Prentsa Oharren banner

Iñaki Gracenearen “Modelo eta praktika” erakusketa Montehermoson ikusgai, irailaren 22ra arte

Proiektu artistikoak lantzeko 2018ko deialdiaren barruko lan hori indarkeria sinbolikoan oinarritzen da

Iñaki Gracenearen “Modelo eta Praktika (disciplinar)” erakusketa uztailaren 5etik irailaren 22ra arte ikusi ahalko da Montehermoso kulturuneko ur biltegian; proiektu artistikoak lantzeko 2018ko deialdiaren barruan aukeratu zuten proiektua, eta gaur aurkeztu du egileak, Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estíbaliz Cantorekin batera.

Kontrol egiturek sortzen dituzten irudiak zalantzan jartzea da  “Modelo eta praktika (disciplinar)” erakusketaren ardatz nagusia, zehazki, kontrolaren arkitektura eta espetxeen arkitekturaren historia.

Azken proiektuetan, indarkeria sinbolikoaren inguruan jardun du egileak. Indarkeria mota horretan ez da indar fisikoa zuzenean erabiltzen, menderatzaileek menderatuak jazarriz baizik; inposizio horrek hainbat tresna baliatzen ditu: arkitektura, arauak, ezarritako errutina, munduaren ikuskera, gizarte rolak, kategoria kognitiboak eta pentsamendu egiturak.

Sailkapenaren ideian oinarritutako lan multzo batek osatzen du erakusketa. Ibilbidea Gasteizko garai bateko kartzelatik abiatzen da, estatuan eraikitako lehen kartzela zelularra izan baitzen, eta ur biltegian barrena hedatzen da, lanen arteko erlazio ezberdinak ahalbidetuz, bildumaren ideia abiapuntutzat hartuta.

Iñaki Gracenea

Iñaki Gracenea (Donostia, 1972) Arte Ederretako lizentziaduna da (EHU, 1990-95). 1997tik 2000ra bitartean egoiliarra izan zen Artelekun (Donostia). Transfer proiektuaren barruan Kunsthaus Essen zentroan aritu zen (2000). 2001-2002 ikasturtean Botín beka lortu zuen, International Studio and Curatorial Program-en (New York) egoiliar izateko. 2009an “Código Error” lantegia eman zuen Artelekun. 2010ean Fúnf Cams proiektua garatu zuen Berlinen, Madrilgo Autonomia Erkidegoaren arte plastikoen bekari esker. 2013an Andratx-eko (Mallorca) CCA zentroko programan parte hartu zuen. 2015ean egoilar izan zen CUNY-New Yorkeko Unibertsitateko John Jay College-ko Lloyd Sealy Library-n, eta Erromako Espainiaren Akademiaren beka lortu zuen.

Banakako eta taldeko erakusketa ugari egin ditu, eta hainbat museo eta zentrotako bildumetan dute haren lanen bat, Artiumen, esaterako.

Share