Prentsa Oharren banner

Udalak radar-kabina berriak jarriko ditu Nazio Batuen hiribidean eta Madril kalean

DOSSIERRA RADAR BERRIAK

Gasteizko Udalak bi radar-kabina berri instalatuko ditu datozen asteetan. Nazio Batuen hiribidean, non adingabe baten heriotza ekarri zuen harrapaketa gertatu baitzen urtarrilean, eta Madril kalean jarriko ditu kabinak Trafiko Zerbitzuak. Bi leku horietan bide-segurtasuna handitzeko neurriak dira, inguruetako auzo elkarteek eskatutakoak. “Herritar guztiak, umeengandik hasita adinekoenganaino, hirian segurtasunez ibiltzea nahi dugu. Super-etxadien eredua ezartzen ari gara, eta trafikoa moteltzeko neurriak lantzen. Oraingoan, radar-kabinak jartzea erabaki dugu”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak. Horretaz gain, Nazio Batuen hiribidean sakagailua duten semaforoak instalatu dira.

Hiribide horretan bada kabina bat, baina noranzko bat baino ez du kontrolatzen, Jundizerantz doana. Laster gauzatuko den neurriari esker, errepidearen bi noranzkoak kontrolatu ahalko dira.  Hau da, industrialderantz eta erdialderantz doazen erreiak.

Orain Nazio Batuen hiribidean dagoen kabina, berriz, Madril kalera eramango da, Heraclio Alfaro kalearen parera. Garai batean baziren radar-kabinak puntu horretan, baina 2012an Salburua bulebarrera aldatzea erabaki zen. “Harrezkero, oinezkoak kexatu egin dira gidari batzuk oso abiadura azkarrean igarotzen direlako bertatik”, zehaztu du Gasteizko alkateak. Kabina Oreitiasolorako noranzkoan jarriko da.

Orotara, Gasteizek 19 kabina izango ditu hiri osoan banatuta.

 

Share