Prentsa Oharren banner

Biktimen Oroimenezkoaren inguruan eta Tornay Medikuaren kalean aurreikusi diren eraberritze-lanak egin aurretik, Udalak mugikortasuna, zarata eta herritarren pertzepzioa aztertuko ditu

Biktimen Oroimenezkoaren inguruan eta Tornay Medikuaren kalean aurreikusi diren eraberritze-lanak egin aurretik, Udalak mugikortasuna, zarata eta herritarren pertzepzioa aztertuko ditu; udan hastekoak dira lan horiek. Landa-lan horren bidez informazio objektiboa eduki nahi da obrei ekin aurretik. Hartara, datuak alderatu ahalko dira lanak amaitu ondoren.

Abiatzear diren esku-hartzeek mugikortasunean duten eragina aztertzeari begira, informazioa biltzeko zenbait bide baliatuko dira:

Oinezkoen eta ibilgailuen zuzeneko kontaketak. Lau orduz zenbatuko da, goizeko zortzietatik arratsaldeko zortzietara bitartean, tabletak eta berariazko softwarea erabiliz.

Abiadura eta zarata neurketak. Sonometroa eta laser pistola erabiliko dira.

Inkestak. Eragindako inguruetan bizi direnei eta bisitariei egingo zaizkie elkarrizketak. Proiektuak ezagutzen dituzten, horietaz zein iritzi duten eta zer hobetuko luketen galdetuko zaie.

Aste honetan bertan hasiko da azterlana egiten, eta bide-inbentario batez eta udal teknikariek emandako informazioaz osatuko da (oinezkoentzat irabazitako azalera, auzoko onuradunen kopurua, kendutako aparkalekuak eta alternatibak, segurtasunari buruzko datuak…).

“Azterketa horren bidez oraingo egoerari buruzko datu interesgarriak lortuko ditugu. Eta, batez ere, esku hartu ondoren berritutako zonak nola geratu diren aztertu ahalko dugu berriro. Hau da, Biktimen Oroimenezkoaren inguruan, Arkupeetan eta Tornay Medikuaren kalean benetako egoera eta herritarren pertzepzioa lanen aurretik eta ondoren nolakoak diren alderatu ahalko dugu. Izan ere, bi zona horietan egin nahi ditugun berrikuntzek oinezkoen joan-etorria erraztuko dute eta ibilgailu motordunen kopurua gutxituko, Udalak sustatutako Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Planaren ildotik”, nabarmendu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Itziar Gonzalok.

Proiektu europarra

Lan hori ReVeAl proiektu europarraren barruan sartzen da; Gasteizko Udalak klima-aldaketaren kontra super-etxadiak baliatzea aztertuko du horren bidez. Programa garatzen duen partzuergo europarrak, besteak beste, hirietako espazio publikoan esku-hartzeak garatu, ezarri eta probatzea eta horien eragina ebaluatzea aurreikusi du.  Hain zuzen ere, Udalak abiarazitako azterketa honen bitartez egingo da ebaluazioa.

Share