Prentsa Oharren banner

Arabako ekipamendu bisitatuenetako bat izatera iritsi da Ataria, hamar urteren buruan

 

  • Hamar urte dira Salburuko Hezeguneak Interpretatzeko Zentroak ateak zabaldu zituela, eta 875.076 pertsonek bisitatu dute dagoeneko, Gasteizko biodibertsitatearen ikur dena
  • Gorka Urtaran alkateak eta Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren arloko zinegotzi Ana Oregik bi zikoina zuri gazte askatu dituzte —Salburuan du espezie horrek Araba osoko koloniarik handiena—
  • Atariaren hamargarren urteurrena ospatzeko, asteburu honetan —Bihoblitz 2019 topaketan— esploratzaile bihurtzeko gonbita egiten die Atariak herritarrei

 

2009ko uztailaren 13an ireki zituen ateak Ataria Salburuko Hezeguneak Interpretatzeko Zentroak. Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren funtsezko ekipamendua da, Salburuko parkearen ingurumen-interpretaziorako sortua, eta, hamar urte hauetan, 875.076 pertsonek bisitatu dute dagoeneko. Gasteizko biodibertsitatearen ikur bihurtua baita. Denbora horretan erregistratutako bisitarien kopuruak Araba lurralde historikoko ekipamendurik bisitatuenetako bat dela erakusten du.

“Hasieratik, Gasteizko ondarearen elementu garrantzitsu bat —Salburuko parkea— berreskuratzea izan zen Atariaren xedea, eta, parkea bera bezala, herritarrentzat erreferentziazkoa izateko asmoarekin sortu zen eraikina. Horrela, zentroaren ezaugarri izan da esanahi handia izatea hirian, identitate propioa edukitzea eta ingurunean perfektuki integratuta egotea. Hezeguneek eskaintzen dituzten balio, ondasun eta zerbitzuak ulertzeko agora baten ideiarekin sortu zen zentroa, herritarren artean ikerketa sustatzeko eta komunikazio- eta zabalkunde-modu berriak bilatzeko, gertueneko natura-ondareari zegokionez. Gaur egun erreferentea dugu biodibertsitatearen arloan, baita egun berorren gainean dagoen ezagutzaren transmititzaile gisa ere”, nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak, zeinek Atarian bertan egin baitu asteroko prentsaurrekoa.

Atariko lantalde osoaren lana eta ahalegina eskertu ditu alkateak, Luis Andrés Orive eta Gorka Belamendia buru. “Hamar urtean, Ataria marka balio eta gogoeta sorta bati lotuago egotea lortu da, aisialdi- eta entretenimendu-zerbitzuei berei baino, eta errefentzia bihurtu da Gasteizko herritar guztientzat. Biodibertsitate biologikoaren kontserbazioaren eta sustapenaren arloko sentsibilizazio-, hezkuntza- eta partaidetza-programak garatzen diren espazio bat ez ezik, ingurumenaren arloko komunikazioaren arloko erreferente bihurtu dute zentroa —bai Eraztun Berdearen esparruan, bai Gasteizko natura-ondarearen esparruan— eman zaion bultzadak eta bertaratu direnek egin dioten harrera onak.”

Arrakastaren gakoa hauxe izan da: ekipamendu ireki, dinamiko eta bokazio unibertsalekoa izateko asmoarekin sortu izana,  Salburuko parkera joaten diren bisitariei kalitateko hainbat zerbitzu eskaintzeko gai delarik —informazioa, jarduerak, ekitaldiak, bizikleta- eta prismatiko-mailegua…—, eta hartara bisita askoz erakargarriago egitea. Orobat nabarmendu behar dira urte horietan guztietan eskaini izan diren kalitateko programak, publiko guztiei zuzenduak eta interes-talde desberdinei zuzenduak. Hainbat eratako jarduerak bildu izan ditu programazio horrek, batzuk ludikoagoak, familiei eta haurrei zuzenduak, beste batzuk kontzeptualagoak, flora eta fauna espezien ikerketaren eta kudeaketaren inguruko lanak ezagutzera emateko, herritarren artean zientzia zabaltzeko eta parkeak berak dituen ingurumen-balioak ezagutarazteko.

Bisita mota: familia taldea, arratsaldez

 Hilabetez hilabeteko bisitari-kopuruak aztertzen direlarik, ikusten da neguko hilabeteetan izan ohi dela bisitari gutxien, hots, urtarrilean, otsailean eta abenduan. Hala ere, urteko gainerako hilabeteetan, 8.000tik gora bisitari izan ohi dira. Martxoan eta uztailean izan dira jende-etorririk handienak.

