Prentsa Oharren banner

Folklore Akademiak “Dantza Plazan” programa aurkeztu du, zeinak bihartik aurrera 10 saio egingo baititu

Dagoeneko eman daiteke izena 2017-2018 ikasturterako, maiatzaren 22ra arte

Udal Folklore Akademiak “Dantza Plazan” programa aurkeztu du gaur, zeinaren bidez aldez aurretik landutakoa hiriko zenbait plazatan erakusten baitu Akademiak.  Bihar hasiko da, Espainia plazan, eta irailaren 8ra arte iraungo du; orotara 10 saio izango dira.

“Folklore tradizionalaren azaroetako bat praktikatu ahal izatea da, hain zuzen. Folklorearen bizipena berreskuratzeko eredu bat proposatu behar da; gure kasuan Dantza Plazan izeneko jardueraren bitartez gauzatzen da hori, non ikasleek eskoletan ikasitakoa praktikatu baitezakete“, adierazi du Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Cantok.

Dantza Plazan jardueraren xedea dantzaren eta musikaren zentzu ludikoa berreskuratzea da, zeina naturaltasunez ulertu behar baita, ez jantzi eta ez koreografia bereziren beharrik gabe, hartara herriaren adierazpen folklorikoen jatorrizko espiritua berreskuratzeko.

Herritarrei irekitako ikuskizuna da, euskal dantza tradizionalen ikusle eta, aldi berean, partaide izateko aukera eskaini nahi baitzaie herritarrei. Nagusiki pedagogikoa da Dantza Plazan jarduera, Akademiako dantzako irakasleek aktiboki hartzen baitute parte, koreografien pausuak azalduz.

Kalean egiteko jarduera denez gero, udaberri-uda denboraldian programatzen da. Ohi bezala, Espainia plazan egingo dira saioak, irailaren 8koa izan ezik: Salburuko hezeguneak interpretatzeko zentroarekiko lankidetzan, Atariaren ondoan egingo da hori.

Berritasun gisa, ekainaren 23an “Dantza Plazan” saio berezia antolatu  da, “Bandtzaldia” izeneko ikuskizuna; Udal Musika Bandak, Aiko taldeak eta Folklore Akademiak dantza errepertorioa interpretatuko dute, erromeria bat irudikatuz, eta publikoak entzuteaz gain dantzan aritzeko aukera izango du.

2017-2018 ikasturterako izen ematea

Bestalde, maiatzaren 1etik 23ra bitartean egongo da zabalik Udalaren Folklore Akademian 2017-2018 ikasturterako izena emateko epea. Hauek dira onartuak izateko gutxieneko adinak: dantza ikasteko, 2011ko abenduaren 31ra bitartean jaiotakoak, eta gainontzeko ikasgaietarako, 2010eko abenduaren 31ra bitartean jaiotakoak. Kantu tradizionaleko taldea, berriz, 18 urtetik gorakoentzat da.

Musika Etxean (San Antonio kalea, 14) eman daiteke izena, 10:30etik 13:30era eta 17:00etatik 19:30era (ostiral arratsaldeetan izan ezik), edo internetez, www.vitoria-gasteiz.org orrian agertzen den inprimakia behar bezala beteta gufa@vitoria-gasteiz.org helbidera bidaliz.

Díptico Dantza plazan

Share