Prentsa Oharren banner

Herritarren % 82k uste du AMVISAren uraren kudeaketa ona edo oso ona dela

 

Hori jasotzen duen azterlanaren arabera, etxeetara iristen den uraren kalitateaz dagoen asebetetze maila handia da

 

 

 

AMVISAk Gasteizko uraren kudeaketari eta kontsumo-ohiturei buruz lau urtean behin egin ohi duen azterlanaren emaitzak jakinarazi ditu gaur; herritarrek nota altua jarri diote, bai kudeaketari bai zerbitzuaren kalitateari dagokienez.

Erabiltzaileek hiriko uraren kudeaketaz duten ikuspegia ezagutzea da azterketaren helburua, baita ura aurrezteko ohiturak eta etxeetako kontsumoarekin lotutako beste alderdi batzuk ere.

2004az geroztik egiten da azterlana, lau urtean behin. 2019koa bosgarrena da, eta “joerak positibo izaten jarraitzen du. Lortutako emaitzak onak dira, eta zerbitzuaren kalitateari eta kudeaketari asko eskatzen bazaie ere, AMVISAren lana positibotzat jotzen jarraitzen dute herritarrek, eta oso pozik daude etxeetara iristen den uraren kalitatearekin“, azaldu du udal enpresaren lehendakari Felipe Garcíak.

Gaur aurkeztu zaie AMVISAko kontseilariei azterlan oso horren emaitzak. Alderdi hauek ezagutzearren, elkarrizketak egin zaizkie 602 pertsonari:

  • Herritarren ikuspegia Gasteizko uraren kudeaketa eta banaketari buruz.
  • Herritarrek zenbateraino dakiten zenbat ur kontsumitzen duten eta zenbateko gastu ekonomikoa duten.
  • Herritarren kontsumo- eta aurrezpen-ohiturak.

Ondorio nagusiak 

AMVISA ezagutzea. Uraren zerbitzu integrala kudeatzeaz arduratzen den enpresaren bat-bateko ezagutzak handia izaten jarraitzen du gasteiztarren artean: % 74,1. Gasteiztarren % 92,9 konturatzen da AMVISA dela hiriko uraren kudeatzailea.

AMVISAren zerbitzuaren kalitatea. Gasteiztarren % 82,3k oso ontzat edo ontzat jotzen du uraren zerbitzu integralaren kalitatea. Asebetetze maila 2015ean (% 75,9) eta 2011n (% 81,2) jasotakoaren antzekoa da, beraz, erabiltzaileen asebetetzeak oso handia izaten jarraitzen du. Zerbitzuaz kexatzen direnen ehunekoa oso txikia da.

Uraren kalitatea. Kontsultatutako pertsonak oso pozik daude Gasteizko uraren kalitatearekin, koloreari, usainari zein zaporeari dagokienez. Hamar erabiltzailetatik bederatzik oso ontzat edo nahiko ontzat jotzen dituzte alderdi horiek. Kolorea da gasteiztarrek gehien balioesten dutena; ondoren, usaina, eta azkenik, zaporea.

Uraren prezioa. Herritarrek uste dute Gasteizen urarengatik ordaintzen den prezioa beste zerbitzu batzuena baino bidezkoagoa dela. % 48,9k “bidezko prezioa” dela diote.

Urari eta beren ohiturei buruz duten pertzepzioari eta kezkari dagokienez:

Kontsumoa. Beren kontsumoa “normala” dela uste dutenen kopurua 6 puntu igo da, eta jaitsi egin da “baxua” dela uste dutenen proportzioa. Zehazki, % 78,3k normaltzat jotzen du; % 13,3k, baxutzat, eta % 5,3k, altutzat.

Aurrezteko ohiturak. 2015ean bezalaxe jarraitzen dute. Nabarmengarriena da handitu egin dela baxera-garbigailuaren erabilera, eskuz garbitu ordez. Kontsultatutako pertsonen % 17,5ek dio ura aurrezteko sistemaren bat duela etxean, eta ehunekoa handiagoa da 30 eta 44 urte bitartekoen artean.

Kontzientziazioa. Uraren kontsumo eraginkorra lehentasunezkotzat jotzen dutenen kopurua 9 puntu jaitsi da (% 57,5); etorkizuneko kontua dela uste dutenen ehunekoa, berriz, 12 puntu igo da  (% 37,7).

Share