Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  15 uztaila 2019 13:37

Programak, uztailaren 16tik 26ra arte, zinema protagonista duten hainbat jarduera eskaintzen ditu dohainik

Zinelekuk (ikus-entzunezko prestakuntza, ekoizpen eta agerketarako programa) bihar hasiko du jendeari irekitako bere agenda, solasaldi, film emanaldi eta performance-ekin. Jarduera programa hori erabat doan izango da, eta sektoreko hainbat profesional aipagarri izango ditu partaide, produktore eta zuzendariak, besteak beste.

Zineleku Arabako Gazteriaren Foru Erakundeak antolatzen du Gasteizko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren lankidetzarekin.

Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak, Miren Fernández de Landa Gasteizko Udaleko Gazteria zinegotziak eta programaren zuzendaria den Ricardo del Condek gaur aurkeztu dituzte jarduera horiek prentsaurreko batean. Gasteizko hainbat tokitan egingo dira, hala nola Artium Museoa, Baratza aretoa, Montehermoso Kulturunea, El Jardín de Falerina eta Zabalganeko gizarte etxeko zabaldegia.

Zinelekuren agenda irekiaren barruan, hemengo eta nazioarteko filmak emango dira, horien artean titulu ezagunak, hala nola Eugenio Miraren ‘Grand Piano’ (Elijah Wood), Koldo Serraren ‘70 Binladens’ (Emma Suárez) eta Diana Toucedoren ‘Trinta Lumes’, bai eta proposamen esperimentalak ere, esaterako Jonas Truebaren ‘Quién lo Impide’ film anizkuna eta Alfredo Costa Monteiro artistaren ‘Auscultare’ entzute-saio kolektiboa.

Emanaldi zikloa osatzeko, bi film hauek emango dira: ‘Gure Oroitzapenak’, Maider Oleaga eta Oskar Alegriarekin, eta ‘Tomboy’. Gainera, Zinelekuk, laugarren edizio honetan, hiriko auzoetara eramango du bere agenda irekia, eta ‘Young and Beautiful’ emango da Zabalganeko gizarte etxeko zabaldegian, bertan Marina Lameiro zuzendaria eta Diana Toucedo muntatzailea izango direla.

Solasaldiak profesionalekin

Zinelekuk solasaldiak ere eskaintzen ditu, gogoeta eta ikaskuntza guneak sortzeko asmoz. Haietan, programatutako filmetan lan egin duten zenbait profesionalek hartuko dute parte, hala nola Eugenio Mira zuzendaria (Grand Piano) eta Nahikari Ipiña (70 Binladens) eta Diana Toucedo produktoreak. Beste gonbidatu batzuek beren gogoetak azalduko dituzte zinema militanteaz (Arantza Santesteban), argazki kamerak indarkeriaren inguruan duen ahalmenaz (Marina Azahua) edo injustizien kontrako indarkeria gertaerak dokumentatzeko moduaz (Heriberto Paredes eta Ricardo del Conde).

Agenda irekia Zineleku programan parte hartzen duten gazteen lanekin osatuko da: sorkuntza-lan kolektibo bat Erdi Aroko hirigunean, eta egindako film laburren emanaldia amaiera-festaren egunean, El Jardín de Falerina-n.

“Buru kritikoak eta sortzaileak sustatu eta elikatu nahi ditugu, Gasteiz beste ikuspuntu batetik irakurri eta interpretatzeko gai direnak, eta zinemaren eta kideko arteen tresnak erabiltzen dituztenak hiriari buruzko beren bertsioa emateko. Horregatik, haien lanaren aurkezpenak aurten zinema hedatu, ausart eta diziplinartekoaren ukitua du. Uztailaren 24an eta 26an, hitzordua dugu haien lanekin”, adierazi du Ricardo del Condek.

Argibide, ordutegi eta egoitza guztiak hemen: zineleku.org

 

Share