Prentsa Oharren banner

Gizarte Politiken Sailak adinekoentzako osasun-parkeak instalatu ditu Sansomendin eta Txagorritxun

Urtarrilean beste bi egokituko ditu, Landazurin eta Aranbizkarrean

 

Bihartik aurrera, Gasteizek adinekoentzako beste bi osasun-parke izango ditu. Hain zuzen ere, Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak gaur bukatu ditu horiek Sansomendi eta Txagorritxu auzoetan jartzeko lanak, ia 19.000 euro inbertituta. Lehenengo parkea Sansomendiko Bizan zentroaren ondoan dago, eta bigarrena, Maximo Gisasola kalean.

Aire zabaleko espazio horiek —ariketa fisikoa egiteko egokitutako makinez hornituak eta profesionalek dinamizatuak— pixkanaka joan dira hirian zabaltzen. Orain irekitako biekin, adinekoentzako 14 osasun-parke daude Bizan zentroen sarean. Urtarrilean beste bi gehituko zaizkie, Landazurikoa eta Aranbizkarrekoa. Une honetan kontratazio-prozesuan daude, eta 37.510 euroko aurrekontua dute.

“Osasun-parkeak aukera paregabea dira aire zabalean sasoian jartzeko. Beti izan dute eskaera handia, baina pandemiaren hasieratik erreferente bihurtu dira gure hiriko adinekoentzat, ariketa fisikoa egiteko eta interes berberak dituzten pertsonekin harremanetan jartzeko espazio seguru bat bilatzen baitute”, azaldu du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.

Erabilera handia 

Iaz, 509 adinekok hartu zuten parte Bizan sareko osasun-parkeetako jardueretan. Espazio horietan antolatutako 200 saiotan baino gehiagotan erregulartasunez egin zuten ariketa, gorputz-hezkuntzako profesionalen laguntza eta orientabideekin.

Parte-hartzaile gehienak emakumeak izan ziren, 438; gizonak, berriz, 71 izan ziren. Gainera, 266 pertsona beste jarduera osagarri batzuetara joan ziren, hala nola gorputz-hezkuntzari buruzko zazpi hitzaldietara.

Share

Azaroaren 27rako (larunbata) programatuta zegoen ‘Espera un minuto’ ikuskizuna bertan behera geratu da, COVID-19arekin lotutako arrazoiengatik

Udalaren Antzoki Sareak ohiko bideetatik itzuliko du sarreren zenbatekoa

 

Udalaren Antzoki Sareak iragarri duenez, Haziaraba in the Mapping jaialdiak —Gasteizko 46. Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren barruan txertatua— azaroaren 27rako aurreikusita zeukan ikuskizuna, De Stilte konpainiaren ‘Espera un minuto’ lana, bertan behera utzi behar izan du, COVID-19arekin lotutako arrazoiengatik. Obra Ibaiondoko gizarte-etxeko Félix Petite antzokian eskaintzekoa zen, 12: 30ean eta 18: 30ean.

Sarrerak ohiko bideetatik itzuliko dira. Internet bidez erositako sarrerak automatikoki itzuliko dira. Leihatilan eta telefonoz erositakoen zenbatekoa, berriz, Principal antzokiko leihatilan itzuliko da, azaroaren 30etik aurrera, ohiko ordutegian.

 

Share

Covid-19 pandemiaren ondoren ekonomia berrietara igarotzeari buruzko jardunaldia hartu du Europa jauregiak.

Gasteizko Udalak eta zortzi udalek osatzen duten Kaleidos Sareak ekonomia berriei eta Covid-19aren ondorengo errealitateari buruzko jardunaldi bat antolatu dute gaurko Arabako hiriburuko Europa biltzar-jauregian. Gasteizko lehen alkateorde Maider Etxebarriak eta Herritarren Partaidetzarako eta Gardentasunerako zinegotzi eta Kaleidos sareko egungo lehendakari Borja Rodríguezek inauguratu dute topaketa, tokiko administrazioen egungo lana aztertzeko 2030 Agendaren lorpenaren ikuspegitik.

“COVID osteko errealitatea. Nola ari diren igarotzen gure hiriak eredu berri baterantz 2030 Agendaren markoan“ izenburua du jardunaldiak, eta mahai ingurua eta sareari atxikitako udalerrietakoen hainbat hitzaldi izango dira. Zehazki, honakoen arteko elkarrizketa: Adela Mesa, Euskal Herriko Unibertsitateko Politika eta Administrazio Zientzietako irakaslea; Albert Cañigueral,  Kataluniako Generalitateko Gobernu Irekiaren Idazkaritzako Datu Irekien, Gardentasunaren eta Lankidetzaren zuzendari nagusia; eta David Truran, B Corp mugimenduaren enbaxadorea Europan .

Jarraian, Kaleidos sarea osatzen duten hiriek azaldu egingo dute nola igarotzen ari diren beraien hiriak harreman ekonomiko berrietara, 2030 Agendaren esparruan. Jardunaldiaren helburua ezagutzak eta esperientziak partekatzea da, hainbat ikuspegi eta errealitatetatik, eta pandemiaren ondorio sanitario, ekonomiko eta sozialak aztertzea, pertsonak eta planeta iraunkortasunaren ikuspegitik erdigunean jartzeko premia indartu baitute.

