Prentsa Oharren banner

Maider Etxebarriak enplegua, adinekoak eta zerbitzu publikoen hobekuntza ezarri ditu lehentasuntzat agintaldia abiatzean

Alkateordeak bere taldea lantzen ari den hamar neurri aletu ditu, besteak beste, laneratzeko planak, San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturalaren obrak, eta familientzako liburutegi berria Arriagan

 

 

 

 

“Ez da minutu bat ere galdu behar”. Maider Etxebarria alkateordeak, Gizarte Arloaren, Ekonomia Sustapenaren, Herritarren Segurtasunaren eta Kulturaren arduradunak, sail horiek agintaldia abiatzean lantzen ari diren hamar ekintza aurkeztu ditu gaur, “Gasteiz dinamikoagoa izan dadin laguntzeko, pertsonak udal kudeaketaren erdigunean egon daitezen eta bizi-kalitatearen erreferentzia izaten jarrai dezan”.

Alkateordeak azaldu duenez, ekimenak garapen fase ezberdinetan daude. Batzuk “dagoeneko abian dira“, beste batzuk laster gauzatuko dira, eta besteek, “hilabete batzuk” beharko dute. Horien artean daude enplegu-plan berriak, erreklamazio historikoak —San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturala egitea, esaterako—, Arriagako familientzako liburutegia handitzea edo Europa jauregia promozionatzeko jarduera irekiak antolatzea, 30 urte bete berri baititu.

Hamar ekintza

1.- Enplegua. Etxebarriak enplegua aipatuz ekin dio agerraldiari, arlo horretan “azeleragailua sakatzea erabaki baitugu”. Udala Lanbideren hiru deialditara aurkeztu dela iragarri du, eta horien bitartez 510 pertsonari eman liezaiekeela enplegu, hau da, aurreko ikasturtean baino 108 gehiagori. Bi motatako kontratazioak sustatzea da helburua: enpresek egindakoak eta Udalak berak egindakoak. Lehen kasuan, langabeak lan-munduan txertatzeko balioko dute laguntzek; bigarrenean, aldiz, onuradunek esperientzia har dezaten.

2.- Ekonomia zirkularra. Alkateordeak azaldu duenez, IHOBE sozietate publikoaren bi laguntza lortu dira ekonomia zirkularrarekin lotutako udal proiektuak gauzatzeko; 2020ko amaierara arte garatuko dira, eta 50.000 euroko laguntza ekonomikoa izango dute. Lehen programaren xedea tamaina handiko hondakinetako materialak baliatzea izango da, esaterako, koltxoien malgukiak, “tratatu eta produkzio prozesuetan berriro sartzeko, eta haien bizitza erabilgarria luzatzeko“. Bestean, Gasteizko saltoki eta lantegietako bizikleta-pneumatiko erabiliak aprobetxatuko dira, obra publikoetan berrerabiltzeko. Partaidetza mistoa izango dute plan horiek: udal teknikariek gidatuko dituzte, eta enpresa espezializatuek gauzatuko.

3.- Europa jauregiaren urteurrena. Europa jauregiak 30 urte bete berri ditu, eta modu ezin hobean ospatu du. Izan ere, Biltzar Jauregien Elkartearen batzar nagusiak APCEren XVII. Biltzarra egiteko hautatu du ekipamendua; 2020ko uztailean izango da hori. Ekitaldia “biltzarren biltzarra” dela esan ohi da, eta estatuko biltzar jauregi garrantzitsuenen arduradunak bilduko ditu: “aukera handia izango da gure hiria eta gure probintzia promozionatzeko“, esan du Etxebarriak. Ildo horretatik, irailean zenbait ekitaldi egingo dira eta, berritasun gisa, Europa jauregiko zenbait gune “ihes gela” bihurtuko dira. Orobat, bisita gidatuak antolatuko dira, eta teilatuko terraza handia ere bisitatu ahalko da.

