Prentsa Oharren banner

Gereñako bizilagunek Arabako Lautada betetzen zutenen aztarna den harizti txiki bat zainduko dute ekimen komunitario batekin

Landa Eremuko udal zerbitzuak kontserbazio-azterlan bat enkargatu zuen, eta, amaiera gisa, ezkurrak landatuko dira Bazalandean gaur goizea.

 

Miren Fernandez de Landaren adierazpenak

Gereña herriak altxor bat gordetzen du herriko aisialdi-gune eta pasealeku maiteenetako batean, Bazalandea inguruan. Izan ere, Gasteizko udalerriko herri honetan Arabako Lautada betetzen zuten haritz-masen harizti txiki batek bizirik dirau.

Gaur goizean, Gereñako biztanleek 300 ezkur erein dituzte, ingurune natural honen birsortze naturala indartzeko lagungarri izango baitira. Hala jasotzen da Landa Eremuko zerbitzuak iaz enkargatutako ikerketaren kontserbazio-jarraibideetan.

Gomendio horiek eskuan, udazken honetan, Udalak ezkurrak denon artean biltzeko proposatu die herriko biztanleei, ondoren, Olarizuko lorategi botanikoan prestatu eta gero, erein ahal izateko eta, horrela, basoaren kontserbazioan laguntzeko.

Herriko neska-mutilek hartu zuten ezkurrak biltzeko ardura joan den asteburuan, eta arrakasta izan zuten: 1.790 ezkur bildu zituzten, eta horietatik 300 landatuko dituzte gaur Bazalandean. Gainerako ezkurrak Olarizuko lorategi botanikoan eta Forondako luberri baten zaharberritze-lanetan erabiliko dira.

“Ekimen horiek balio berezia dute. Izan ere, kokagune natural baten kontserbazioa sustatzeaz gain, lorategi botanikoarekiko lankidetza indartzen dute baso-hazi autoktonoak bildu eta ondoren erabiltzeko, eta, batez ere, bere ondare naturalaren zaintzan bizilagunak, bereziki gazteenak, asko inplikatzea eragiten dute”, nabarmendu du Landa Eremuko zinegotzi Miren Fernández de Landak.

 

 

Share

Diabetesaren Mundu Egunarekin bat egin du Gasteizko Udalak

Hori dela eta, hiriko eraikin enblematikoetako batzuk urdinez argiztatuko dira.

 

Bihar, azaroak 14, Diabetesaren Mundu Eguna izango da, gaixotasun larri horren kausei, sintomei, konplikazioei eta tratamenduari buruz arreta erakartzeko, mundu osoan goraka doan gaitza baita. Gasteizko Udalak bat egingo du ekitaldiarekin, eta urdinez argiztatuko ditu udaletxearen fatxada, Floridako kioskoa eta Arkupeak, baita Santa Barbara plazako eta Antso Jakitunaren kaleko pergolak ere.

Diabetesaren Mundu Eguna diabetesari buruz kontzientzia harrarazteko munduko kanpainarik garrantzitsuena da. 1980. urtetik hona, diabetesa duten pertsonen kopurua laukoiztu egin da ia munduan, batez ere diru-sarrera ertain eta gutxiko herrialdeetan. Gorakada kezkagarri horren atzean, pertsonen gehiegizko pisua eta obesitatea daude, baita ariketa fisikorik eza ere.

Azaroaren 14a zen Frederick Banting eta Charles Best-i intsulina deskubritzera eramango zituen ideia bururatu zitzaienean, eta horregatik egiten da egun horretan Diabetesaren Mundu Eguna.

Share