Jatorriari dagokionez, bisitari gehienak, % 52,7 gasteiztarrak izan ziren. Araba osoko gainerako bisitariak gehituz gero, % 56,9ra iristen da kopurua. Euskadi osoa kontuan hartuz gero, bisitarien % 73,3 egin zuten. Gainerako bisitariak Nafarroatik, Estatutik eta beste herrialde batzuetatik etorri ziren.

Bisita mota nagusia arratsaldeetan egiten dena izan ohi da, Gasteizko familiak, 35 urtetik 65era arteko pertsona nagusiek osatuak, maiz 12 urtetik beherako haurrek lagunduta, gizon eta emakumeen antzeko proportzioetan.

Hamar urte hauetan, 65 ikastetxetako 60.187 ikasle izan dira Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak eskainitako Ingurumen Hezkuntzako kanpainetan.

Gainera, herritar guztientzat zabalik dagoen hiruhileko eskaintza egin ohi du. Hamar urteetan, guztira 1.445 jarduera egin ditu Atariak; horietatik, 77 aldi bateko erakusketak izan dira, 235 ikastaro edo lantegiak, 280 hitzaldiak, 604 familientzako jarduerak eta 249 natura-ibilbideak. Guztira 126.053 lagunek parte hartu dute horietan, honela banatuta: 84.871 lagunek erakusketetan (2013az geroztik zenbatuak), 3.778k lantegi eta ikastaroetan, 7.636k hitzaldietan, 25.151k familientzako jardueretan eta 4.617k natura-ibilbideetan.

Jardura horiez gain, 991 bisita gidatu ere egin izan dira denbora horretan; beste 28.360 bisitari gehiago, zentroan.

2013an iritsi zen Herritarren Zientzia Gasteizera, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren eta Gasteizko Udaleko Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailaren eskutik. Orduan sortu zen udalerriko biodibertsitatea atzematen parte hartuko zuen herritarren sare bat eratzeko ideia.  Geroztik, Ataria Salburuko Hezeguneak Interpretatzeko Zentroak aparteko tresna hori garatu du, biodibertsitatearen ezagutza hobetzeko eta laginketak egiten laguntzen duten partaideak kontzientziatu eta sentsibilizatzeko. Ez zatekeen posible izango sare hori urte horietan bertako kide izan diren eta parte hartu duten 356 pertsonen laguntzarik gabe.

BioBlitz 2019: asteburu honetan Salburuko parkea esploratzeko gonbita

Zentzu horretan, interpretazio-zentroaren hamar urteak ospatzeko asteburu honetarako programatutako jarduera nagusia BioBlitz 2019 ekitaldia izango da, herritarrei egiten zaien gonbitea, larunbatean eta igandean Salburuan esploratzaile aritzeko. Zientzialarien eskutik, eremu jakin bateko organismo guztiak identifikatuko dituzte interesdunek.

San Bizenteko eta Berantevillako elizetako habietatik erori ondoren berreskuratutako bi zikoina zuri askatzea

Hamargarren urteurrena dela gaur Atarira egindako bisitan, bi zikoina zuri askatu dituzte alkateak eta Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren arloko zinegotzi Ana Oregik.

Aukeratutako espeziea ez da edozein; izan ere, Arabako zikoina koloniarik handiena dago Salburuan, eta aintziren bazterretako zuhaitzak eta aurreko hamarkadetan horretarako jarritako plataforma artifizialak baliatzen dituzte habia egiteko, baita inguruko elizetako kanpandorre eta teilatuak ere.

Zikoina zurien 51 bikotek dute habia aurten Salburua inguruan, eta, hortaz, ohikoa da zenbait kume erortzea, hau edo beste dela eta. Kume horietako batzuk Arabako Foru Aldundiaren basa animaliarentzako suspertegira eramaten dira, eta hegan egiteko prest daudenean askatu egiten dira. Oraingo honetan, bi zikoina zuri askatu dira, bata San Bizenteko elizatik eta bestea Berantevillako habiatik ekarriak. Urrutitik irakurtzeko moduko eraztunak jarri zaizkie biei, etorkizunean han edo hemen ikusten direlarik informazio gehiago izateko.

  “Ingurumenari dagokionez nabarmendu nahi duen edozein hirirentzat ikur bat dira zikoinak; gero eta gehiago lotzen ditu gizarteak ingurumenaren babesarekin”, nabarmendu du Gorka Urtaranek.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Share