Prentsa Oharren banner

Udalaren prestakuntza-programazio berriak aurrez aurreko 25 ikastaro eta beste 250 online eskaintzen ditu, pertsonen gaitasuna eta enplegagarritasuna hobetzeko

Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak 2019ko bigarren seihilekorako landu duen prestakuntza-eskaintza aurkeztu du Udalak. Programazio berriak aurrez aurreko 25 ikastaro (375 leku), 250 ikastaro online (izena emateko mugarik gabe) eta ia 3.400 prestakuntza-ordu eskainiko ditu; “milaka pertsonari aukera emango diete ezagutza berriak eskuratzeko eta gaitasun berriak garatzeko, enplegagarritasuna lortu, berreskuratu edo mantentzearren“, azaldu du Enplegu zinegotzi Felipe Garcíak.

Aurrez aurreko modalitateaz esan du eskaintza berria “ezin hobeto doitzen zaio[la] gure hiri-filosofiari eta gure enpresetan antzeman ditugun garapen eta hazkunde aukerei“. Lau arlo handitan egituratzen da:

  • Eraikinak egin eta birgaitzea: Lanbideren profesionaltasun ziurtagiri ofiziala eskuratzeko ikastaroak (iturgintza, instalazio elektroteknikoak, arotzeria…); eraikuntza-jarduerei buruzko oinarrizko ikastaroak (pintura apaingarria, barrualdeko eraberritzeak), eta sektoreko alderdi teknikoei buruzko ikastaroak.
  • Industria: industria tradizionaleko 2 prestakuntza-ikastaro (biltegiko laguntzaileak eta soldadura eta metal-arotzeria) eta 4.0 industriaren alorreko 6 prestakuntza-ikastaro (robotika, segurtasun informatikoa…).
  • Enplegu berdea, iraunkortasuna eta energia berriztagarriak: bi ikastaro dira: batak eraikinen energia-ziurtapena du gaitzat, eta besteak, ahalduntze teknologikoa ekonomia zirkularreko ingurune batean.
  • Berrikuntza eta informazio- eta komunikazio-teknologiak: informazio eta komunikazio teknologiei, merkataritza elektronikoari eta diseinu grafikoari eta web diseinuari buruzko ezagutzak eskuratu ahalko dituzte parte-hartzaileek.

Horretaz gain, 250 ikastaro eskainiko dira online, leku mugarik gabe, hainbat alorretan: enpresa-kudeaketa eta administrazioa, programazioa, sistemak, diseinua eta komunikazioa, multimedia, ofimatika, giza baliabideak, etab. Urte osoan zehar dago irekita aukera hori, eta etengabe berritzen da: horren erakusgarri dira 2019an eskainitako 86 ikastaro berriak.

Ikastaroak irailean hasiko dira, baina dagoeneko kontsultatu daiteke zein betebehar eskatzen den, eta izena aldez aurretik eman.

Batzuetan gaiari buruzko gutxieneko ezagutzak eskatzen dira; bestetan, hautatze-proba eta elkarrizketa egitea, edo curriculuma aurkeztea, balioesteko. Edonola ere, Lanbiden izena emanda dauden langabeek izango dute lehentasuna.

Felipe Garcíak azaldu duenez, “gure helburua oso argia da: pertsona aktiboen gaitasuna eta enplegagarritasuna hobetzea, batez ere langabeena. Ildo horretatik, arreta berezia eman nahi izan diegu talde hauei: kalifikazio-maila txikia duten 16 eta 30 urte bitarteko langabeak; langabezian denbora luzea daramaten 45 urtetik gorakoak; emakumeak,  neurriz beherako ordezkaritza duten jarduera-sektoreetan, eta prestakuntza edo esperientzia izanik lan-merkatuaren benetako eskaerari egokitu beharra duten pertsonak”.

Ikastaroen matrikularen prezioa 0 eta 82 euro bitartekoa da, baina langabeek % 50eko murrizketa izango dute. Errenta sozialak jasotzen dituztenek, berriz, ikastaroaren % 50 ordainduko dute, eta arrakastaz gainditzen badute itzuli egingo zaie.

“Pertsonengan ari gara inbertitzen. Landu dugun prestakuntza-programari esker, pertsona askok ezagutza berriak eskuratu eta gaitasun berriak garatuko dituzte, eta lanpostu baten ateak irekiko dizkie horrek.  Eskaintza enpresen ezaugarri eta premia berriei egokitzen zaie, haiekin lankidetzan ari baikara gure produkzio ehuna garatzearren”, amaitu du Enplegu zinegotziak.

Share