Prentsa Oharren banner

Indarkeria matxistarik gabeko Andre Maria Zuriaren jaiak aldarrikatzen ditu Gasteizek

 

“Jaietan ere LIBRE izan nonahi! Celebra, Actúa, Responde” Udalak indarkeria matxista prebenitzeko kanpaina prestatzen ari da, bereziki gazteei zuzendua, erantzunkidetasunetik

Indartu eta lekuz aldatuko du aurtengo kanpainaren baliabide nagusi izango den indarkeria matxista prebenitzeko eta haren aurrean jarduteko informazio-lekua, eta abian jarriko du prebentzioko lantalde ibiltaria.

Herritarren eskura  jarri ditu Gizarte Larrialdietarako Zerbitzuaren eta Udaltzaingoaren telefonoak (945 13 44 44 eta 092, hurrenez hurren), gerta daitezkeen erasoei erantzuteko

 

“Emakumeek eta LGTBI biztanleek, 2019ko Andre Maria Zuriaren ohorezkoa jaiak indarkeria matxistarik gabeko gune libretan gozatzea nahi dugu. Lortu beharreko xedea da, baldin eta herritar guztiek eta jaietan zerikusia duten eragile eta zerbitzu nagusiek erantzunkidetasun giroan jokatzen badute. Gasteizko jaietan eta aisialdi espazioetan indarkeria matxista prebenitzeko programa hirian indarkeria matxista prebenitzeko programaren esparru orokorraren barruko tresna bat da, beste tresna bat. Izan ere, urte osoan garatzen diren prebentzio-ekintzak kontuan hartuz diseinatu da, eta HARA! Gasteizko Genero Berdintasunerako IV. Planari (2018-2021) jarraituz, programa honen planteamenduen eta gainerako jardueren arteko koordinazioa eta koherentzia hobetzearren”. Horixe da Udalaren Berdintasun Zerbitzuak diseinatu duen prebentzio-estrategiaren xede nagusia, Berdintasuneko zinegotzi Miren Fernández de Landa prentsaurrekoan azaldu duen bezala.

Zinegotziak eta Berdintasun Zerbitzuko buru Mireia Espiauk 2019ko jaietarako berdintasun-kanpaina aurkeztu dute gaur goizean, “Jaietan ere libre izan nonahi! Celebra Actúa, Responde” lelopean. Leloa jaiei berez darien kolorea eta sexu-aniztasuna aldarrikapena uztartzen dituen logotipo batean nahasten diren, ur-tantak edo su artifizialak irudikatu nahi dituzten jai giroko zenbait elementuren bidez, eta koloreen bitartez islatzen dute aniztasuna, harridura-marka baten inguruan, mezuari indarra emateko asmoz.  

 

Informazio-lekua eta jarduerak

Aurtengoan, Udalak indartu eta beste leku batean paratuko du indarkeria matxista prebenitzeko informazio-lekua. Independentzia eta posta kaleen arteko bidegurutzean izango da eta irekita izango da abuztuaren 4tik 9ra bitartean, 17:00etatik 23:00etara.

Informazio-lekua edonor bertara joateko modukoa izango da, eta bertan entzumenaren aldetik aniztasun funtzionala duen profesional bat arituko da, zeinu-hizkuntzan zein ahoz komunikatzeko gauza. Lekua prestatuta dago arreta intimo eta seguruagoa eskaintzeko, hala beharko balitz.

Gazteen arteko indarkeria matxistaren prebentzioaren eta haren aurrean jarduteko alorrean espezializatutako 3 langile arituko dira informazio-lekuan, eta informazioaz gain, jarduera dinamizatuak, photocall bat eta sentsibilizazioa eta prebentzioa jorratzera zuzendutako beste jarduera batzuk ere eskainiko dituzte, jai giroari begira, eta beti jabetzearen ikuspegitik. “Udalaren erreferentziazko informazio-gunea izango da Andre Maria Zuriaren ohorezko jaietan gerta daitezkeen indarkeria matxistako kasuei dagokienez, Udalaren beste zerbitzu eta baliabide batzuekin koordinatuta. Bertan, udal-baliabideei buruzko informazioa emango da, dela eraso matxistei erantzuteko (protokoloak, bideratze), dela halakoa prebenitzeko (hitzaldiak, mintegiak, etab.), eta baita beste baliabide eskuragarri batzuei buruz ere. Funtsean, zenbait tresna eta materialen bitartez jai giroan agertzen den indarkeria matxistaren adierazpenei –eta bereziki barneratzen ditugunei– buruz informatzea da xedea. Gainera, aldi berean emakumeekin batera ardura konpartitzearen garrantziari buruz kontzientziatzen saiatuko dira, berariazko informazioa duen txarteldegi batekin, gerta daitezkeen eraso matxisten aurrean jokatzeko irizpideekin, merchandising-gaiekin eta beste bitarteko batzuekin”, azaldu du Miren Fernández de Landa zinegotziak.

Horrez gain, LGTBI pertsonaren bat eraso matxista baten biktima izan bada, informazio-lekuan lagunduko egingo diote, eskura dituen zerbitzuen berri jakin dezan. Ez da artatzeko zerbitzu bat; aldiz, zerbitzu espezializaturen bateko arta jasotzeko bitartekaritza eskaintzen du. Beharrezkoa balitz, eta bertaratu den pertsonak hala eskatuko balu, koordinazioko eta udal baliabideetara laguntzeko protokoloa aktibatuko da.

