Prentsa Oharren banner

Udalak milioi euro inguru inbertituko du Jundiz eta Urartea kaleak asfaltatzen

Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak kontratazio-prozedura abiarazi du hiriko industrialdeetako kale garrantzitsuenetako biren asfaltoa sendotzeko lanetarako; Jundiz eta Urartea kaleak dira, eta milioi euro inguru inbertituko da horietan.

Jundizko eta Ehari-Gobeuko industrialdeetan daude kale horiek, hurrenez hurren, eta egunero milaka ibilgailu —astunak asko— igarotzen dira bertatik; hori dela kausa, eta duela asko ez direlako berritu, galtzadak hondatuta daude.

“Bi kale horiek berritzeko unea iritsi da. Zati batzuek trafikorako arrisku agerikoa dute, eta hori zuzendu beharra dugu. Industrialde horietan lan egiten duten milaka pertsonen bide-segurtasuna hobetu nahi dugu. Gainera, agintaldi honetan industrialdeetako azpiegiturak hobetzeko asmoa dugu, enpresei zerbitzu hobea eskaintzeko”, azaldu du Ekonomia Sustapenaren Arloko zinegotzi ordezkari Maider Etxebarriak.

Bi proiektuek antzeko kostua izango dute. Jundiz kaleko asfaltatze-lanen aurrekontua 489.365 euro da, eta sei astean gauzatzeko epea ezarri da; Urartea kalea berritzeko lanak, aldiz, 474.452 euroko aurrekontua izango du, eta gauzatzeko epe bera.

Share