Prentsa Oharren banner

Udalak hirigunearen barruan “Vasco-Navarroaren bide berdea” identifikatzeko 25 seinale jarri ditu

Gasteizko Udalak hirigunearen barruan “Vasco-Navarroaren bide berdea” identifikatzeko 25 seinale jarri ditu. Iaz, bizikletentzako azpiegitura Zubigaraitik Gamarraraino (Arkatxa, Erraimun Olabide, Triana, Herrandarren eta Ballester Apezpikuaren kaleetan barrena) osatzeko lanak egin zituen Udalak. Garai batean Lizarra eta Bergara Arabako hiriburuan barrena lotzen zituen trenbidearen trazadurari jarraitzen dio ibilbide horrek, eta balio handia du turismo familiar eta iraunkorraren ikuspegitik. “Orain beste urrats bat egin dugu, garai bateko trenbidetik bizikletaz doazenei lagunduko dieten seinale horiek jarrita. Eguraldi ona lagun, uste dugu txirrindulari asko etorriko direla Gasteizera bide berdeari jarraituz. Lehen hiria “puntu beltza” zen, ez baitzegoen ez seinalerik ez bizikleta azpiegitura egokirik. Azken hilabeteetan, hiria hegoaldetik iparralderaino zeharkatzen duen ibilbide ezagun hori duina izatea lortu dugu”, azaldu du Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusillak.

Izan ere, Udalak 250.000 euro inguru inbertitu zituen iaz bizikleta sarea osatzeko, bizikletentzako bide bereizi eta babestuak sortuz edo margotze-lanak eginez. Duela gutxi errepidetik doazen zati batzuen zorua ere hobetu da, bizikletentzat erosoagoa izan dadin.

Bide batez, Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak jarritako seinaleetan Gasteizko leku interesgarri batzuk (Erdi Aroko hirigunea edo tren geltokia) erantsi dira, edo Landa eta Lizarrarako noranzkoak.

Share