Prentsa Oharren banner

Garapenean Laguntzeko Zerbitzuak 600.000 eurotik gorako dirulaguntza emango du Afrikan eta Hego Amerikan ur eta saneamendu azpiegituren alorreko lau proiektutarako

Tokiko Gobernu Batzarrak Afrikan eta Hego Amerikan ur eta saneamendu azpiegituren alorreko lau proiektutarako 619.316 euroko dirulaguntza ematea onetsi du gaur.

Udalak eta AMVISAk jarriko dute Garapenean Laguntzeko Zerbitzuak kudeatzen duen laguntza ekonomiko hori, zerbitzuaren urteroko dirulaguntza deialdiaren barruan —ur eta saneamendu atalean—; aurten 9 proposamen aurkeztu dira.

Hona hemen aukeratutako lau proiektuak:

SERSO San Viator Euskalherria.

Proiektua: edateko ura, Jutiapako 6 landa komunitatetan (Honduras). Dirulaguntza: 156.684,68 €

Edateko ura eskuratzea, Jutiapa udalerriko 6 landa komunitate urez hornitzen duen mikroarroa erabili eta babestea; 1.434 pertsonari (700 emakume eta 734 gizon) ekarriko die onura.

Manuel Iradier elkarte afrikanista.

Proiektua: edateko urez hornitzeko sarea Léréyél inguruan (Senegal).

Dirulaguntza: 149.262,77 €

Bost herritan edateko urez hornitzeko sistema gauzatzea da proiektuaren helburua. Populazio potentzialki onuraduna 1.037 pertsona ingurukoa da.

Nazioarteko Elkartasuna / Solidaridad Internacional.

Proiektua: edateko ura izateko giza eskubidea Diarin (Ginea).

Dirulaguntza:         156.683,72 €

Diari erdialdeko 2.776 pertsonak (% 53 emakumeak eta % 47 gizonak) ura eta saneamendua ekitatez eskuratu ditzaten bermatzea da proiektuaren helburua. Horretarako, alderdi hauek landuko dira: edateko urez hornitzeko eta saneamendurako sistema bat egokitzea, emakumeen eskaerei erantzuten diena; uraren eta saneamenduaren kudeaketa ekitatiboa, eta ura eskuratzeko giza eskubideari, saneamenduaren sustapenari eta genero berdintasunari buruzko zabalkunde estrategia bat.

Arabako Medicus Mundi.

Proiektua: ura eskuratzeko eskubidea, saneamendua eta ekitatea, Chotan (Peru). Diru-laguntza: 156.684,68 €

La Quinua eta Alto Condorpullana herrietako (Chota barrutia, Caja-marca) 530 biztanleak (246 emakume eta 284 gizon, 111 familia-unitate) ura eta saneamendua eskuratzeko giza eskubideaz baliatu ahal izatea da proiektuaren helburua, bertako gobernuarekin eta osasun arloarekin koordinatuta. Erabilera partikularrerako eta etxerako edateko ura eskuratuko dute, saneamendu osasungarria izango dute, komun ekologiko lehorrak erabiliz, eta ingurumena zainduko da, uraren iturriak babestuz.

Share