Prentsa Oharren banner

Gasteizek enpresen berrikuntza sustatuko du, Hazinnova ekimenean parte hartuz

Gasteizek Hazinnova ekimenari lagunduko dio, enpresen berrikuntza sustatzen baitu lehiakortasuna eta garapena hobetzeko tresna gisa.

Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Udal Sailak proposaturik, Tokiko Gobernu Batzarrak Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziarekiko hitzarmena sinatzea onetsi du gaur, zerbitzu horrekin lankidetzan aritzeko, “profil berritzaile baxuko enpresa txiki eta ertainei sostengu ematen baitie. Helburua da antolakuntza, marketin eta merkaturatzearen alorretan berritzeko aukera izan dezaten”, azaldu du arloko zinegotzi ordezkari Maider Etxebarriak.

Udala 2007tik da Innobasque-ko kide; “Hazinnova eragile sarea” izenekoan hamabi hilabetez parte hartuko duen talde teknikoa jarriko du, zeina berrikuntzarako proiektuak bilatzeaz arduratuko baita.

Etxebarriaren ustez, “Hazinnovak laguntza handia emango die enpresa txikiei berrikuntzarako irtenbideak identifikatu eta garatzeko garaian, zeinak lagungarri izango baitira lanaren antolakuntza eta haien produktu eta zerbitzuen merkaturatzea hobetzeko”.

Share