Azkenik, informazio-lekuak informazio anonimoa biltzeko tresna bat du: egindako kontsultei buruz, jasandako edo ikusitako erasoei, eta aktibatu diren erantzun edo estrategiei buruz, informazio-lekura hurbildutako pertsonen zein profesionalen aldetik jasota. Tresna horrek informazio eguneratua eta sistematizatua izateko aukera ematen du, Andre Maria Zuriaren ohorezko jaien jarraipen eta balorazioa egina ahal izateko, hartara mekanismo, baliabide eta zerbitzuen hobekuntzan jarraitu ahal izateko.

 

Sentsibilizazio eta prebentzio ibiltaria

Informazio eta prebentzio-lekua indartuko duen prebentzio ibiltariko talde bat gehituko da aurten, prebentzio-mezuak hurbildu nahirik gazteen giro informaletara; hain zuzen ere giro horietan elkartzen direnez gazteak, horietan identifikatu daitezke portaera matxistak, eta baita portaera horien aurkako ekintzak eta diskurtsoak ere.

Ekimena batez ere gizonezko gazteei zuzenduko zaie, beraiei zuzenduriko mezuak jorratu eta asmo hauek lortzeko gogoz: portaera matxistak prebenitzea, indarkeriarekin konplizitate eza eta jokabide matxisten aurreko erantzuna lantzea, eta balio-aldaketa bideratzen lagunduko duten beste mezu batzuk lantzea. Lantalde hori elkarrizketa eta hausnarketan arituko da gazteekin, haien diskurtso, jarrera eta portaeren gainean: batetik, jai giroekin berariaz loturiko indarkeriazko egoerak identifikatu nahi dira, eta bestetik prebentzioaren alorreko beharrak, bai eta diskurtso eta portaera subertsibo eta transgresoreak, gazteen artan balio–aldaketa erakutsi dezaketenak.

Sentsibilizazio eta prebentzio ibiltariko lantaldea 2 edo 3 pertsonek osatuko dute, eta elkarrekin arituko dira Andre Maria Zuriaren ohorezko jaietan, kontuan hartuta gazteak gehien erakarriko dituzten egunak, guneak eta ordu-tarteak, eta egunero informazio-lekuarekin koordinatuta.

 

24 orduz zabalik

Aurreko urteetan bezala, Udalak 24 orduz arituko den arreta-bitartekoa prestatu du, gerta daitezkeen erasoen aurrean erantzuteko, Udalaren Gizarte Larrialdietarako Zerbitzuarekin eta Udaltzaingoarekin koordinatuta, eta langile espezializatuz hornitua. Udalaren Gizarte Larrialdietarako Zerbitzuaren telefonoa 945 13 44 44 eta San Antonio kalearen 10.ean dago; Udaltzaingoaren telefonoa, berriz, 092 da, eta Agirrelanda kalean dago.

 

Talde lana

Gasteizko jaietan indarkeria matxista prebenitzeko programa prebentzio estrategiaren baitan kokatzen da, zein Berdintasun Zerbitzuak urte osorako diseinatu duen, Udalaren beste lan-arlo hauekin koordinatuta: Hezkuntza, Gizarte-Politikak, Udaltzaingoa, Gazteria eta Bizikidetza eta Aniztasuna. Jaietarako, Kulturak ere bat egiten du koordinazio horretan, jaiak antolatzeko ardura duen neurrian. “Funtsezkoa da indarkeria matxista prebenitzeko eta hari aurre egiteko estrategiak koordinatzea, politikoa publikoa ahalik eta eraginkorrena izan dadin, eta modu nolabaiteko koherentzia izan dezagun gidari urte osorako aurreikusitako ekimenetan”, azpimarratu du  Berdintasun Zerbitzuko buru den Mireia Espiauk.

Programa jaietan zeresan handia duten gizarte-eragileei eta Berdintasun Elkargunean parte hartzen dutenei aurkeztu izan zaio lehenik.

Udalak indarkeria matxistaren aurrean jendaurreko erantzuna emateko protokoloa

Udalak jai giroan sustatutako beste ekintzetako bat Udalak indarkeria matxistaren aurrean jendaurreko erantzuna emateko protokoloa da, zein talde politikoekin eztabaidatzen ari den egun.

Azken agiria amaitutzat emateko, jaietarako berariazko protokoloa berdefinitu egin da aurreko urteetan atzemandako beharren arabera.

Zehazki, areagotu nahi da indarkeria matxistaren aurrean jendaurreko erantzuna, jai-ekitaldiak aldi batean geratzeko denbora-tarteak egokitu egin dira beste zenbait gizarte-eragileren (Blusa eta Nesken Batzordea, esaterako) estrategien aurrean, eta aintzat hartu dira beste eragile horiek (adibidez kolektibo feministek eta LGTBI taldeek) gerta daitezkeen indarkeria matxistako kasuen aurrean antolatutako ekintzak.

Informazio gehiago lortzeko edo materialak jaisteko, jo www.vitoria-gasteiz.org/berdintasuna helbidera, behin kanpaina aktibatu delarik.

 

Share