Prentsa Oharren banner

Onetsi da Udalaren 2018ko Kontu Orokorra

Ekitaldiaren emaitza positiboa izan zen, eta udal zorra 112,4 milioi da orain; 2015ean, berriz, 123 milioi zen   

Gasteizko Udaleko Kontuen Batzorde Bereziak 2018ko ekitaldiari dagokion kontu orokor bateratuaren aldeko txostena onetsi du gaur, udal gobernua osatzen duten taldeen (EAJ eta PSE-EE), PPren eta Elkarrekin-en botoekin. Horrela, egindako lan teknikoak ekonomia eta finantzen zein ondarearen egoera, ekonomia eta ondare emaitzak eta aurrekontuen likidazioa fideltasunez islatzen dituela berretsi da.

Kontu Orokorra onestea funtsezkoa da kanpoko kontrol organoek —Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, bereziki— fiskalizatu dezaten, eta ez du esan nahi bertan islatutako egintzekiko adostasuna. Kontu Orokorra ekonomia eta finantza dokumentua da, aurrekontuko eragiketak, aurrekontutik kanpokoak, ondarekoak eta diruzaintzakoak barne biltzen dituena. Udalaren beraren informazio ekonomikoa, erakunde autonomoena (Ingurugiro Gaietarako Ikastegia, Udal Musika Eskola eta Udal Dantza Eskola) eta udal sozietateena (21 Zabalgunea, AMVISA, TUVISA eta GILSA) integratzen dira kontuan.

 

2018ko Kontu Orokorretik eta urte bereko Egonkortasun Txostenetik datu hauek ondorioztatzen dira:

2018ko ekitaldiaren emaitza diru-sarrera eta gastuen arteko aldeak zehazten du, eta positiboa izan da: 30.278.945,71 euro.

-Gasteizko Udalak 2018ko ekitaldian jasotako kapital dirulaguntzak 17.888.411,62 euro izan dira.

– Udalak formalizatutako zorpetze eragiketak: 

Udalaren zor bizia (kredituko finantza-erakundeekiko zorpetzea) 86.400.845,47 euro zen 2018ko abenduaren 31n. Gogoan izan beharra dago Gasteizko Udalaren zor bizia  100.000.000 euro zela 2015eko abenduan.

Erakunde autonomoen eta 21 Zabalgunea eta TUVISA sozietate publikoen zorra kontuan hartuz gero, zor bizia 112.476.040,43 euro da; 2015eko abenduan, berriz, 123.000.000 euro zen.

Alkateorde eta Ogasuneko zinegotzi Iñaki Gurtubaik nabarmendu duenez, “badira Gasteizko Udalak soberan betetzen dituen beste bi adierazle zorrarekin lotuta. Izan ere, legeak ezartzen du zor biziak ezin dituela finantzez besteko diru-sarreren % 60 gainditu, ezta diru-sarrera arrunten % 110. Bada, Udalak osatzen duen taldeak finantza-erakundeekin duen zorra 112.476.040,43 euro da, hau da, % 30,59koa finantzez besteko diru-sarrerei dagokienez, eta % 32,39koa diru-sarrera arruntei dagokienez”. 

Orobat, Iñaki Gurtubairen hitzetan, “2018ko ekitaldian Gasteizko Udalak bete egin ditu gastuaren araua, zorraren muga eta hornitzaileei ordaintzeko batez besteko epea. Alegia, aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-iraunkortasunaren legedia zuzen bete du”.

Gastu-arauaren muga 306.025.726,24 euro zen 2018an, eta gastu zenbakarria 304.916.482,60 izan zen ekitaldi horretan. Horrenbestez, gastu-araua bete da, 1.106.243,64 euroko aldearekin.

Urtean hornitzaileei ordaintzeko batez besteko denbora 23,23 eguneko izan da faktura erregistratu denetik kontatuta, hau da, araudiak eskatzen duen 30 eguneko epea baino laburrago.

Udalaren aurrezpen garbia positiboa izan da. Zehazki, 15.823.201,77 euro da, hots, I. eta V. kapituluen diru-sarreren % 4,56. “Edonola ere, zuhurtzia ekonomikoaren ikuspuntutik, kontu-hartzaileak ohartarazten digu diru-sarrera eta gastu arrunten arteko aldea txikia dela, eta neurriak hartzeko eskatzen, diru-sarrera eta gastu arrunten arteko erlazioa hobetzearren”, adierazi du Ogasuneko zinegotziak.

Horrekin lotuta, Gurtubariren iritziz, “udaleko Kontu-hartzailetza Nagusiaren aholku edo ohartarazpen hori abiapuntu egokia da talde politikoen artean diru-sarrerak (2020rako ordenantza fiskalak) eta gastuak (2020ko aurrekontua) negoziatzeko uda amaitu ondoren”.

 

Share