Prentsa Oharren banner

‘Déjà vu’ ikuskizunarekin inauguratuko da, igandean, Eguberrietako denboraldia, Principal antzokian

Salgai daude, dagoeneko, familientzako ikuskizun horretarako sarrerak, ohiko lekuetan

 

Datorren igandean, azaroak 29, inauguratuko dute Gasteizko antzokiek Eguberrietako denboraldia, Manolo Alcántararen konpainiaren ‘Déjà vu’ ikuskizunarekin —bigarren ikuskizuna dute, ‘Rudo’ren ondoren—.

Berriro ere, protagonismo berezia bereganatzen du eszenografiak. Etengabe eraikitzen ari zen espazio bat bazen orduan, oraingo honetan, berriz, protagonistak —Kafkaren ipuin bateko gizon arrunta, errutinak gogaitua— ezinezko abenturak amesten dituen markoa izango da. Gurearen antzeko unibertso oniriko bat, non objektuek ezinezko neurriak hartzen dituzten, izan behar luketen baino handiagoak edo txikiagoak diren.

Oso ikuskizun bisuala da; lausotu egiten dira errealitatearen eta fantasiaren arteko mugak. Ahotsak eta biolinak sortutako soinu-unibertsoak —errepikakorra, bizia, alaia— pertsonaiaren dualtasuna nabarmentzen du. Unibertso oniriko batera eramango gaitu. Ikuskizun bereziki iradokitzailea, ausarta eta liluragarria da… umore finez josia.

“Antzerki fisikoarekin mugakide den eta beste diziplina batzuetan, hala hola txotxongiloetan eta proiekzioetan, oinarritzen den zirku pertsonal honek lilura ditzan uztera animatzen ditugu familiak. Jakin-mina, intuizioa eta gauzak modu berezian azaltzeko gogoa dira eragile bertan”, adierazi du Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

Manolo Alcantarak sortua da antzezlana, eta berak zuzenduko du, baita agertokira igo ere, Laia Rius, Andreu Sans eta Silvia Compterekin batera.

18:00etan izango da emanaldia, Principal antzokian, behar diren segurtasun-neurriekin. 6 urtetik gorako ikusle ororentzat. Sarrerak dagoeneko salgai daude, leihatilan, telefonoz edo Udalaren webgunean. 9 euro balio dute.

Beste hitzordu batzuk

Era berean, salgai daude sarrerak Korrontzi & Xabier Amurizaren emanaldirako —abenduaren 30ean izango da, Principal antzokian—. Izaroren kontzertuko sarrerak, berriz, agortuta daude dagoeneko.

Udalaren Antzoki Sarearen Eguberrietako programazioko gainerako ikuskizunetarako sarrerak abenduaren 1ean jarriko dira salgai, 10:00etan, ohiko lekuetan.

Informazio gehiago

 

 

Share