Kaleidos sarea 2000. urtetik ari da lanean tokiko kudeaketarako tresnak garatzen, ezagutzari eta esperientziari dagokienez partekatzekoak izan daitezen. Gaur egun, 2030 Agendaren esparruan tokiko politika instituzionalki indartzeko neurri zehatzak garatu eta testatzea du helburu, epe labur eta ertainean: herritarrenganako hurbiltasuneko zerbitzuak eta politikak, gobernantza, herritarren parte-hartzea, antolaketa-kultura, gobernu irekia, zuzentasun sistemak eta tokiko garapen estrategikoa. Egun honako udalak dira sarearen eragileak: Getafe, Gasteiz, Sant Boi de Llobregat, Bilbo, Malaga, Alacant, Santiago eta Valentzia.

Share

Mazokak azaroaren 26an (ostirala) irekiko du bere azoka birtuala

Gasteizko Marrazki eta Ilustrazioaren Azoka Montehermoso kulturunean egingo da, abenduaren 17tik 19ra

 

Programa Mazoka 2021

Mazokak, Gasteizko Marrazki eta Ilustrazioaren Azokak, ostiral honetan irekiko du merkatu birtuala www.mazoka.org webgunean, VII. edizio honetan hautatutako 40 mazokalarien lan grafikoa ikusterik izan dadin.

Parte-hartzaileen artean izen ezagunak aurkituko ditugu, hala nola ilustrazioaren Euskadi sariaren irabazle Miren Asiain Lora eta haren “poesia grafikoa”, eta Nader Sharaf eta Mar Ferrero, argitalpenaren, haur eta gazte literaturaren eta publizitatearen alorretan ibilbide luze eta sendoa egin dutenak. Proposamen alternatiboak ere izango dira, Daniel Diaz fanzine-egilearena, esaterako.

Maite Gurrutxaga izango da artista gonbidatu nagusia;  Anuska Graphic diseinu-estudioak ikusizko identitate oso bat sortu du haren lanaren inguruan, omenaldi gisa, haren aparteko estilo grafikoa auzotasun, hurbiltasun, bizikidetza eta elkarlanaren balioekin konbinatuz.

On-line denda abenduaren 26ra arte egongo da zabalik.

Abenduaren 17tik 19ra, berriz, Mazokak aurrez aurreko azoka egingo du Montehermoso kulturunean; jarduera-programak lantegiak, bisita gidatuak, liburu eta komikien aurkezpenak, musika-emanaldi ilustratua, dantza-emanaldia eta “marrazkitzarrak”. barne hartzen ditu.

Aldez aurretik, “Hari batetik zintzilik” erakusketa jarriko da garai bateko ur-biltegian: “oihal ilustratuen baso” horretan VII. Mazokaren protagonista diren egileen lana ikusi ahalko dira. Abenduaren 3tik 26ra arte izango da.

Horretaz gain, abenduan bisita gidatuak egingo dira arte-batxilergoetako ikasleentzat eta arte-, diseinu- eta ilustrazio-eskoletako ikasleentzat. 

Informazio gehiago: https://www.mazoka.org

 

Share

Vitoria-Gasteiz, emakumeenganako indarkeriaren aurka konprometitua

Gasteizko Udalbatzak hainbat ekintza egin ditu gaur, azaroak 25, emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako salaketa, ikusgarritasuna eta konpromisoa sustatzeko.

Hala, goizeko lehen orduan, Gorka Urtaran alkateak eta Gasteizko Udaleko Berdintasun Batzordeko bozeramaileek Erakunde Adierazpena irakurri dute, talde politiko guztiek babestuta.

 

Adierazpen horrekin, Udalak honako konpromiso hauek hartu ditu:

  • Indarkeria bikarioaren errealitate hori agerian jartzen eta behar bezala artatzen laguntzea, besteak beste, indarkeria matxistaren biktimak koordinatzeko eta artatzeko protokoloetan Istanbulgo Hitzarmenean jasotako indarkeria gauzatzeko modu desberdinen artean.

 

  • Indarkeria matxistaren biktima diren adingabeak hautematen eta goiz esku hartzen laguntzea, udal-zerbitzuen bidez, beste eragile batzuekin lankidetzan (hezkuntza-, osasun- eta polizia-agenteak, etab.), eta emakumeek beren ardurapean dituzten adingabeekin eta kaltetutako beste pertsona batzuekin behar dituzten beharrei eta baldintzei erantzutea.
  • Indarkeria matxistaren biktima diren adingabeek esku hartzeko eta babesteko prozesuak hobetzea, beren eskumenen esparruan, ikuspegi feminista duen abordatze intersekzionalaren, integralaren eta holistikoaren esparru batetik.
  • Neurri guztien erdigunean jartzea biktimen eskubideak eta haien ahalduntzea, eta laguntza integrala ematen laguntzea, prozedura judizialarekin duten inplikazio- edo lankidetza-maila gorabehera.

  • Toki-administrazioko langileei berdintasunari buruzko prestakuntza ematea bultzatzea, bereziki emakumeen aurkako indarkeria matxistaren aurrean genero-ikuspegitik eta giza eskubideen ikuspegitik erantzuten diharduten langileei.
  • Lanean jarraitzea berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako herri-itun bat lortzeko, eta, ondorioz, haien seme-alaben aurkakoa, herritar guztien jarrera aktiboa behar dugulako indarkeria matxistarik gabeko gizarte bat lortzeko.

Gainera, Korporazioko kideek Arabako Foru Aldundiak, Arabako Batzar Nagusiek eta Udalak berak Probintzia plazan antolatutako elkarretaratzean parte hartu dute.

Share