Prentsa Oharren banner

Atariak “BESTE (FOTO)BEGIRADA BATZUK” argazki-erakusketa inauguratu du, zeina Arabako Argazkilaritza Elkarteko presidente Rocío López argazkilariak koordinatu eta ICONO Difusión Cultural-ek kudeatu baitu

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Erakusketa pertsona-talde batek –gehienak emakumeak– argazkigintza-lantegi bat egin ondoren sortutako fruitua da. Horretan, bizi diren ingurunearekiko duten begirada berezia adierazi eta partekatu nahi izan dute.

 

Irudiek naturarekin eta ingurumenarekin bizi izan dituzten esperientzia pertsonalak islatzen dituzte; beste (foto)begirada batzuk, bidaia bisual iradokigarri baten bidez geure munduaren ikuspegi desberdinak dakarzkigutenak.

 

Salburuko hezeguneak interpretatzeko Atariak zentroak “Beste (FOTO)begirada batzuk” argazki-erakusketa inauguratu du, zeina Arabako Argazkilaritza Elkarteko presidente Rocío López argazkilariak koordinatu eta ICONO Difusión Cultural-ek kudeatu baitu.

2016ko urrian eta azaroan, Integraziorako prentsa-argazkilaritza proiektua garatu zen, Gasteizko Udaleko Gizarte Politiken Sailaren dirulaguntzaz. Gizartetik baztertuta geratzeko arriskua zuten pertsonei edo ahultasun-egoeran zeudenei zuzendutako prentsa-argazkilaritzari buruzko lantegiak ziren, helburu sozialak lortzearren. Andoni Lubaki prentsa-argazkilariak zuzendu zituen jarduerak. Orotara 17 pertsonak hartu zuten parte, ADAP presoei laguntzeko elkarteak, Clara Campoamor elkarteak, Gurutze Gorriak, ACCEM elkarteak eta udal zerbitzuek bideratuta.

Emaitzak ezin hobeak izan ziren: parte-hartzaileen bilakaera pertsonal eta artistikoa izugarria izan zen, eta agerian geratu zen zenbateko ahalmena duen arteak autoezagutzarako eta besteei eta mundura irekitzeko. Esperientzia ona zela ikusirik, 2017ko udazkenean beste lantegi bat egin zen; 15 pertsonak hartu zuten parte, eta berriro erakutsi zuten ikasteko gaitasuna eta talentua. Bi urteetan egindako argazkiak biltzen zituen erakusketa bat ere egin zen, hiriko bi gizarte etxetan banatuta, Pilarren eta Salburuan.

Atzodanik, aipatutako lantegietan parte hartu zutenen artean aukeratutako zazpi artistaren 36 argazki daude ikusgai Atarian; beren inplikazioagatik eta beren lanen kalitate estetiko eta dokumentalagatik nabarmendu dira autatutako pertsonak. “Irudi eta erreportajeetako batzuk komunikabideetan argitaratzeko modukoak dira, kalitate handikoak baitira”, nabarmendu du Atariko koordinatzaile Gorka Belamendiak. Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzi Ana Oregiren hitzetan, “lanek pertsona horien errealitatea hobeto ezagutzea ahalbidetu digute, Gasteiz ezberdina ezagutzeaz gain”.

Proiektu originala da, diziplinak hautatu eta gizartetik baztertuta geratzeko arriskua duten pertsonekin erabili baitira, era atseginean gaitasun artistikoak garatu eta trebetasun sozialak eta autoestimua hobetu ditzaten. Salburuko eta Gasteizko natura eta ingurumenaren argazkiak egitea erronka motibagarria da, eta (foto)begirada original eta aberasgarri horien bitartez gure ingurunera ateratzera bultzatzen gaituzte.

Erakusketaren bidez, artista hasiberri horiek beren sormena argazkigintza baliatuz garatzera eta beren lanak herritarrei erakustera animatu nahi ditu Gasteizko Udalak. Aldi berean, berdintasuna —generoa, jatorria edo identitatea kontuan hartu gabe— eta bizikidetza hobetzeko gauza diren lan horiek erakutsiz agerian utzi nahi du posible dela gaitasunak aurkitu eta garatzea eta norbera ahalduntzea.

Share