Prentsa Oharren banner

Alkateak 20 ekintzatik gora proposatu ditu Gasteizko erdigunea birgaitu, biziberritu eta berpizteko

Urtaranen gobernuak Erdigunerako Masterplana aurkeztu du hiriko alderdi estrategiko hori eraldatzen inplikatutako gizarte, ekonomia eta merkataritza agenteen aurrean

Proiektua oraindik lantzen ari da, eta eztabaidatzeko eta ekarpenak egiteko aukera izango da

Gorka Urtaranek denen konpromisoa eskatu du ekimenak arrakasta izango badu

 MASTERPLAN EKINTZAK                MASTERPLAN BIDEOA

Urtaranen gobernuak Erdigunerako Masterplana aurkeztu du gaur goizean, Gasteizko erdigunea birgaitu, biziberritu eta berpizteko 20 ekintzatik gora biltzen dituena. Erdigunerako Masterplana 3 B-en filosofian oinarritzen da: espazio publikoak berpiztea, erabiltzen ez diren eraikinak berrerabili eta birgaitzea, eta  merkataritza eta ostalaritza biziberritzea. Gorka Urtaran alkateak “guztion konpromisoa” beharrezkoa dela esan du “proiektu honek aurrera egiteko. Erdiguneko Masterplana ez da dokumentu itxi bat. Ekarpen berrietara irekita dago, beti erdigunea biziberritzeko helburua duten proiektu eta jardueretara irekia, hain zuzen ere. Izan ere, eremu estrategikoa da hiriarentzat. Guztion artean erdigunean beste garai batzuetan izan zuen indarra berreskuratzea lortuko dugu”, esan du alkateak.

 

Espazio publikoak berpizteak bizitza sozialak  —eta, horrekin batera, merkataritza eta ostalaritza jarduerak— protagonismo handiagoa hartzea du helburutzat. Gaur egun dinamismoa eragozten duten muga fisikoak dituzten lekuak dira, elkartzeko leku gisa paper garrantzitsuagoa izan dezaketenak. Erdigunerako Masterplanak espazio horiek berpiztea aurreikusten du, irisgarriagoak, ibiltzeko errazagoak eta erakargarriagoak bihurtu eta bertan jarduera berriak sor daitezen. Alegia, inguruan bizi direnentzat atseginagoak.

 

Eraikinak berrerabiliz eta birgaituz, gaur egun erabiltzen ez diren higiezin ugari berreskuratu nahi dira hiriarentzat. Jarduera ekonomikoak, etxebizitzak edo administrazioa hartu duten eraikinak dira, denborarekin hutsik geratu direnak. Udalak, jabeekin batera, eraikin horiei bizitza berria eman nahi die, hondamena geldiarazteko , eta erabiltzeko aukera berriak emanez, haien ingurua eraldatzeko motorra  bihurtu daitezen.

 

Merkataritza eta ostalaritza biziberritzeari dagokionez, sektoreko enpresekin adostutako hirigintza jarduerak eta merkataritza politikak abiatuko  dira, hirugarren sektorea funtsezkoa baita erdialderako.

Hiru B horiek —espazio publikoak berpiztea, eraikinak berrerabili eta birgaitzea, eta merkataritza eta ostalaritza biziberritzea— konbinatuz, Erdigunerako Masterplanak Erdi Aroko hirigunetik trenbideraino doan hiri-bilbe osoan banatutako ekintzak barne hartzen ditu.

 

Santa Barbara eta garai bateko Espainiako Bankua eraldatzea eta trenbidea lurperatzea

 

Hiriko alderdi estrategiko hori eraldatzen inplikatutako gizarte, ekonomia eta merkataritza agenteen aurrean, alkateak planean jasotako jarduera-ildo nagusiak azaldu ditu. Ekitaldia Vital Fundazioaren Aretoan izan da, Dendaraban. Horien artean hiru dira nabarmengarrienak: Santa Barbara plazaren berpiztea, 9,6 milioi euroko aurrekontua duena eta “Bost Enparantza” proiektuaren gunea dena, zeinaren bidez hiri eta merkataritza ardatz handia sortu nahi baita, Posta kalean barrena Andre Maria Zuriaren plaza, Plaza Berria, Foru plaza, Santa Barbara plaza eta Leizaola Lehendakariaren kalea lotuz; Espainia Bankua izandakoaren ingurua eraldatzea, inguratzen duten kaleak berrantolatuz oinezkoentzako lekua irabazteko, oztopoak kentzeko eta merkataritza eta ostalaritza jarduera sustzeko; azkenik, trenbidea lurperatzeak libre utziko duen lekua, zeinean garraio publikorako bideak sortuko baitira, hiriko ekialdea eta mendebaldea komunikatzeko bideak, eta dotaziozko eraikin berriak (ikastetxeak) eta neurri txikiagoan, bizitegiak. Horrekin lotuta, intermodala izateko asmoa duen tren geltokia egingo da, Green Capital plazatik Dato kalera doan ardatza dinamizatuko duena.

