Prentsa Oharren banner

Gizonezko bat atxilotu dute bere amari eta anaiari irainak eta mehatxuak egiteagatik

Udaltzaingoaren Agenteek 52 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo bere amari eta anaiari mehatxuak eta irainak egiteagatik, eta azken horri heriotza-mehatxuak ere egin zizkion, Zaramaga auzoan duen etxebizitzan.

Gertaera horiek 15:30ak aldera izan ziren, eztabaida batean. Erakusten ari zen oldarkortasunaren aurrean, haren senitartekoek 092 zenbakira deitu zuten, polizia etor zedila eskatzeko.

Amak eta anaiak lehenago ere jarria zuten atxilotuaren aurkako salaketa, tratu txar psikologikoengatik. Gaur goizean, Guardiako Epaitegian izapide egokiak bete ondoren, epailearen esku geratu da.

Istripuak

Atzo Gasteizko Taldearen kalean gertatutako harrapaketa baten nondik norakoak ikertzen ari da argiketa-talde bat; istripu horretan, auto bat zegoen nahastuta, eta oinez zihoan 65 urteko emakume bat zauritu zen; anbulantzia batek Santiago Ospitalera eraman zuen gero.

Bizikletaz zihoazen 13 eta 15 urteko bi mutil gazte zaurituta geratu ziren atzo, beste auto bat nahastuta zegoen istripu batean. Adingabeen tutoreak arduratu ziren bi gazteez eta uko egin zioten laguntza medikoari.

Udaltzaingoak beste 16 trafiko-istriputan esku hartu zuen, baina ez zen zauriturik izan, eta 47 urteko emakume bat ikertzen ari dira edari alkoholdunen eraginpean gidatzeagatik, gaur goizaldean Astronomoen kalean aparkatuta zegoen ibilgailu baten aurkako talka batean nahastuta ibili ondoren.

Udaltzainek 11 salaketa izapidetu zituzten atzo eta polizia judizialaren 11 jarduera egin zituzten.

Alkohol eta drogen kontrola

Udaltzaingoak gaurtik hasi eta datorren ostiralera bitartean –uztailak 12– trafiko-kanpaina berezi bat burutuko du, auto, ziklomotor eta bizikleten gidarien artean alkoholemia kontrolatzeko helburuz, baita gidatzeko orduan eragin negatiboak dituzte beste droga edo estupefaziente batzuen kontsumoak ere, horrek istripuak gertatzeko arriskua areagotu egiten baitu.

Udako oporraldiak eta probintziako herri eta toki desberdinetan ospatzen diren jaiek nahiz sanferminek autoz egiten diren bidaien kopurua ugaritzea eragiten dute, eta horrek guztiak justifikatu egiten du 2018-2023 Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Iraunkorrerako Plan Estrategikoan aurreikusitako zaintza eta kontrol arloko jardueren barruan sartzen den kanpaina hau.

Konpresore batek su hartu du

Suhiltzaileek Jundizko enpresa baten deia jaso zuten atzo, konpresoreen gelan sute bat piztu zelako. SPEISeko lantaldeek aparra erabili zuten sua kontrolatzeko. Barruti horretan zeuden hiru konpresoreetatik bat kaltetua geratu zen.

Burgelura ere joan ziren Arabako Suhiltzaileei lastategi bat itzaltzen laguntzera. Hiru suhiltzailek eta zisterna batek osatutako taldea aritu zen sute hori itzaltzen.

Share