Prentsa Oharren banner

Bi pertsona zauritu dira Latinoamerika plazan izandako istripu batean

Bi pertsona zaurituta ziren atzo Latinoamerika plazan bi autoren artean izandako talka baten ondorioz. Ibilgailuetako bat gidatzen zihoan 39 urteko gizonezkoa, eta harekin zihoan 53 urteko beste gizon bat, ospitalera eraman zituzten.

Udaltzainek beste 18 trafiko-istriputan esku hartu zuten atzo, nahiz ez zen zauriturik izan eta ez zen inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituak egiteagatik. Horrez gain, 21 salaketa izapidetu eta polizia judizialaren 19 jarduera egin zituzten.

Bi gurpileko ibilgailuen kontrola

Udaltzaingoak asteburu honetan kanpaina berezi bat egingo du bi gurpileko ibilgailuak kontrolatzeko: ziklomotorrak, motozikletak eta bizikletak izango dira, eta horren bidez udaltzainek egiaztatuko dute motozikletek nahiz ziklomotorrek Ibilgailuen Azterketa Teknikoak gainditu dituztela eta ez daukatela akats teknikorik, beren erabiltzaileentzat eta gainerako pertsonentzat nolabaiteko arriskua eragin dezakeenik.

Ziklomotorretan, alde batetik, beren ihes-tutuetan eraldaketak egin eta zarata gogaikarriak ateratzen dituztenak hautematen saiatuko dira, eta bestetik, horien potentzia eta zilindro-bolumena eraldatu dituztenak ere bai. Zaindu egingo dute, halaber, gidariek segurtasun-kaskoak behar bezala erabiltzen dituztela, horiek homologatuta daudela eta ibilgailu mota bakoitzarentzat baimendutakoak erabiltzen dituztela.

Bizikletei dagokienez, 16 urtetik beherakoek kaskoa erabiltzen dutela zainduko dute, eta iluntzen duenean nahitaezko argiak erabiltzen dituztela. Horrez gain, txirrindulariek arauak errespetatuz eta bizikletak ibiltzea onartuta dauden guneetatik eta ordutegietan ibiltzen direla zainduko dute.

Kanpaina hau amaitu ondoren, hilaren 15etik 21era bitartean, abiadura kontrolatzeko beste bat egingo dute, eta horren helburua, arlo honetan arau-urratzeak hautematea eta ikusten dituzten arau-urratze horiek administrazio arloan zuzentzea izango da, Agintaritza Judizialaren esku jarriz orduko 115 kilometrotik gorako abiadura daramaten gidari guztiak.

Bi kanpaina hauek Bide Segurtasun eta Mugikortasun Iraunkorrerako 2018-2023 Udal Plan Estrategikoaren barruan sartuta daude.

Teilatua erortzea

Suhiltzaileek esku hartu behar izan zuten atzo, Hedegile kaleko beste eraikin mugakide baten teilatu gainera erori zen teilatu-zatia ikuskatzera. Errementari kaleko bi eraikinetan eta Hedegile kaleko beste batean ere fatxada berrikusteko lan batzuk egin zituzten.

 

Share