 

Santa Barbara,  garai bateko Espainiako Bankua eta trenbidea lurperatzea hiria biziberritzeko hiru proiektu handi dira, eta horiei erabiltzen ez diren eraikinak berrerabili eta birgaitzeko ekimen ugari gehitu behar zaizkie.

Jarduera multzoa

ARICHen egoitza izandakoa barrutik birgaitzea eta irisgarritasunarekin lotutako berrikuntzak egitea saltoki bihurtzeko. Higiezin hori hutsik egon zen bost urtez, eta dagoeneko merkataritza-jarduera ezarri da oinezko gehien dabilen erdialdeko leku batean.

Udal Ogasuneko bulegoak izandakoak eraldatzea, bizitegi-erabilera emateko. Gainera, beheko solairuan eta sotoan erabilera tertziario berriak sortuko dira.

Dato kalearen, Araba Jeneralaren kalearen eta San Prudentzio kalearen arteko etxadia berrantolatzea. Oraingo espazioak —aparkalekua lehen eta bigarren solairuetan— berrantolatuko dira, beheko solairuan erabilera tertziarioko espazioak —handiagoak eta oraingo beharretarako erakargarriagoak— utzita eta kaleak elkarren artean komunikatuta.

Banco Santanderren egoitza (Arka plaza) izandakoaren erabilera aldatzea. Gaur egun higiezin horren jabeekin hitz egiten ari da, hirigintza-plangintza aldatzearren. Erabilera tertziarioko sailkapena aldatzea proposatzen da, “bulegoetarako tertziarioa” kategoriatik “hoteletarako tertziarioa” kategoriara.

Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen egoitza berria. San Prudentzio kaleko 30.ean orain San Martinera aldatu diren udal bulegoetako batzuk zeuden. Irtenbide bat aurkitu da eraikina hutsik gera ez dadin, barrutik eraberrituz eta Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen bulegoak hartzeko egokituz.

Ertza eraikina bizitegi-erabilerara aldatzea. Fatxadak mantendu eta eraikina barrutik eraldatzea da asmoa, etxebizitzak jartzeko eta beheko solairuan eta sotoan erabilera tertziarioa sortzeko. Hartara, erabilera berria emango litzaioke udalaren bulego berriak inauguratu ondoren hutsik geratutako beste higiezin bati.

 Alfarotarren etxea osorik birgaitzea. Gaur egun Udala higiezin babestu horren jabeekin hitz egiten ari da, eta osorik birgaitzeko proiektu bat gauzatzeko aukerak aztertzen, arkitektura sailkapena errespetatuz. Finantza-erakunde baten egoitza bihurtu daiteke.

Zulueta jauregiaren erabilera berria. Osorik babestutako eraikina da, beraz, barruko eta kanpoko itxura zein lorategiarena mantendu beharra dago. Promozio enologiko eta gastronomikoarekin lotutako erabilera eman nahi zaio, Arabako Errioxako turismoa promozionatzeko egiteko garrantzitsua egin dezan.

Turismo bulego berria jartzea Goya gasolindegia izandakoan. Eraikinaren egitura osorik gorde nahi da, erabilera ezberdinak emanez. Barrutik eraberritzea aurreikusi da, beheko solairuan turismo bulego berria eta elektrizitate karga-gune bat jartzeko. Lehen solairuan Alberto Schommer museoa jarriko litzateke, eta ostalaritzako jarduera osagarri bat.

“Bike station” jartzea Txoroleku izandakoan. Eraikinaren egungo egoera aztertzen ari da, eta  “bike station” bihurtzeko egin beharreko egokitzapenak. Bizikleta elektrikoak alokatzeko sistema bat sortzeko aukera ere aztertzen ari da, handik metro gutxira dagoen turismo bulegoarekin lotuta.

Merkataritza espazio berria Dendaraban. Higiezin horren barrualdea birmoldatzea aurreikusi da, lehen solairuan areto txikiek osatzen duten merkataritza galeria espazio jarraitua bihurtzeko. Beheko solairuan ere aretoak berrantolatuko dira, denda galeriaren zati bat utzita eta gainerakoak batuz, merkataritza espazio jarraitua sortzeko. Dena dela, Independentzia, Posta eta Bake kaleak lotzen jarraituko du Dendarabak.

Gizarte Segurantzaren diruzaintza izandakoa berrerabiltzea. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren bulegoak lekuz aldatu ondoren, Posta kaleko 42.eko eraikina ere hutsik geratu zen. Udala azterlanak egiten ari da, eta jabeekin hitz egiten, higiezin hori berrerabiltzeari begira.

Florida kaleko 28.eko eraikina. Bizitegi-eraikina da, birgaitu beharrekoa, eta Udala da gehienaren jabea. Beheko solairuari erabilera tertziarioa emateko aukerak aztertzen ari dira, ostalaritza edo merkataritza negozioren bat jartzeko.