 4.- Adinekoentzako udal bulegoa. Gizarte Politiken Saila adinekoentzako udal bulegoa izango denaren definizioa taxutzen ari da. Jon Armentia buru duen arloa edukia lantzen ari da, kokalekua zehaztu aurretik. Baliabide berriak lau behar hauei erantzun nahi die: arrisku-egoerak eta eskubideen urraketak antzematea; adinekoentzako udal baliabide, programa eta jarduerez informazioa, orientabideak eta aholku ematea; partaidetza sustatzea, eta udal jarduera edo baliabideen funtzionamenduari buruzko iradokizunak jasotzea.

5.- San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturala. Maider Etxebarriak iragarri du “hil honen amaieran” hasiko direla San Martineko adinekoentzako zentroaren obrak. Sei hilabete iraungo dute lanek, eta 823.050 euroko inbertsioa eskatuko dute. Ekipamenduak 1.300 metro koadroko azalera erabilgarria izango du.

Alkateordeak esan duenez, Berpizkundearen plazako Eguneko Arreta Zerbitzuaren obrak ere “laster” hasiko dira, eta urte erdia iraungo dute. Udalak eta enpresa adjudikaziodunak joan den astean sinatu zituzten eraberritzeko lanen aurreko agiriak. Instalazio horrek 500 metro koadro hartuko ditu, eta 30 adinekori emango die zerbitzu.

6.- Udaltzain eta suhiltzaileen plantilak sendotzea. Herritarren Segurtasunaren alorrean, lehen urratsak egin dira udaltzain eta suhiltzaileen plantilak sendotzeko. Hutsik dauden lanpostuak betetzea da helburua, Udaltzaingoan bakarrik “30 inguru” izan baitaitezke, lehen kalkuluen arabera. “Zerbitzurik onena emateko behar diren giza baliabideak eduki nahi ditugu”, esan du Etxebarriak.

7.- Haurrak babesteko kanpaina. Alkateordeak abian jarriko dituzten beste neurri batzuk aipatu ditu, “neurri txikiak izan arren, lasaitasuna ematen baitute, eta emaitza handiak segurtasunaren alorrean“.  Zehazki, Udaltzaingoak haurrak babesteko kanpaina bat jarriko du abian, oso sinplea baina eraginkorra: haurrak identifikatzeko 10.000 eskumuturreko banatzea, doan.  Helduek Andre Maria Zuriaren jaien aurretik jaso ahalko dituzte gizarte etxeetan eta Turismo Bulegoan —oraindik ez da zehaztu zein egunetan hasiko diren banatzen—, eta telefono mugikorraren zenbakia idatzi horietan; hartara, umea jaietako jendetzaren artean galtzen bada errazago aurkitu ahalko dute.

8.- Herritarren Udal Txartela (HUT). Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Sailak Herritarren Udal Txartela (HUT) gailu mugikorrekin ((iOs eta Android) lotzeko bide emango du, abonatuek telefono mugikorra erabiliz sartzerik izan dezaten udal instalazioetan eta gizarte etxeetan.

9.- Liburutegiak. Gizarte Etxeen Zerbitzua zenbait aukera aztertzen ari da Arriagako gizarte etxeko familientzako liburutegia handitzeko, “ez baita nahikoa auzorako, ez delako 40 metro karratura ere iristen“, deitoratu du Maider Etxebarriak. Baliabidearen “azalera hirukoiztea” da helburua, “material bibliografiko gehiago edukitzea eta liburutegi sarearen programazioa hartu ahal izatea“; azken hori ezinezkoa da orain, ez baita lekurik.

10.- GO Kultura. Kulturak komunikazio digitalerako estrategia berria jarri du abian aste honetan, baita identitate korporatibo eta web-orri berriak ere, hiriko kultur ekitaldi guztien edukiontzi bihurtzeko asmoz. Estrategia berriaren xedea da “espazio komuna sortzea, agente, proiektu eta espazio publiko zein pribatuak ikusarazteko, eta Gasteizen kulturan interesa duten pertsonen komunitatea sortu eta sendotzea“.

Amaitzeko, Maider Etxebarriak adierazi du hamar neurri horiek “pertsonak udal jardunaren erdigunean jartzen” dituztela, “eta gure taldearentzat oinarrizko diren zenbait helburu betetzen: enplegua sustatzea, zerbitzu publikoak hobetzea, adinekoen partaidetza bultzatzea eta Gasteizek ekitaldiak egiteko duen potentziala baliatzea“.

 

Share