Prentsa Oharren banner

(Eguneratuta audioarekin) Osasun arloko langile kooperante batzuek jaurtiko dute 2019ko Andre Maria Zuriaren jaietako suziria

Aukeraketaren bidez, haien lan desinteresatua eskertu nahi izan du alkateak, eta pertsona gehiagok lan asebetegarri horrekin bat egin dezaten lagundu  

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Abuztuaren 4ko seietan 2019ko Andre Maria Zuriaren jaietako suziria nork jaurtiko duen iragarri du Gasteizko alkate Gorka Urtaranek. Imanol Vega traumatologoa, Adela Fonseca erizain eta ebakuntza gelako instrumentista eta Francisco Granados ortopedista dira; osasun arloko langile horiek aste batzuk igarotzen dituzte urtero Bolivian eta Benin errepublikan, osasun larriak dituzten eta baliabiderik ez duten biztanleei arreta emateko.

Agintaldi hasi berriaren lehen urtean, Eusko Alderdi Jeltzalearen udal taldeari dagokio aukeratzea nortzuek jaurtiko duten jaien hasiera eta Zeledonen jaitsiera markatzen duen suziria. Gorka Urtaranek azaldu duenez, aukera hori eginez hiriak esker ona adierazi nahi die sufritzen dutenei eta arazoei aurre egiteko baliabiderik ez dutenei laguntzen beren denbora eta dirua ematen duten pertsonei.

“Zehazki, osasun arloko langile kooperanteez ari gara, eta hiru pertsona hauen bidez sinbolizatu ditugu, nahiz eta beste asko diren inplikatzen direnak, mugarik gabeko elkartasuna eta eskuzabaltasuna erakutsiz. Medikuntza eta ekonomia baliabiderik ez duten pertsonei lagundu ahal izateak poz handia ematen die. Eta gu, hiri gisa, oso harro gaude lan hori musu truk egiten duten auzokideak izateaz, oso baldintza gogorretan bizi diren beste batzuei hainbesteko ongizatea ematen baitiete. Beren lanaren emaitza ikusi ahal izateak, eta besteen bizitza nola aldatzen den ikusteak —esan du Gorka Urtaranek— oso asebetegarria izan behar du”.

“Aurtengo txupinero izendatuz, haien lana aitortu nahi dugu, eta gure esker ona eta miresmena adierazi, beren familiak eta lana aldi batez uzten baitituzte lan zoragarri hori egiteko; aldi berean, egiten dutena ezagutarazi nahi dugu, hartara pertsona gehiagok har dezaten parte horrelako ekintzetan, leku horietara joanez edo dirua eta materiala emanez. Grina handiz egiten dute lan hori, eta eskertzeko egin dezakegun gutxienekoa da”, erantsi du alkateak.

Imanol, Adela eta Franciscok Gasteizen egiten dute lan, baina urteak dira aste batzuk erreserbatzen dituztela Afrika eta Hego Amerikara era altruistan bidaiatzeko. Han ebakuntza ugari egiten dituzte, eta material ortopedikoa ematen pertsona kopuru handiari —horietako asko, adingabeak—, gobernuz kanpoko zenbait erakunderekiko lankidetzan: Denok Osasunaren Alde (DOA) eta Les énfants du Noma; haiek ere sortu dute irabazi-asmorik gabeko elkarte bat,  Asociación de Ayuda en Traumatología y Ortopedia (ADATO) izenekoa. Malformazioak, anputazioak, hausturak edo elikadura gabeziak dituzten pertsonei ematen diete arreta. Oro har, haien herrialdeetan bertan ematen dizkiete arreta eta materiala, baina batzuetan Gasteizera ere etorri dira gaixoak arreta jasotzera. Esate baterako, orain bizkarrezur arazo larriak dituen 12 urteko neska bati egingo diote ebakuntza hirian.

Imanol Vega traumatologoak hitz egin du bere lankideen izenean: “Ez dago Andre Maria Zuriaren jaietako txupineroa izatea baino ohore handiagorik, baina metxa pizteak eta suziriaren leherketak, jaiak hasteko ez ezik, “eskerrik asko” handia izatea nahi dut, itzalean lan egiten duten eta gaur hemen egoterik ez duten osasun arloko langileen zein osasun arlokoak ez diren kooperanteen eskerrak. Eskerrik asko kooperazio guztiaren izenean”.

Vega doktoreak —Arabako Medikuen Elkargoak ere haren lan solidarioa saritu zuen 2018an— Benin eta Bolivian egiten duten lana azaldu du: lan ordu ugari, ahalik eta gaixo gehiei arreta eman eta ebakuntza egitearren. “Kirurgia guztiak bertako langileekin egiten ditugu, prestakuntza emateko premisarekin, urteko gainerako egunetan gure urratsei jarraitzerik izan dezaten. Baina nabarmendu nahi dut haiek gure teknikak ikasi ez ezik geuk ere ikasten dugula haiengandik, eta asko, ezagutza eduki badutelako, baliabiderik ez izan arren. Beti esaten dugu misioetatik eramaten duguna baino askoz ere gehiago ekartzen dugula”, azpimarratu du.

 

 

Share