Jose Erbina kaleko 1.eko lursaila.  Trenbide azpiegituraren sailkapena du, eta leku estrategikoan dago, lurperatzekoa den trenbidearen ondoan; beraz, oso interesgarria litzateke bizitegi-erabilerarako edo enpresaren baten egoitzarako. Lursailaren erabilera aldatzeko egin beharko litzatekeen hirigintza-plangintzaren aldakuntza izapidetzeko aurretiazko azterlanak egiten ari dira.

Florida kaleko 53.eko lursaila. Zainpeko apartamentu batzuk egitea aurreikusi zen, baina azkenean ez zen asmoa gauzatu. Lursailari bizitegi-erabilera ematea aztertzen ari da, beheko solairuan eta sotoan erabilera tertziarioa izateko aukerarekin.

Postetxea. Higiezinaren jabeekin hitz egiten ari da, enpresaren jardueraren erabilera osagarriak txertatzeko asmoz. Hartara, etekin handiagoa aterako litzaioke katalogatutako eraikin horri, Bost Enparantza proiektuari eta Espainiako Bankua izandakoaren eraberritzeari esker leku estrategikoan geratuko baita.

Bonilla. Ekimen pribatuko proiektua, eraikin horretan adinekoentzako egoitza (49 pertsonarentzat) jarrita; hartara, gaur egun hutsik dagoen eraikinaren zatia erabiliko litzateke.

Iradier Arena. Eraikinaren efizientzia akustikoa hobetzeko inbertsioa, ekitaldi, kontzertu eta abarretarako baliatu ahal izateko eta hartara benetan erabilera askotarakoa izan dadin. Aparkalekuan txandakatzeko leku ugari erreserbatuko dira, trenbidea lurperatzearekin lotutako geltokiari eta erabilera askotarako eraikinaren jarduerari lotuta. Gainera, 200 leku inguru inguruko auzokoei besterenduko litzaizkieke.

Zabalgunerako laguntzak. Udalak lehentasunezko zonatzat jo du hiriaren erdialdea birgaitzeko laguntzen deialdian, eta beste laguntza-ildo batzuen barruan, berariazko programak sortu ditu begiratokiak konpontzeko, hiriaren ezaugarria baitira.

Diagnostikoa

Erdigunerako Masterplanak erantzuna ematen dio diagnostiko bati. Krisi ekonomikoa, enpresak eta erakundeak beste leku batzuetara aldatzea, bizitegietarako gune berriak sortzea eta beste faktore batzuk direla eta, hiri sendotuak erritmoa galdu du lehen zuen jarduera ekonomikoaren eta okupazioaren aldean. Lursail hutsak, eta erabili gabeko eraikinak eta aretoak erdialdeko paisaiaren zati bihurtzen ari dira, eta inguruak beste garai batzuetako pultsua berreskuratu nahi du, eta behar du. “Honetarako moldatzen den hirigintzaren kontzeptua erabiliko dugu oinarritzat. Garai berri hauek behar berriak dituzte, eta gaurko beharrei erantzuna emateko aproposa da moldatu daiteken hirigintza hori, betiko hirigintza baino malguagoa izango baita. Erabilerarik gabeko eraikin eta lokalak bizirik dauden puntuetan bihurtu behar ditugu, gure hiriko bizitza kolektiboa ere berriztatzeko”.

Gaur egun, 8.154 pertsona bizi dira Gasteizko Zabalgunean. Hau da, duela 10 urte baino mila gutxiago ia. Gainera, populazio horren batez besteko adina gero eta handiagoa da, 47 urtetik gorakoa. Eta erdigunean bizi direnen laurden batek 65 urte edo gehiago ditu. Horri gehitu behar zaio Zabalguneko 4.615 etxebizitzen erdia ia duela mende erdi baino gehiago eraiki zela.

Ehun ekonomikoari dagokionez, azken bost urteetan irekitako establezimenduen kopurua nabarmen jaitsi da. Epe horretan 200 negozioa inguru itxi dira. Gaur egun  2.005 aretotan dago jarduera: erdia banku eta aseguru-etxeak dira, eta heren bat baino zertxobait gehiago merkataritza eta ostalaritzakoak dira. 2016ko hasieran, 8.048 pertsonak egiten zuten lan sektore horretan.

Gasteizko zona enblematiko horren gainbehera eragozteko sortu da Erdigunerako Masterplana, ekimen publikoak eta pribatuak batzeko gauza izan dadin eta epe motz eta ertainera neurri eraginkorrak hartzeko bide eman dezan.

Proiektu batzuk dagoeneko obra kontratatzeko fasean daude; beste batzuetan behar diren azterlanak egiten ari dira, eta gainerakoetan hirigintza-plangintzaren aldakuntzaren izapideak aurreratzen ari dira, eraikinak berraktibatu edo berrerabiltzeko.

Masterplana ez da agiri itxia. Erdigunea biziberritzeko filosofia partekatzen duten ekarpen, proiektu eta ekimen berriak egin dakizkioke.

 

Share