Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  15 uztaila 2019 12:30

Identitate digital berria aurkeztu da, komunikazio-estrategiarekin batera, barne hartzen dituelarik bloga, sare sozialak eta buletin elektronikoa, eragile, proiektu eta espazio pribatu nahiz publikoak ezagutzera emateko espazio komun gisa

Maider Etxebarria alkateordek eta Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estibaliz Cantok aurkeztu dute, prentsaurrekoan, kultur komunikaziorako estrategia digital berria, hiriko Kultura Plan Estrategikoan jasotako eskakizun bati erantzuteko sortua: kultur zabalkundearen hobekuntza.

“Identitate propioa izango duen hiria eraikitzea da —adierazi du Etxebarriak— eratu dugun gobernuaren sei zutabeetako bat; mundura irekia, bizia, dinamikoa, harro egoteko modukoa, eta, zalantzarik gabe, gasteiztarrok harro egoteko dugun elementuetako bat kultura da, eta merezi duen munta aitortu nahi dio gobernu honek, zabalkundearen zutabea bultzatzea barne hartuta.

Bestalde, Cantok azaldu du hau dela estrategia berriaren xedea: “eragile, proiektu eta espazio pribatu nahiz publikoak ezagutzera emateko espazio komun bat sortzea, eta Gasteizen kulturarekin interesatuta daudenen komunitatea sendotzea; parte-hartzea, kultur  kontsumo eta kultura elkarrekin eraikitzeko eztabaida demokratikoa sustatzea; kultur eragileen eskaintzak ezagutzea, baita haien eskaerak ere; jardueren garapenean laguntzea, eta beste.”

GO Gasteiz Kultura

Aurrerantzean hiriko kulturari lagun egingo dion logotipoaren bidez ikusgai egiten da estrategia digital hori.

“GO” hitzak, zeinek Gasteizen G letra baitauka, bat egiten duten lau esanahirekin egiten du jolas.

  • Gobernua: Tokiko gobernantza da planaren ekintzetako bat.
  • Gogoa: Pentsamendua, oroimena, oroitzapena, desira, borondatea, nahia.
  • Gogue: mendean erabilitakoa hitza da; poza, bozkarioa du esanahi.
  • Go-Go: Ingelesezko substantiboa, zeinek azkar joatea, aktiboa, bultzada, dinamismoa esan nahi baitu.

“Go Gasteiz Kultura” da izena, eta honelakoa da logotipoa: hiru hitzak, bertikalean jarrita eta bi lerrok banatuta. Kolorea berdea da (gertuko herrietatik bereiz). Hondoa zirkulu bat da, osotasuna eta batasun-sentimendua irudikatzeko. Eta aukeratutako kolorea berdea da; izan ere, ingurumenarekin, iraunkortasunarekin eta Green Capitalarekin lotzen da Gasteiz.

Kanalak

Hauek dira estrategiak hasiera batean baliatuko dituen kanalak: eduki propioen blog bat, sare sozialetako profil berriak eta buletin elektroniko bat, horiek dira ekimena inplementatzeko lehen fasean aktibatu diren kanalak, apurka haziz joango direnak.

  • Bloga: Espazio berri bat jarri da abian, blog formatuarekin, gasteizkultura.org  helbidean. Hainbat atalen bitartez, eduki propioa jasotzen du plataforma horrek, nagusiki Gasteizko eta inguruko artearen eta kulturaren sektoreko eragileak, espazioak eta proiektuak ezagutarazteko. Era berean, sektorearekin zerikusia duten interes orokorreko gaien inguruko elkarrizketak eta erreportajeak eskainiko dira blogean, baita artea eta kultura bizitzaren beste esparru batzuen zeharkako osagaitzat jotzen direneko beste gai batzuen ingurukoak ere.
  • Sare sozialak: Profil berriak aktibatuko dira Facebook eta Instagram kanaletan, eta Twitterreko Denon Kultura kanalean lehendik dagoen komunitatea handitzeko lan egingo da. Go Gasteiz Kultura (@GasteizKultura) izenarekin batuko dira kanal guztiak. Orobat jarriko da abaian erreprodukzio-zerrenda berri bat Gasteizko Udalaren Youtube kanalean, Go Gasteiz Kultura izenarekin.
  • Buletin elektronikoa: Aurki, buletin elektronikoak bidaltzeko zerbitzu bat aktibatuko da. Edonork eman dezake izena dagoeneko, bai blogean bai Gasteizko Udalaren kultura-webgunean jarri den erregistro-formularioa baliatuz.

Kulturan interesatuta dauden pertsonen komunitate bat sortzea xede duen estrategia digitalaren barruan burutzen diren ekintza guztietan erabiliko da #GoGasteizKultura hashtaga. Esan beharra dago ekimenak eragile, espazio eta proiektu publikoak nahiz pribatuak integratu eta ezagutaraz ditzan lan egingo dela, begirada herritarren kultura-partaidetzan eta -esperientzian jarrita.

Faseak

Go Gasteiz Kulturaren lehen garapena 2021ra arte dago aurreikusia, hiriko Kultura Plan Estrategikoarekin bat eginik. Horrela, gaurtik eta ordura arte, modu progresiboan joango dira ezartzen bai kanalak eta bai edukiak, beti ere kulturaren sektorearen eta herritarren interesetara moldatzen ahaleginduz.

Sarreren zozketa

Ostegunetik aurrera —uztailak 18—, eta bi astez, Goyo Jiménez komikoak abuztuaren 8an, 22:30ean, Principal antzokian eskainiko duen Aiguantulivinamérica 2 ikuskizunerako bi sarrera bikoitzen zozketa egingo du Go Gasteiz Kulturak Facebookeko bere profilean.

#GoGasteizKulturaren barruan egingo den lehen zozketa izango da.

Share