Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  17 uztaila 2019 12:08

 

Jarduera nagusia 12:00etan izango da Estadio Fundazioaren instalazioetan

Bildutako dirua gaixotasun horrek jotako pertsonentzako errehabilitazio-zerbitzuak finantzatzeko erabiliko da, baita fisioterapiarako ohatila berezia erosteko ere

Vital Fundazioak eta AEMAR-Esklerosi Anizkoitzaren Arabako Elkarteak datorren igandean, uztailak 21, burutuko dute ‘Busti Zaitez-Mójate’ kanpainaren XXII. edizioa, esklerosi anizkoitza duten pertsonekiko sentsibilizazio eta elkartasun kanpaina. Jarduera nagusia 12:00etan izango da Estadio Fundazioaren instalazioetan, baina beste hainbat jarduera egingo dira Arabako zenbait igerilekutan. Udalak ere, Foru Aldundiarekin batera, kanpainan parte hartzen du.

Vital Fundazioa Kulturunean egin da kanpainaren aurkezpena eta honako hauek hartu dute parte: Axier Urresti Vital Fundazioaren zuzendari nagusiak; Iratxe Asurmendi AEMAR elkartearen jarduera-koordinatzaileak; Emilio Sola Gizarte Politiken foru-diputatuak; eta Livia López Kirola eta Osasuna zinegotziak.

Esklerosi anizkoitza gaixotasun neurologiko ohikoena da heldu gazteen artean. 20 eta 40 urte bitartean diagnostikatu ohi da, eta gehiago eragiten die emakumeei gizonezkoei baino. Gaixotasun kronikoa da eta bizi-kalitatea mugatzen duten ondorioak izan ditzake, hori dela-eta, gizarte eragin handia du. Bost ordurik behin kasu berri bat diagnostikatzen da Estatuan. Gaur egun 2.200 pertsonak baino gehiagok pairatzen dute gaixotasun hori Euskadin, 47.000 lagunek Estatuan eta 700.000k Europan. Sintoma ohikoenak nahasmen sentsitiboak dira, orekarenak eta mintzamenarenak; dardarak, gorputz-adarren ahuldadea eta, kasu larrienetan, horien paralisia; eta alterazio urologikoak, bertigoa, nekea, inurridurak eta ikusmen nahasmenduak. Ez da gaixotasun kutsakorra, ez hereditarioa, ez hilgarria.

Gizartea gaixotasun horrekiko sentsibilizatzeko, duela hogeita bat urtetik, udaro, antolatzen da Busti zaitez-Mójate ekimena. Aurten, Euskadi osoko laurogei hondartza eta igerileku baino gehiagotan egingo da. Estadio Fundazioko, Mendizorrotzako eta Gamarrako igerilekuak, Vitoria-Gasteizen, eta Agurainen, Araian eta Aldayeta Klub Nautikoan daudenak ere izango dira elkartasun jarduera horretan parte hartu nahi duten pertsona guztien besakaden agertoki. Parte hartzaile bakoitzak nahi duen beste metro egin dezake igeri eta boluntario taldeak bere diploma egiaztagarria emango dio amaitzen duenean. Eguna amaitzean, igeri egindako metro guztiak batuko dira, esklerosi anizkoitza duten pertsonekiko elkartasun jarduera sinboliko batean. Gainera, egun osoan, boluntarioek informazioa emango dute eta esklerosi anizkoitza zer den eta kanpaina honetan nola parte hartu eta nola lagundu azaltzeko diptikoak banatuko dituzte.

Ahalik eta fondo gehien lortzeko helburuz, ekimena burutuko den leku guztietan instalatuko da stand bat eta kanpainaren hainbat merchandising objektu jarriko dira salgai, esaterako kamisetak, poltsak, amantalak edo koadernoak, besteak beste. Denek daramate kanpainaren irudia, Katuki Saguyaki markaren buru den Mikel Urmenetak diseinatua eta dohaintzan emana. Gainera, objektu horiek guztiak elkartearen egoitzan ere eros daitezke.

Kanpaina denbora errealean jarraitu ahal izango da, Esklerosi Anizkoitzaren Euskadiko Elkartearen sare sozialen bitartez, #mojate2019 hashtag-aren bitartez.

 

 

Share