Prentsa Oharren banner

Udal gizarte zerbitzuek 16.286 familiari eman zieten arreta 2018an

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak 2018ko oroitidazkia argitaratu berri du; aipatutako ekitaldian, udal gizarte zerbitzuek 16.286 familiari eman zieten arreta, hau da, 2017an baino 86 gehiagori.

Agirian jasotakoaren arabera, artatutako familien artean igo egin da erreferentziatzat 64 urtetik gorako pertsona bat dutenen kopurua, baita adinekoekin lotutako arazoak ere, hala nola autonomia pertsonalaren mugak eta osasuna: “horrexegatik eman nahi diogu arreta berezia populazio sektore horri, dagoeneko martxan dauden udal programa eta zerbitzuen bitartez eta haien ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzeko diseinatzen ari garen beste baliabide batzuen bitartez“, azaldu du gizarte arloaren ardura duen zinegotziak, Jon Armentiak.

Gizarte Politiken Sailak esku hartu behar izan zuen beste alderdi garrantzitsu bat etxebizitzarena izan zen, handitu egin baitziren etxebizitzatik kanporatzeko arriskua zutenen kasuak, baita behin behineko etxebizitza emateko prozesuak ere, alegia, aldi baterako eta beren nahiaren kontra senitartekoekin edo lagunekin bizi behar izan zutenen kasuak.

Aurrekoak baino maila apalagoan, beste arazo batzuk ere hazi egin dira, esaterako, haur eta nerabeen babesgabetasuna eta etxeko indarkeriazko eta genero indarkeriazko egoerak, bereziki emakumeen kontrako tratu txar emozional eta psikologikoa.

Bestetik, 2018an inbertsio handiak egin dira udalaren gizarte zerbitzuak arau- eta eskumen-markora egokitzeko. “Olarizuko Eguneko Arreta Zerbitzua eraberritu ondoren, Los Molinos egoitza etxebizitza komunitario bihurtu da, eta gauza bera egiten ari gara Aurora etxean. Orobat, Aterpea hobetzen inbertitu genuen, eta bi baliabide gehiago sortzeko kontratazioa bideratu: Berpizkundearen plazako Eguneko Arretako Zerbitzua eta San Martin auzoko adinekoentzako zentro soziokulturala; azken horren lanak egun gutxi barru hasiko dira”, gogorarazi du Jon Armentiak.

Share