Prentsa Oharren banner

Gizonezko bat atxilotu dute ostalaritza-lokal bateko arduraduna labanaz mehatxatzeagatik

 

Udaltzaingoaren Agenteek 18 urteko mutil gazte bat atxilotu zuten ostiralean 07:00ean, Posta kaleko ostalaritza-establezimendu bateko arduraduna labanaz mehatxatzeagatik.

Patruila batek lokalaren inguruetan topatu zuen, aurpegia estaltzen zion txapel bat eta zapi bat zeramatzala. Arropen artean arma zuria zeraman. Ostalariak ezagutu egin zuen gaztea, eta Agirrelandara eraman zuten izapide egokiak egin zitzaten.

Udaltzaingoak 38 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo goizean, agintaritza-agenteen aurkako atentatu-delitu batengatik. Emakume batek 092 zenbakira deitu zuen 8:30ean, Koroatze auzoko bere etxera poliziak etor zitezela eskatuz, bere bikotekide ohia atea joka ari zelako. Patruila salatuarekin hitz egiten ari zela, hark udaltzainen aurka eraso egin zuen, eta horrexegatik, menderatu ondoren, atxilotu egin zuten.

Udaltzaingoaren Agenteek larunbateko azken orduan 24 urteko emakume bat atxilotu zuten bere bikotekidea jotzeagatik. Gertaera horiek 21:00ak baino minutu batzuk lehenago izan ziren Heraclio Fournier kalean, eta lekuko batzuen arabera, emakume hori gizonezko bat jotzen ari zen bide publikoaren erdi-erdian.

Udaltzainak bertara iritsi zirenean, bi pertsona horiek aurkitzea lortu zuen, elkarrengandik bereizi eta bakoitza bere aldetik joanak baitziren. Biktimak aitortu zuen minutu batzuk lehenago neskalagunak jo egin zuela kalean izandako eztabaida batean,. Mutil gazteak eraso horrek eragindako aztarnak zeuzkan, baina baita lehenagoko beste batzuk ere, eta udaltzainei adierazi zien irainak eta mehatxuak ere ohikoak zirela. Hori guztia ikusita, patruilak atxilotu egin zuen emakumea, eta atzo goizean epailearen esku geratu zen.

Alkoholemiak

Udaltzaingoa izapidetzen ari den argiketa batzuetan, edari alkoholdunen eraginpean gidatzeagatik bost pertsona ikertzen ari da. Horietako bat asteburuan egindako 8 prebentzio-kontroletako batean harrapatu zuten; guztira, 157 gidari igaro ziren kontrol horietatik.

Gainera, izapideak abiarazi zitzaizkion 25 urteko mutil gazte bati, Guardiako Epaitegira bidaltzeko, bide-segurtasunaren aurkako delitu bat egin zuelako. Gizonezkoa Alibarri kalean topatu zuten, auto bat gida-baimenik gabe gidatzen ari zela.

Bost pertsona zauritu dira trafiko-istripuetan

Uztailaren 19az geroztik –ostirala– 23 trafiko-istripu erregistratu dira, eta horietan 5 pertsona zauritu dira.

Ostiralean 14:00ean istripu bat gertatu zen Antonio Machado kalean bi autoren artean izandako talkaren ondorioz. Talka horren eraginez, gidatzen zihoan 38 urteko emakume bat zaurituta geratu zen eta Txagorritxu Ospitalera eraman behar izan zuten.

Bi ordu geroago, motoz zihoan 64 urteko gizonezko bat zauritu zen Elorriagako Atea eta Brusela Hiribidearen arteko biribilgunean, kontrako norabideko errailera igaro eta furgoneta baten aurka talka egin ondoren; Santiago Ospitalera eraman zuten.

Larunbat goizaldera, bizikletaz zihoan 37 urteko gizonezko bat zaurituta geratu zen edari alkoholdunen eraginpean zihoala bere bizikletaren kontrola galdu eta lurrera erori ondoren, Euskal Herria Bulebarreko bus-errailean. Txagorritxu Ospitalera eraman zuten. Argiketako patruila batek alkoholemia-proba egin zion, eta arnastutako aire-litro bakoitzeko 0,89 miligramoko tasa eman zuen, eta beraz, salaketa administratiboa jarri zioten.

Kale horretan bertan, 13:15ak aldera, istripu bat gertatu zen auto baten eta motozikleta baten arteko talkaren ondorioz; motoa gidatzen zihoan 37 urteko gizonezkoa zaurituta geratu zen eta anbulantzia batek Santiago Ospitalera eraman zuen.

Motoa gidatzen ari zen 47 urteko beste gizonezko bat ere zauritu zen Sofia Erregina Hiribidearen eta Mariturri Bulebarraren arteko elkargunetik zihoala. Larrialdi-zerbitzuek Santiago Ospitalera eraman zuten.

Asteburuan barrena 38 salaketa aurkeztu dira Polizia Judizialean.

Share