Prentsa Oharren banner

Alkatea Ajebaskeko hogeita hamar ordezkarirekin bildu da, interes komuneko gaiez hitz egin eta sinergiak sortzeko

Enpresaburu gazteek zein gaik kezkatzen dituzten azaldu diete Gorka Urtaran eta Nerea Melgosari

Gasteizko alkate Gorka Urtaran eta Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa  Ajebask  enpresari gazteen elkartearekin bildu dira gaur, talde horrentzat interesgarri izan daitezkeen udal proiektuen berri eman, sinergiak sortu eta estrategiak koordinatzeko xedez. Elkarteko hogeita hamar kidek hartu dute parte bileran; zein gaik kezkatzen dituzten eta zein izan daitezkeen irtenbideak azaldu dute.

Alkateak eta zinegotziak Urtaranen gobernuaren lan-ildo estrategikoak —orokorrak eta bereziki ekonomiari dagozkionak— aurkeztu dizkiete. Udala iraunkortasunaren hiru arloetan —ez soilik ingurumenaren ikuspegitik, baita ikuspegi sozial eta ekonomikotik ere— garatzen ari den jardueren adibideak azaldu dizkiete, eta Nerea Melgosak gidatzen duen sailak enpresen alorrerako bideratzen dituen ekintzak aipatu dituzte: mintegietatik hasita ekintzaileei laguntzeko planera, prestakuntza eta Itun Berdea barne.

Alkateak Gasteiz industria-hiria dela azpimarratu du, eta horrek garrantzia handia duela etorkizunari eta krisiaren irteerari begira. “Industriaren indarrak domino eragina du, hau da, industria hobetuz gero, gainerako sektoreek ere hobera egiten dute”, esan du. Hori dela kausa, Udala arlo ekonomikoan egiten ari den ahaleginak industriara eta merkataritzara bideratzen dira, beste sektore batzuk ahaztu gabe, eraikuntzarena, esaterako, zeina berpizten ari baita.

Gorka Urtaranek ehun ekonomikoarekin eta gainerako administrazioekin lankidetzan aritzeko borondate irmoa adierazi du, jarduera eta enplegua berreskuratzeko, enplegua egonkorra eta kalitatekoa izatekotan. Izan ere, haren agintaldiko ia bi urte igaro direlarik enplegu tasak eta Gizarte Segurantzaren kotizatzaileen tasak hazi egin dira. “Enpresarik gabe ez dago ekonomia-jarduerarik, ez dago garapenik, eta ez dago etorkizunik”, azpimarratu du alkateak.

Enpresaburuek hainbat gairi buruzko kezkak azaldu dituzte: EJZren hobariak; Zabalgunea birgaitu, biziberritu eta berpizteko ‘masterplan centro’ deritzona; auzoen eta erdialdearen arteko mugikortasuna; ingurumen estrategiak, eta abar.

 

 

 

Share