Prentsa Oharren banner

Andre Maria Zuriaren jaietan, Gasteizko Udalak berebiziko ahalegina egingo du hiria garbitzen eta hondakinak biltzen

Garbiketa areagotu egingo da Egunsentiko Arrosarioaren aurreko egunetan, baita txosnetan, musika emanaldietan, feria-lekuan, azoka arabiarrean eta blusa eta nesken kalejiren ondoren ere.

 

 

 

 

Bitarteko berezia jarriko da suziriaren jaurtiketara beirarik, latarik eta bestelakorik ez sartzeko

 

Abuztuaren 2an, 3an eta 4an informazio-karpa ipiniko da Andre Maria Zuriaren plazan, eta bertan lantegi eta jarduerak antolatuko dira ume eta gazteentzat

 

“Informatzaile taldea” itzuliko da, 19 irudi trokelatu,  hiria garbi eduki, berrerabili eta birziklatzearen garrantzia gogorarazteko

 

Udalak eta Vital Fundazioak plastikoaren erabilera murrizteko kanpaina bat sustatu dute aurten: edalontzi berrerabilgarria, abuztuaren 3tik zenbait ostalaritzako establezimendutan eskuratu ahalko dena

Urtero bezala, Gasteizko Udalak dena emango du Andre Maria Zuriaren jaietako garbiketan eta hondakinen bilketan, Arabako hiriburuko bizilagunek zein bisitariek astebeteko dibertsioaz giro garbi eta higienikoan gozatzerik izan dezaten. Bereziki, hilaren 4an, Zeledonen jaitsieran. Udalak iragarri duenez, egun horretan debekatuta egongo da plazan beira eta latak sartzea.

Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren Sailak ahalegin berezia egingo du Herritarren Segurtasunaren Sailaren antolaketari laguntzeko, eta kontzientziazio-kanpaina bati ekin dio.

Gutxiago zikintzea eta plastiko gutxiago erabiltzea

Gasteizko Udalak eta Vital Fundazioak Egibideren laguntzarekin sustatutako kanpainaren helburua da “jaietan gizalegez jokatzera bultzatzea, gutxiago zikintzera eta erabilera bakarreko plastiko gutxiago kontsumitzera, azken batean, hiria eta ingurumena errespetatzera. Udalak jaien aurretik zein jaiegunetan egindako ahaleginez eta herritarren inplikazioaz dibertsioa, garbitasuna eta ingurunearekiko errespetua ez direla elkarren etsai erakustea da xedea“, azaldu du Ingurumen Plangintza eta Kudeaketaren zinegotzi César Fernández de Landak.

Kontzientziazio-kanpaina indartzeko, aurten ere “informatzaile taldea” aterako da kalera, eta mezu berriak zabalduko ditu. Iazko mezuek birziklatzea azpimarratzen zuten, eta herritarrak “gehiago eta hobeto” birziklatzera animatzen zituzten; aurten, berriz, bakoitzaren kontzientziari egingo zaio dei, jaietan gizalegez jokatu dezagun, gutxiago zikindu, behin erabiltzeko edalontzien ordez berrerabilgarriak baliatu ditzagun, eta dibertsitatea errespetatu.

Aldi berean, Udalak eta Vital Fundazioak sustatutako edalontzi berrerabilgarria ezagutaraziko da kanpainaren bidez. “Gogoan izan behar da edalontzi berrerabilgarria ez dela beiraren ordezkoa, behin erabiltzeko edalontziena baizik, horiek oso kaltegarriak baitira ingurumenerako eta hiriaren garbiketarako”, azaldu du César Fernández de Landak. Horretarako,  2×2 metroko kubo formatua duten bi informazio-panel jarriko dira, Andre Maria Zuriaren plazan eta Urrezko Zeledonen plazan.

Informazio-karpa asteburu osoan

Hondakinen Kudeaketaren Zerbitzuko buru Joseba Sánchezek azaldu duenez, abuztuaren 2an, 3an (arratsaldez) eta 4an (goizez) informazio-karpa bat ipiniko da Andre Maria Zuriaren plazan, eta bertan lantegiak egingo dira ume eta gazteentzat. Bide batez, segurtasun arrazoiengatik suziriaren jaurtiketan beira, lata eta objektu zorrotzik ez sartzearen garrantziaz informatu eta sentsibilizatuko dira herritarrak, eta edalontzi berrerabilgarria ezagutaraziko. Karpa hirugarren urtez jarraian instalatuko da, eta ingurumen-monitoreek jardungo dute bertan.

Antolaketa berezia suziriaren jaurtiketarako: 42 ingurumen-monitore eta edukiontzi gehiago

 Hirugarren urtez jarraian, Udalak antolaketa berezia prestatu du txupinazora beira eta latarik sar ez dezaten.  Polizia antolaketaz gain, Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren Sailak kontzientziazio-lan indartsua egingo du, Egibideko 42 ingurumen-monitoreren laguntzaz. Materialen erabilera arduratsuaz kontzientziatzea izango da haien lana, edalontzi berrerabilgarriak sustatuz eta segurtasun arrazoiengatik plazara beira eta latak sartzeko debekua gogoraraziz.

Aurten edukiontzi gehiago jarriko dira Andre Maria Zuriaren plazan, herritarrek hondakinak botatzerik izan dezaten, eta plazaren sarbideetan ere jarriko dira. Iaz 1.100 litroko 4 edukiontzi ipini ziren. Aurten, 3.200 litroko 6 edukiontzi instalatuko dira.

Garbiketa-lanak indartzea leku eta ordutegi berezietan

Bestalde, Gasteizko Udalak garbiketa eta hondakin bilketarako programa indartu du hilabete honetan, jaietan hiriko kaleak eta plazak txukun edukitzearren. Uztailaren 11n hasi ziren garbiketa bereziak, eta hiri osora hedatuko dira. Besteak beste, estolda-zuloak eta estolderia sarea garbitzen dira, kartelak kentzen, pintaketak ezabatzen eta zorua garbitzen.

Garbiketa areagotu egingo da Egunsentiko Arrosarioaren aurreko egunetan, baita txosnetan, musika emanaldietan, feria-lekuan, azoka arabiarrean eta blusa eta nesken kalejiren ondoren ere.

Jaiak igaro eta gero, abuztuaren 24ra arte jarraituko da garbiketa bereziak egiten, eta egun horretan emango dira bukatutzat Hondakinen Kudeaketaren Zerbitzuak jaiak direla eta egiten dituen aparteko lanak.

Erdi Aroko hiriguneko eta Zabalguneko zenbait lekutan pixa-uxagarria —CK Splash back izeneko produktu gasteiztarra— banatu da. Produktu garden eta kaltegabea da, likidoa uxatzen duelarik azaleran barneratzea eragozten duena, errazago garbitzearren.

 

 

Share