Prentsa Oharren banner

Olarizu Euskadiko botaniko handia bihurtzeko lehenengo ekintzak iragarri ditu Urtaranek

 

Aurki aterako da lehiaketara parkeko harrera zentroa eta harmaila begetaleko antzokia sortzeko proiektua

Adurtzatik gertu dagoen aintzira gurutzatzeko egurrezko pasabidea jartzeko proiektua bukatuta dago

Olarizu Euskadiko botaniko handia bihurtzeko proiektua forma hartzen hasi da, aurki lizitatuko baitira lehenengo ekintzak. Gorka Urtaran alkateak iragarri ditu gaur proiektu horretako lehenengo esku-hartzeak. Helburua da Olarizuri dimentsio berri bat ematea, “Eraztun Berdeko harribitxia izan dadin, edukia eta erakargarritasuna gehituz, bi esparrutan: aisialdia eta zabalkundea. 2025 Estrategiaren zutabeetako bat da, eta gaur esan dezakegu plan horretako epe ertaineko bi proiektu errealitate izango direla hurrengo hilabeteetan: aisialdiaren esparruan, ‘antzoki berde’ berria, harmaila begetal bat, aire zabaleko kultur jarduerez gozatzeko. Zabalkundearen esparruan, informazio-bulego berri bat, parkera joaten diren pertsonei ongi etorria emateko balioko duena. Lanean jarraitzen dugu, Gasteiz erreferentziazko superhiria bihurtzeko Europan.”

Alkateak iragarritako lehen jarduera informazio-bulegoa —Energiaren Euskal Erakundearen mugikortasun-eraikina, gaur egun Jose Mardones kalean erabili gabe dagoena— lekuz aldatu eta kokaleku berrian jartzea izango da. Aurki aterako da lizitaziora proiektua. Funtsean, Jose Mardones kaleko mugikortasun elektrikoaren zentroa Olarizu hiribidera aldatuko da.

Horretarako, zabaldu egingo da dagoeneko zolatuta dagoen zona. Zabaldu egingo da kale muturra inguratzen duen espaloia, eta plaza txiki bat sortuko, urbanizazio-lanak egitean. Hegoaldean hormatxo bat egingo da, banku gisa baliatu ahal izango dena, eta aldi berean bertan jarriko dira Olarizuko lorategi botanikoaren sarrera iragarriko duten letra eskultorikoak, Salburuko parkekoen antzera.

 

Argiteria ere aldatuko da zona horretan. 400.000 eurokoa da proiektuaren aurrekontua.

“Sarrerako atea izango da harrera-bulegoa, lorategi botanikora doazen bisitariei ongietorria eta informazioa emateko lekua. Etorkizuneko parkeko jarduera ludikoak kudeatzeko zentroa ere izango da, eta bizikletak alokatzeko lekua —etxaldean egiten da hori gaur egun—, eta erakusketetarako zona txiki bat izango du”, zehaztu du alkateak.

 

Harmaila begetalak

Aktibatuko den bigarren ekintza ‘antzoki berdea’ eraikitzea izango da, herritarrek aire zabaleko kultur jarduerez gozatu ahal izan dezaten, ingurune paregabean. Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren hurrengo kontseiluan onetsiko da proiektu hori aurrera eramateko lanak kontratatzeko dosierra. 71.600 euroko aurrekontua izango du.

Olarizuko etxaldearen mendebaldean dagoen lursailean eraikiko da antzokia. Etxalderaino doan bidea du mugakide lursail horrek ekialdean. Hegoaldean eta mendebaldean, Mendiolara doan bide batek inguratzen du. Gaur egun larre bat dago espazio horretan. Hiri aldera begira egingo dira harmailak. Batzuetan eserlekuak jarriko dira, eta eskailerak ere izango dira.

Jendea belarretan eseri ahal izatea da asmoa, baita etzan ere. Lurra zulatuz eta betelanak eginez eraikiko da antzokia. Guztira, 1.600 metro kubiko lur mugituko da. Olarizu hiribidetik datorren bidetik izango da agertokirako sarbidea.  Bi hilabete iraungo dute lanek.

Gainera, alkateak aurreratu du Adurtzatik gertu dagoen aintzira gurutzatzeko egurrezko pasabidea jartzeko proiektua bukatuta dagoela.

 

Parke berrirako etorkizuneko jarduerak

Aisialdi-lekua da Olarizu, eta erromeriak egiten dira bertan. Gainera, Gasteizko Mendietara eta natur intereseko beste leku batzuetara joateko bidea da. Udalak irudikatutako parke berriak izaera hori areagotuko du, eta hainbat berrikuntza izango ditu, gaur goizean azaldu direnez gain. Horrela, beste jarduera batzuk gehituko zaizkie antzoki berdeari eta ongietorri-zentroari:

 

– Sarbide berria. Adurtzako futbol-zelaien atzealdean, Jauregilanda kalean barrena, aparkaleku txiki bat proiektatu da, parkera sartzeko ere balioko duena.

– Haztegia. Kotxetegi berriak eraiki ondoren, udal haztegia Olarizura aldatzea aurreikusi du Udalak. “Gainera, herritarrek bisitatu ahal izango dute haztegia”, gogorarazi du alkateak.

-‘Hortus conclusus’ edo landare erabilgarrien lorategi berria. Olarizuko baratzeen zati bat dagoen lekuan jarriko da.

 -Landarezko labirintoa. Europako lorategi eta parke botaniko askotan egon ohi den jolasa proiektatu da: 5.000 metro koadro inguruko labirintoa, bi sarrerarekin. Kanpoaldetik ikusi ahalko dira barruan dabiltzan pertsonak, gorago egongo baita.

– Tirolina-eremua. Harrera zentroaren eta labirintoaren ondoan, tirolinak dituen jolas-eremua sortuko da, zuhaitzez zuhaitz “hegan” egiteko. Jolas-, kirol- eta turismo-jarduera izango da, haurrei nahiz helduei zuzendua.

– Jolas naturalizatuak. Natur osagai handiko umeentzako jolasgunea gehitzea da asmoa. “Txikienen artean sorkuntza, irudimena eta askatasuna sustatu nahi ditugu, baita naturaren eta paisaiaren gozamena ere”, alkatearen hitzetan.

– Kafetegia. Etxaldean kafetegi handi bat jartzea ere aurreikusi da proiektuan.

Share