Prentsa Oharren banner

San Ignazio ikastetxeko terrazak konpontzeko lanak esleitu dira, eta Udalak ia 250.000 euro jarriko ditu horretarako

2019-2020 ikasturterako berrituko dituzte San Ignazio ikastetxeko terrazak. Gaurko bilkuran onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak eraberritzeko obren esleipena, zeinetara 244.054 euro bideratuko baititu Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Sailak.

Terrazak oso hondatuta daude, batez ere neguko eguraldiaren eraginez. Besteak beste, zoladura berriak jarriko dira, balkoietako sabaiak konponduko eta hustubide berriak egokituko.

Contratación y Ejecución de Obras, SL enpresa arduratuko da lanak egiteaz, 70 eguneko epean.

Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Sailak hogei obra egingo ditu udan hiriko ikastetxeak egokitzeko, eta aipatutakoa da garestiena. Horretaz gain, ia 15.000 euro erabiliko dira Angel Ganivet ikastetxeko pilotalekuan usoen kontrako sistema instalatzeko, eta 42.062 euro Paulo Freire Helduen Hezkuntza Iraunkorreko zentroko komunak eraberritzeko, Abetxukun.

“Eskoletan jarduerarik ez dagoen garaia baliatzen dugu mantentze lanei ekiteko. Margotze lanak izan ohi dira, edo jolastokiak konpontzeko edo argiztapena aldatu eta led luminariak jartzeko lanak, gure helburuetako bat, zentroetako zerbitzuak hobetzeaz gain, instalazioak iraunkorrago bihurtzea baita”, azaldu du Saileko zinegotzi Borja Rodríguezek.

Share