Prentsa Oharren banner

Emakume bat atxilotu dute bere bikotekidea jo eta labana batez mehatxatzeagatik

Udaltzaingoaren Agenteek 33 urteko emakume bat atxilotu zuten atzo, etxe-indarkeriaren delitu baten ustezko egile gisa, bere bikotekidea jo eta labana batez mehatxatzeagatik.

Haur bat besotan zeraman gizonezko batek patruila bati eskatu zion Vicente Goicoechea kalera joan zedila, eta azaldu zien eztabaida bat eduki zuela etxean bere bikotekidearekin, hain zuzen ere, semearen amarekin. Kontatutakoaren arabera, emakumea bere gainera oldartu zen, harramazkak egin zizkion eta sukaldeko aizto batez mehatxatu ere egin zuen; eta horrexegatik, haurra hartu eta etxetik alde egin zuen.

Beste patruila batek emakumearekin hitz egin zuen, eta bi aldeei entzun ondoren, eta biktimak zeuzkan markak ikusirik, udaltzainek atxilotu egin zuten ustezko erasotzailea, eta gaur goizean epailearen esku geratu da.

Udaltzaingoaren agenteek 36 urteko gizonezko bat atxilotu zuten larunbatean, indarkeriaz eta larderiaz egindako lapurreta-delitu baten ustezko egile gisa.

Armentiagana kaleko ibilgailuen tailer batean gertatu zen; langile batek ikusi zuen nola zabaldu zuen auto baten atea, konpondua izateko bertaraino eramana, eta nola hartzen zuen barrutik jabearen poltsa.

Lapurra ihesi atera zen, baina eskainitako deskribapenari esker, inguruko merkataritza-zentro batean topatu eta atxilotu egin zuten.

Genero-indarkeria

Udaltzaingoaren Agenteek joan den ostegunean 62 urteko gizonezko bat atxilotu zuten, genero-indarkeriaren delitu baten ustezko egile gisa, Zabalgana auzoko ostalaritza-establezimendu batean bere bikotekidea jotzeagatik. Biktimak eta lekukoek udaltzainei adierazi zieten eztabaida horretan gizonezkoak masaileko bat eman ziola emakumeari eta lurrera bota zuela. Erasotzailea bere etxean atxilotu zuten eta epailearen esku utzi zuten gero.

Udaltzaingoaren agenteek 42 eta 59 urteko beste bi gizonezko atxilotu zituzten, errekisitoria judizial bana zutelako. Lehena ostiralean atxilotu zuten Florida kalean, bilatzeko, atxilotzeko eta presondegian sartzeko errekisitoria bat baitzeukan gainean.

Bigarrena Dato kalean zegoen, txakur kume jaio berri batzuekin. Patruila bat bertara joan zen eta haren dokumentazioa aztertzen ari zirela, ikusi zuten Zaragozako Epaitegi batek emandako atxilotze-agindua zuela beraren gainean, eta horren ondorioz, udaltzainek agindu hori bete egin zuten.

Hamabi pertsona zauritu dira istripuetan

Guztira hamabi pertsona zauritu dira joan den asteazkenaz geroztik Udaltzaingoak esku hartu behar izan duen 53 trafiko-istripuetan.

Denbora-epe horretan, bost gidari ikertu dituzte segurtasunaren aurkako delituengatik: lau alkoholaren eraginpean gidatzeagatik eta beste bat gida-baimenik gabe gidatzeagatik.

Uztailaren 24az geroztik, Udaltzaingoak alkoholemiaren prebentziorako hamabost kontrol egin ditu hirian, eta horietan, 300 gidarik baino gehixeagok egin behar izan dituzte nahitaezko probak. Horietatik hamar batek emaitza positiboa eman dute eta administrazio-bidetik salaketa jarri zaie.

Bi autok su hartu dute

Bi autotan piztutako sutean esku hartu zuten atzo suhiltzaileek: lehena N-102 errepidean izan zen, eta gidariak berak itzali zuen, baina suhiltzaileen taldeak autoa berrikusi eta bateria deskonektatu zuen, eta bigarrena Iruña Veleia kalean izan zen, eta bertara joandako suhiltzaileek uraz itzali zuten.

Share