Prentsa Oharren banner

Udala eta Deustuko Unibertsitatea elkarlanean arituko dira, Gasteiz leku erakargarria izan dadin gazteentzat

Gasteizko Udala eta Deustuko Unibertsitatea elkarlanean arituko dira ‘Vitoria-Gasteiz Lab, Gazteago! Ecosistema Urbano y Rejuvenecimiento’ proiektua abian jartzeko. Deusto Cities Lab katedrak bultzatutako ekimen esperimental bat da, zeinen xedea baita hiriko gazteen premiak aztertzea, Gasteiz haientzat erakargarri izango den leku gisa sendotze aldera. Proiektu horretara 18.000 euro bideratzea onetsi du gaur goizean Urtaranen gobernuak. Horrez gain, beste erakunde lokal batzuen laguntza ere izango du proiektuak.

“Azken batean, jakin nahi dugu nola hobetu genezakeen gure ingurua egun batean alde egin zutenak erakartzeko eta, aldi berean, talentu gaztea seduzitu. Lehenik, diagnostikoa egingo da, esparru akademikotik, hiri-laborategiaren metodologia berritzaile bat baliatuz. Gero, formulak aurkitu beharko ditugu, eta antzemandako erronkei alternatibak eta konponbideak aplikatu. Badakigu oztopoak daudela, gure gazteek beren bizi-proiektuak gure hirian garatzea galarazi dutenak, eta itzulikatu egin nahi dugu egoera hori. Ahaztu gabe gure gizartea zahartzen ari dela egunez egun”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Unibertsitatearen esparruko adituek, Gazteria Zerbitzuarekin elkarlanean, datuak jasoko dituzte, banako nahiz taldeko elkarrizketak izango dituzte sektoreko eragileekin, inkestak egingo dituzte herritarren artean eta lantaldeak antolatuko dituzte, etorkizunera begira planteamendu bat egiteko. Informazio guztiarekin diagnostiko-txostena egingo dute. Azken emaitzak lortu arteko lanek ia ikasturte bukaera arte iraungo dute.

 

Share