Prentsa Oharren banner

Gizonezko bat atxilotu dute Zapatari kalean emakume bati sexu-abusuak egiteagatik

Udaltzaingoaren Agenteek 53 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, Zapatari kalean emakume bati ukituak egiteagatik sexu-abusuaren delitu baten ustezko egile gisa.

Gertaera horiek larunbat goizaldeko lau eta erdiak inguruan izan ziren, eta une horretan, Koordinazio Zentralak patruila bati eskatu zion Zapatari kalearen eta Anorbin kantoiaren arteko izkinara joan zedila, antza denez, mozkortuta zegoen neska bat bere borondatearen aurka norabait eramateko eginahaletan ari zelako gizonezko bat. Udaltzainek kordea galduta topatu zuten neska eta zerbitzua eskatu zuten bi pertsonak laguntzen ari zitzaizkion hari.

Eskainitako datuei esker, gertaera horien ustezko egilea hurbileko ostalaritza-lokal batean topatu eta hantxe atxilotu zuten udaltzainek.

Anbulantzia bateko osasun-langileek laguntza eskaini zioten biktimari, eta Santiago Ospitalera eraman eta bertan artatu ondoren, Txagorritxu Ospitalera eraman zuten, sexu-erasoen osasun-protokoloa aktibatu zutelako. Dena den, emakumeak uko egin zion asistentzia horri, baita salaketa jartzeari ere, eta horrenbestez, patruila batek etxeraino lagundu zuen.

Guardiako Epaitegian izapide egokiak egin ondoren, atxilotua aske utzi zuten, baina Epailearen aurrean aurkeztu beharko du.

Sei pertsona zauritu dira istripuetan

Asteburuan sei pertsona zauritu dira bost trafiko-istriputan; istripu horiek guztiak ostiralean gertatu ziren.

49 urteko emakume bat zaurituta geratu zen harrapaketa batean, San Antonio kalean oinezkoentzako pasabiderik ez dagoen toki batetik gurutzatzen hasi eta ziklomotor batek atzetik harrapatuta. Harrapaketa horretan, motoa gidatzen zihoan 61 urteko gizonezkoa ere errepidera erori eta zaurituta geratu zen, eta horren ondorioz, biak eraman behar izan zituzten anbulantzian Santiago Ospitalera.

Iturritxu eta Heraclio Fournier kaleen arteko bidegurutzean gertatutako beste auto-harrapaketa baten nondik norakoak ikertzen ari da argiketa-talde bat; istripu horretan oinez zihoan 63 urteko gizonezko bat zauritu zen, eta bertan larrialdi-zerbitzuek artatu ondoren, Santiago Ospitalera eraman zuten.

Xabier kalean gertatutako beste istripu baten nondik norakoak ere ikertzen ari dira; gidatzen zihoan 49 urteko emakume bat zaurituta geratu zen bertan, bere autoak garaje bateko zutabe baten aurka talka egin ondoren. Emakume hori Santiago Ospitalera eraman zuten.

Samaniego kalean gertatutako harrapaketa baten zergatiak ere ikertzen ari dira; istripu horretan oinez zihoan 64 urteko gizonezko bat zauritu zen eta San Jose Ospitalera eraman zuten izandako lesioetatik artatzera.

Donostia kaleko oinezkoentzako pasabide batean gertatutako azken istripuan, berriz, auto bat eta patinete bat zeuden nahastuta. Bien arteko talkaren ondoren, patinetea gidatzen zihoan 44 urteko emakume bat zauritu zen eta anbulantzian eraman zuten Txagorritxu Ospitalera.

Mugikorrarekin gidatzen

Udaltzaingoak beste 36 trafiko-istriputan esku hartu du asteburu honetan, baina horietan ez da inor zauritu eta hiru gidari ikertzen ari dira bide-segurtasunaren aurkako delituengatik. 30 urteko gidari bat, telefono mugikorra erabiltzen ari zela ustekabean harrapatu eta gida-baimenik gabe gidatzeagatik.

45 urteko emakume bat ikertzen ari dira alkoholaren eraginpean eta gida-baimenik gabe gidatzeagatik, Zaramaga kalean gertatutako trafiko-istripu batean nahastu eta zenbait trafiko-seinaletan kalteak eragin ondoren.

Gidatzen zihoan 23 urteko beste gizonezko bat ere ikertzen ari dira, gida-baimenik gidatzeagatik eta babes-agindu bat urratzeagatik. Jesus Guridi kaletik emakume batekin batera zihoan eta une horretan autoa gelditu zedila agindu zuen patruila batek. Bi pertsona horien dokumentazioak eta ibilgailuarenak aztertu zituztenean, ikusi ahal izan zuten gidariak, gida-baimenik gabe gidatzeaz gain, ez zuela halakorik inoiz erdietsi, eta gainera, urruntze-agindu bat zuela berarekin zihoan emakumearekiko, eta horren ondorioz, udaltzainek hura atxilotzeari ekin zioten eta izapide egokiak bete zituzten bide-segurtasunaren aurkako delituagatik.

Asteburuan alkoholemiako zazpi prebentzio-kontrol egin dira hirian, eta horietan, 125 gidari inguruk egin behar izan dituzte arauzko alkoholemia-probak. Horietatik bostek emaitza positiboa eman dute eta salaketa jarri zaie administrazio-bidetik.

Udaltzainek 48 salaketa izapidetu dituzte asteburuan eta polizia judizialaren 18 jarduera egin dituzte.

Edukiontziak sutan

Plastikozko ontzien bi edukiontzitan piztutako sua itzaltzera joan ziren suhiltzaileak igande goizaldera; bat Hortaleza kalean, eta bestea, Voluntaria Entrega kalean.

Udaltzaingoak eskatuta, halaber, Zadorra ibaiaren ibilguan, Iurre norabidean, zeuden bizikleta batzuk ateratzera ere joan ziren igandean, eta minutu batzuk geroago, trafiko-istripu batean errotik atera zituzten trafiko-seinale batzuk erretiratzera ere bai.

Share