Prentsa Oharren banner

Emakumeen Berdintasunerako eta Jabekuntzarako Eskolak oso ikasturte positiboa itxi du, gero eta emakume gehiago biltzeko erronka eginez

Gaur egingo da itxiera-ekitaldia, Goiuri jauregian; beste hiri batzuetan sexu aniztasunaren alde egindako esperientziei buruzko mahai-ingurua eta antzezlan bat antolatu dira

 

Gasteizko ekimena sendotzen ari da, 60 jardueratik gora programatu baitira, talde feministekin eta berdintasunaren alde diharduten elkarteekin batera

 

Emakumeen Berdintasunerako eta Jabekuntzarako Eskolak aurtengo ikasturtea amaituko du gaur arratsaldean. Balantzea “oso positiboa da, eta era guztietako gero eta emakume gehiago biltzeko eta eskolaren irisgarritasuna hobetzeko asmoa dugu. 2011n sortu zenetik, Eskola haziz joan da, pertsona zein talde ezberdinek egindako proposamenak programazioan txertatuz, partaidetzan eta elkarlanean oinarritutako programa osatzeko”, nabarmendu du Berdintasunerako zinegotzi Jaione Aguirrek, zeinak talde feministen eta berdintasunaren alde diharduten elkarteen inplikazioa txalotu baitu. “Antolatutako jardueretako asko berariaz eskatu ziren. Eskola ez zatekeen berdin izango haien ekarpenik gabe”, azaldu du.

Aurten, Gasteizko Emakumeen Berdintasunerako eta Jabekuntzarako Eskolak 60 jarduera baino gehiago eskaini ditu: 10 hitzaldi, 7 zine-forum, 3 irakurketa-talde eta 41 ikastaro eta lantegi, askotariko gaiak eta formatuak zituztenak; horietako askotan leku guztiak bete dira. Lehenengo aldiz, ikasturtean egindako hitzaldiak zeinu hizkuntzan eta azpidatzita eskaini dira, gorren erabiltzerik izan dezaten.

Eskolak hirian duen eragina handitzen jarraitzen du, urtez urte parte hartzen duen publiko fidela (% 50 inguru) sendotu baita, eta bada parte-hartzaile berririk ere.

Jaione Aguirrek gogoratu du Emakumeen Etxea sortzeko partaidetza-prozesua egiten ari dela; horrek jarraipena emango dio Eskolari, eta Gasteizko emakumeen ahalduntze kolektiborako estrategia indartuko du.

Aurten, eskolaren itxierak Maiatzaren 17a dela eta (Lesbo-Gay-Transfobiaren kontrako Nazioarteko Eguna) antolatutako jarduerekin bat egin du, “dibertsitate afektibo eta sexuala zein genero-identitate anitzak ospatzen dituen hiria aldarrikatzeko, eta LGTBI pertsonen kontrako diskriminazioa, estigmatizazioa eta indarkeriari aurre egiteko“, azaldu du Berdintasunerako zinegotziak.

Horrekin lotuta, Goiuri jauregian beste hiri batzuetan sexu aniztasunean arreta emateko esperientziei buruzko mahai-ingurua egingo da 18:00etan, eta  “Limbo” lanaren zati bat antzeztuko da.

Share