Prentsa Oharren banner

Florida parkean ‘Bizileku’ inauguratu da, turistei bizikletak mailegatzeko zerbitzu berria

 

Udalak Olarizuko etxaldean ere eskaintzen du bizikleta-mailegua, 2017az geroztik

Urrira arte iraungo du esperientzia pilotuak

 

 

 

Gasteizko Udalak ‘Bizileku’ inauguratu du gaur, turistei bizikletak mailegatzeko zerbitzu berria, zeina garai batean ‘Txoroleku’ zeneko lekuan kokatu baita, Florida parkean. Capital Bikes enpresari esleitu zitzaion Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak (IGI) sustatutako zerbitzu hori emateko kontratua; enpresa berak kudeatzen du bizikleta-mailegua Olarizuko etxaldean 2017az geroztik. Proba pilotua izango da: udako hilabeteetan egongo da martxan zerbitzua, urrira arte.

Instalazioetako batera iristen direnei aukera emango zaie bisita gidatuak egiteko Eraztun Berdean eta udalerriko hiri inguruko parkeetan, eta beste natur ingurune batzuk ezagutzekoa, hala nola Olarizuko lorategi botanikoa, hirigune historikoa, Estibaliz… Lautadarako irteerak ere eskainiko dira, bide berdeen erabilera sustatzearren.

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok alokairu eskaintza horrek azken udetan izan duen erantzun ona azpimarratu du, baita ‘Bizileku’ deritzonaren kokapen estrategikoa ere. “Turismoa egiteko bizikletaz ibiltzea iraunkorra eta osasungarria da. Areago gurea bezalako hiri batean, 160 kilometro bidegorri baino gehiago baitu”, azaldu du. “Baliabide berri honekin, natura, kirola eta turismoa elkartzen ditugu. Eta interesgune berria, erakargarri berria dugu hirigune berdearen erdian, Florida parkean“.

Udalarekin sinatutako kontratuaren arabera, Capital Bikes enpresak 25 bizikleta eduki beharko ditu une oro Olarizuko etxaldearen eta ‘Bizileku’-ren artean banatuta. Azken leku horretan, ‘Bizileku’-n, Capital Bikes-ek 2 bizikleta elektriko, 10 bizikleta arrunt eta tandem bat izango ditu hasteko.

Prezioak —arrazoizkoak— Udalak ezarri ditu, eta esteka honetan kontsultatu daitezke. Alokairuaren barruan sartzen dira hiriaren mapa, erantzukizun zibileko asegurua, giltzarrapoa, txaleko islatzailea eta laguntza mekanikoa. Irekiera orduak, bestalde, hemen kontsultatu daitezke.

Share