantziez eta argiztapenaz, eta musika Marin Marais-ena da.

Ikusi jarduera

 

 

 

 

 

Share

Gasteizko Udalak tokiko merkataritzari lagunduko dio erosketak etxera doan eramateko kanpaina baten bidez

  • Interesa duten establezimenduek bihartik aurrera eman dezakete izena proiektu pilotuan. Proiektu hori abenduan hasiko da, eta zama-bizikletak eta ibilgailu elektrikoak erabiliko ditu banaketak egiteko

Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapenaren Sailak tokiko merkataritzari laguntzeko ekimen aitzindaria bultzatuko du abenduan eta urtarrilean, Elkarrekin Vitoria udal taldearekin batera eta Gasteiz On hiri-merkataritzaren plataformaren eskutik. Proiektu pilotu bat da, eta horren bidez dirulaguntzak emango dira Gasteizen ibilgailu “garbiak” —kargako bizikletak eta furgoneta elektrikoak— erabiltzen dituzten banaketa-enpresa biren bitartez erosketak etxera eramateko. Bezeroentzat erabat doakoa izango da zerbitzua: online edo establezimenduan bertan erosi ahal izango dute, eta produktua inolako kosturik gabe jaso ahal izango dute adierazitako lekuan. Zerbitzu horretaz baliatu nahi duten negozioek bihartik aurrera eman dezakete izena kanpainan, 945150268 telefonora deituta.

Lehenengo alkateorde eta Ekonomia Sustapenaren zinegotzi Maider Etxebarriak adierazi duenez, Udalak 44.000 euro bideratuko ditu ekimen horretara, Merkataritza eta Ostalaritza Plan Estrategikoaren barruan: “abenduaren 1etik aurrera, eta bi hilabetez, bezeroek nahi dutena erosi ahal izango dute, eta poltsez ahaztu. Bizi zaren auzoan bizi zarela, zure erosketak edonora iritsiko zaizkizu. Tokiko merkataritzari laguntzeko modu erraz, iraunkor eta doakoa da”. Zinegotziak gaineratu du hiriko edozein establezimenduk parte har dezakeela kanpainan, non dagoen eta Gasteiz On elkartearen bazkide den ala ez alde batera utzita.

Elkarrekin Vitoria taldeko zinegotzi Garbiñe Ruizek gogorarazi duenez, 2021eko udal aurrekontuak babesteko bere taldeak proposatutako antzeko ekimen bati esker gauzatuko da proiektua. Era berean, azpimarratu du tokiko bi enpresak entregatuko dituztela bidalketak: Eraman eta Gasteiz Courier. “Gaur aurkezten ari garenaren gisako proiektu pilotuak, azken miliako banaketarako, gure tokiko merkataritza online merkataritzako plataformen aurrean lehiakorragoa izatea dakarte, baina tokikoaren espiritua, hurbiltasuna eta aurpegi ezagunak galdu gabe, kalitatea eta ez kantitatea lehenetsiz. Bidezko merkataritzaz ari gara, iraunkortasunaren eta lan duinaren irizpideen arabera”, azpimarratu du zinegotziak.

Gasteiz On elkarteko presidente Diego Martínez de San Vicentek, berriz, ekimenaren funtzionamendua azaldu du. Saltokiek elkartearen telefonora deituta eman beharko dute izena. Elkarteak hilaren amaieran zabalduko du zerrenda ofiziala. “Baten bat ez bada garaiz iristen eta kanpaina hasita dagoela izena eman nahi badu, sartu egingo dugu, baina izena lehenbailehen ematera animatzen dugu jende guztia”, adierazi du. Parte hartzen duten negozioek identifikazio-eranskailuak izango dituzte sarreretan. Merkatariak gaineratu duenez, eskaera entregatu aurretik bezeroak dei bat jasoko du hura baieztatzeko.

 

 

Share