Prentsa Oharren banner

Nazioarteko Antzerki Jaialdia 44. ediziora iritsi da, programazio “ausart eta arrisku handiko” batez

 

Aurrekontua % 18 handitu da, urriaren 4tik abenduaren 1era arte 33 ikuskizun eskaintzeko

 

 

 

 

Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdia aurkeztu du gaur; urriaren 4tik abenduaren 1era arte iraungo du aurten jaialdiak. Harekin batera Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendari Aitziber Atorrasagasti izan da, erakunde horrek ere laguntzen baitio aurten 44. ediziora iritsi den kultur ekitaldiari.

Antzezte arteekiko topaketak 33 ikuskizun —horietako 9 estreinaldiak— eskainiko ditu, “eta horiekin gure ohiko ezaugarriei eutsiko diegu: abangoardiaren eta nazioarteko sorkuntzaren aldeko apustua, eta bertako sorkuntzari eta hizkuntza eszeniko berriei sostengu irmoa ematea”, azaldu du Estíbaliz Cantok. Haren hitzetan, aurtengo edizioa “ausarta eta arrisku handikoa” da.

Abenduaren 1era arte, nazioarteko 11 proposamen hartuko ditu jaialdiak (Frantzia, Portugal, Erresuma Batua, Kanada, Italia, etab.) eta bertako taldeek ere leku garrantzitsua izango dute, 13 lan aurkeztuko baitituzte.

Hauek dira aurtengo programazioaren alderdi nabarmengarrienak:

  • Nazioarteko sorkuntzaren ikuspegia. Nazioarteko 11 proposamen etorriko dira: antzerki zentro garrantzitsuak, hala nola Royal Shakespeare Company eta Théâtre des Bouffes du Nord (Peter Brook zuzendari duena); konpainia ospetsuak, esaterako, Need Company (Jan Lauwers zuzendari duena) eta Rimini Protokoll (lehen aldiz Euskadin). Beste sortzaile gailen batzuk ere etorriko dira: Marie Chouinard, Chapitô konpainia portugesa, Ballets Jazz Montréal, Claudio Tolcachir, etab.
  • Tokiko antzezte sorkuntzaren zabalkundea. Proyecto Larrua, Colectivo Monstrenko, Sleep Wak Collective, Mono habitado, Zurrunka, Tanttaka eta Kukunka euskal konpainien proposamenak ikusi ahalko dira; azkenak urriaren 3an estreinatuko du lan berria, jaialdiaren 44. edizioa inauguratzeko.
  • Hizkuntza berrien aldeko apustua. Dantzan, nazioarteko lanetan zein JIM Aktual zikloan, non Best of Birmingham Festival-eko lanak eskainiko baitira berriro. Francisco Ruiz de Infante artista gasteiztarrak Hors Champs konpainia frantziarrarekin landutako Carmen // Shakespeare proiektua helduko da hirira, baita ezohiko espazioetarako proposamenak ere, Enred@dos eta Off Lokal ekimenen bitartez.
  • Beste kultur eragile batzuekiko lankidetza. Oraingoan, hauekin aritu da lankidetzan: Gironako Temporada Alta jaialdia, Best of Birmingham Festival, Théâtre des Bouffes du Nord, Princesa de Asturias fundazioa eta Centro Dramático Nacional —harekin batera koordinatu da Peter Brook-en bira—.
  • Familientzako proposamenak. Antzezte arteen geroko audientziak sortzen joateko estrategiaren baitan familia antzerkirako abonamendua nabarmentzen da, zeinak hainbat formatu barne hartzen baititu (dantza, lirika, ikus-entzunezkoak edo txotxongiloak), konpainia handien eskutik, hala nola Gorakada eta Aracaladanza. Haurtxoak proiektuaren beste edizio bat ere egingo da, 1 eta 3 urte bitarteko haurrentzako lau ikuskizunez osatua.
  • Ikusle aktiboaren eskaera. Antzerkia Zabaltzen atalean publikoarekiko hiru topaketa antolatu dira, antzerki dokumentalari buruzko lantegia eta Carlos Pérez Uralde irrati-antzerkiaren V. lehiaketa.
  • Ospetsuen presentzia. Josep María Pou, Viejo amigo Cicerón lanarekin etorriko dena, edo Luis Bermejo, Mariachis ekarriko duena.

Abonamenduen salmenta irailaren 19an hasiko da; aurtengo edizioak 420.000 euroko aurrekontua du, 2018an baino % 18 gehiago.

Nazioarteko Antzerki Jaialdia

 

 

 

Share