Prentsa Oharren banner

Urtaranen gobernuak ia 5 milioi inbertituko ditu bide publikoa eta argiteria mantendu eta onik zaintzeko

Urtaranen gobernuak gaur goizean onetsi duenez, datozen hiru urteetan 3,8 milioi euro inbertituko dira udalerriko bide publikoak mantendu, onik zaindu, konpondu eta hobetzeko. Tokiko Gobernu Batzarrak ontzat eman du lan horien kontratuaren esleipena; zortzi multzotan banatuta lizitatu dira, hiru urterako. Enpresa hauei esleitu zaizkie multzoak: Campezo Obras y Servicios (bi multzo), Opacua SA (bi multzo), Construcciones Aguillo (bi multzo), Imesapi SA, eta Ferroser Infraestructuras.

Udalak enpresa horien bitartez betetzen ditu hiriko espazioak mantentzeko eguneroko lanak, aldez aurretik planifikatuta, baita berehala jarduteko mantentze zerbitzuen bitartez (BAI) ere. “Egoera berezietan edo kexen aurrean erantzun azkarra ematen saiatzen gara, baita Gasteizen gerta daitezkeen larrialdietan ere”, azaldu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok. Herritarrek berek egiten dituzte erreklamazioetako asko, baina baita udal zerbitzu teknikoek ere. Errepideetan, espaloietan, plazetan eta espazio publikoko gainerako azpiegituretan esku hartzen da. Azkar, eraginkortasunez eta berme osoarekin egiten da lan.

Udal zerbitzu teknikoen esperientziaren arabera, egiten diren lanen % 80 harlauza, galtzadarri eta espaloiekin lotutakoak dira. Orobat, zintarri eta zoladura konpontzeko eta zuloak betetzeko lanak egin ohi dituzte, eta hiri-altzariak ordezteko (bolardoak, eskudelak, eserlekuak…). Enpresek kontratatutako langileek bestelako lanak ere egiten dituzte: eraisketa txikiak, kutxatilak altxatu, hustubide eta kutxatiletan saretak jarri, edo murruak konpondu.

 

Kaleko argiak

Orobat, udalerriko argiteria publikoa mantendu, onik zaindu, konpondu eta hobetzeko zerbitzua kontratatzeko dosierra onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak. 832.000 euroko kontratua da, bi multzotan banatuta eta bi urterako. Enpresa adjudikaziodunak argiteria publikoa mantendu, onik zaindu eta konpondu beharko du, eteten ez dela zainduz, matxurei aurrea hartuz eta behar diren konponketak eginez. Orobat, berehala erantzun beharko die gerta daitezkeen larrialdiei.

 

Share